Geldiezina dirudi Elezkano II-Zabaleta bikoteak. Partida bakarra galdu zuten lehen itzulian, eta garaipen batekin hasi dute bigarrena ere: 8-22. Beste zazpi partida geratzen dira oraindik, baina gero eta gertuago dute finalerdietarako sailkatzea. Zailago dute Ezkurdiak eta Ladis Galartzak.
Eibarko Astelena frontoian, hasi eta berehala aurreratu ziren urdinak: 0-5, 1-8... Asmatu ezinda ari ziren Ezkurdia eta Galartza, eta horrek are gehiago animatu zuen Elezkano-Zabaleta bikotea. Atzelaria dejadak egitera animatzeraino.
Zabaleta nagusi zen atzeko koadroetan, eta Elezkanok aurrean baliatu zuen bikotearen lana. Ezker-eskuin mugitu zuen Ezkurdia. Horri defentsa on bat gehituta, gorrien ezintasuna izan zen emaitza. Hala, bigarren atsedenaldi luzerako aldea hamalau tantorena zen: 5-19. Orduan izan ziren gorriak lehen aldiz bi tanto jarraian egiteko gai, baina erreakzio saiakera horrek ez zuen gehiagorako eman. Azken emaitza: 8-22.
Gauzak hala, Elezkano eta Zabaleta sailkapeneko buruan dira, Altuna III-Mariaezkurrena II bikotearekin berdinduta. Ezkurdiak eta Galartzak, berriz, hiru punturekin jarraituko dute, seigarren postuan.
Promozio mailako partidan, Larrazabal-Eskiroz bikoteak 22-21 irabazi zien Arteaga II.ak eta Elizegik osatutakoari.