Aukerarik eman gabe

Ashleigh Bartyk nagusitasunez irabazi dio Marketa Vondrousovari Roland Garroseko finalean. Fabrice Martinek binakako finala galdu du

Ashleigh Barty irabazlearen garaikurrarekin. JULIEN DE LA ROSA / EFE.
ainara arratibel gascon
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
46 urte geroago, Australiako tenislari bat nagusitu da Roland Garroseko emakumezkoen finalean: Ashleigh Barty. Atzo, nagusitasunez irabazi zion finalean Marketa Vondrousovari: 6-1 eta 6-3. Hala, torneoko laugarren txapelduna da, azken lau aldietan.

Vondrousova setik galdu gabe iritsi zen finalera, baina atzokoan ezinean aritu zen. Finalak 70 minutu eskas iraun zuen; Barty hasieratik gailendu zen, eta ez zion aukerarik eman Vondrousova gazteari —19 urte ditu—. Txapeldunak bere ahalmen fisikoa baliatu zuen irabazteko.

Barty nagusi zen puntuak luzatzen ziren aldiro. Vondrousovak, berriz, eskarmentu falta ordaindu zuen; torneo handi bateko lehen finala jokatu zuen, eta batzuetan urduri eta kontrakarrean antzeman zitzaion, batez ere lehen setean. Bigarrenean, lasaiago aritu zen; zuzenago jokatzen ahalegindu zen, hainbeste pilotakada egon ez zitezen, baina apenas estutu zuen Barty.

Amaieran, hunkituta mintzatu zen txapelduna. «Hasieran oso urduri nengoen, baina gai izan naiz lasaitzeko eta nahi nuen partida jokatzeko. Espero dut hau garaipen handi askoren lehena izatea». Berezia da Bartyren kasua, bi urtez kriketean egon baitzen jokatzen, eta 2016an itzuli zen tenisera.

Fabrice Martin baionarrak,aldiz, galdu egin zuen binakako finala. Jemery Chardyrekin batera aritu zen, eta6-2 eta 7-6 galdu zuten, Kevin Krawietz eta Andreas Mies alemaniarren kontra. Gaurko jokatuko da, aldiz, gizonezkoen bananako finala. Iazko bera izango da: Rafa Nadal-Dominic Thiem. Herenegun, euria tarteko, bertan behera geratu zen Thiemen eta Novak Djokovicen arteko finalerdia. 2-6, 6-3, 1-3 zen aurretik Thiem; ondo bideratua zuen partida austriarrak, baina sufritu egin zuen atzo, azkenean bosgarren setean erabaki baitzen partida, eta biek izan zuten irabazteko aukera. Set erabakigarrian Thiem jarri zen aurretik, 4-1, baina berriro ere euria hasi zuen, eta enegarrenez eten egin zen norgehiagoka. Horrek mesede egin zion Djokovici, eta 5-5 berdintzea lortu zuen; azkenean, ordea, 7-5 irabazi zuen Thiemek. Nadalek hamabigarren aldiz nahi du irabazi torneoa; Thiemek, aldiz, aurrenekoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.