Txapeldunen Liga jokatuta, denboraldi betea izaten ari da hau Bidasoarentzat. Jokalariak partiden zama antzematen ari dira, baina datorren asteburuan ez dute atsedenik nahi. Valladoliden egon nahi dute, Asobal kopa jokatzen. Horretarako, Jacobo Cuetararen taldeak ondo egin beharko ditu bere lanak gaur Navaren kontra, eta asteazkenean Sinfinen kontra; eta Asobal kopan egoteko lehian aurkari zuzenak dituen Ademar Leonen edo Logroñoren hutsegiteen zain egon.
Lau taldek jokatzen dute Asobal kopa. Bartzelona liderrak eta Valladolid antolatzaileak ziurtatua dute parte hartzea, eta Bidasoaren, Ademarren eta Logroñoren arten bi sailkatuko dira. Ademarrek du aukera gehien, bigarren baita sailkapenean 22 punturekin; 20 puntu dituzte, berriz, Logroñok eta Bidasoak. Baina Espainiako taldea hirugarren da, eta Bidasoa laugarren. Elkarren aurka jokatutako partidan Logroño izan zen nagusi: 30-24. Ademarrek Puente Genilen eta Anaitasunarem aurka jokatu behar du; Logroñok, berriz, Valladoliden eta Granollersen kontra.
Ezohiko ordutegi batean jokatuko du gaur Bidasoak: 11:00etan. Nava hamargarren dago sailkapenean, irundarrek dituzten puntuen erdiekin: hamar, hain zuzen. Sailkapenaren erdialdean dago, baina jokatutako hamahiru partidetatik hiru baino ezditu irabazi. Beraz, ezin du lo hartu. Asteazkenean Iruñean galdu zuen, Anaitasunaren kontra: 27-22. Baina etxean talde gogorragoa da.
Azken partidetan gorabeheratsu ibili da Bidasoa, partidetan une txarrak eta onak uztartuz. Baina asteazkenean nagusitasunez irabazi zion Morrazo azken sailkatuari: 32-19. Gaur bide horretatik segitzeko erronka du, datorren asteazkeneko jardunaldira sailkatzeko aukerekin ailegatzeko.
Cuetararen zuhurtzia
Asteazkenean gertatu bezala, Paco Barthek ezingo du jokatu. Ezker albokoak min du sorbaldan, eta litekeena da urtarrileko etenaren ondoren berriz ez aritzea. Aste honetan bertan ohartarazi zuen Cuetarak Nava sasoiko «ezustea» izaten ari dela, eta ez dela erraza izango irabaztea. «Partida ona egin beharko dugu irabazteko». Halaber, zuhurtziaz mintzatu zen. «Partidaz partida joatea izan da beti gure helburua. Lehen itzuliaahalik eta puntu gehienekin amaitu nahi dugu, eta, Asobal kopa jokatzeko aukera badugu, disfrutatzera eta ondo lehiatzera joango gara».
Anaitasunak ere gaur jokatuko du Sin Finen pabiloian (18:00). Iñaki Anizen taldeak azken bi partidak irabazi ditu, eta sasoi honetan estreinakoz bi garaipen kateatu ditu. Bolada horri jarraipena eman nahi dio talde nafarrak, sailkapenaren erdialdean egonkortu, eta beheko postuetatik are gehiago aldentzeko.
Puntuetan berdinduta daude bi taldeak: 11 dituzte. Hori dela eta, partida parekatua espero du Anizek. «Baina denboraldiko garai onenean gaudela baliatu behar dugu». Aurkariak etxean egiten duendefentsako lana nabarmendudu. «Talde oso ona dute: lehen lerroko jokalariak gazteak dira, baina eskarmentua dute. Gainera, jaurtitzaile onak dira. Pibotearekin ere maiz jokatzen dute, eta horri ere etekina ateratzen diote».
Gol gutxiko partida espero du Anizek. «Han jokatzen diren norgehiagokak beti izaten dira horrelakoak. Funtsezkoa izango da gu erasoko jokoan eraginkor aritzea, eta defentsan ere lan on bat egitea».
Aukerei eusteko
Bidasoak irabazi beharra dauka Navaren pabiloian. Irungo taldeak lehia estua du Ademarrekin eta Logroñorekin Asobal kopan egoteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu