Omar Fraile eta Amets Txurruka. Caja Ruraleko txirrindulariak

«Aukerak izaten ari gara gu, baina gazteek ilusioa galduko dute pixkanaka»

Dimension Data eta Oricarentzat esker hitzak baino ez dauzkate Omar Frailek eta Amets Txurrukak, baina harrobiarekin gogoratu dira atzerrira pausoa eman berritan. Euskal Herriko txirrindularitza «egoera zailean» dagoela gogoratu dute.

MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
unai zubeldia
Bilbo
2015eko urriaren 20a
00:00
Entzun
Neska-mutiko bihurrien irribarrearekin daude biak. Eta egoteko moduan daude. Caja Ruralen denboraldi on-ona eginda, izarren artera jauzia egingo dute biek 2016an: Orican ariko da Amets Txurruka (Etxebarria, Bizkaia, 1982), eta Dimension Datan Omar Fraile (Santurtzi, Bizkaia, 1990), egungo MTN Qhubekan.

Balorazioen garaia da urria. Zure kasuan, Omar, Euskal Herriko Itzuliko eta Vueltako mendiko maillotak, Apeninoetako Giroa, Dunquerkeko Lau Egunetan etapa bat...

OMAR FRAILE: Zoragarria izan da urtea, nire kirol ibilbideko onena. Fitxaketa honekin errematea emanda, ezin dut gehiago eskatu.

Zure kasuan, Amets, Norvegiako Itzulian etapa bat eta Beauceko Sarian beste bat, Asturiasko Itzulian bigarren, Ordizian hirugarren...

AMETS TXURRUKA: Niretzat ere ona izan da urtea, lesioak kontuan hartuta batez ere. Lepauztaia hautsi nuen urtea hasi eta berehala, baina etekin handia atera diot lehiatu naizen tarteari. Konforme nago lortutakoarekin. Bi garaipen dira, baina baita postu on asko ere; Asturiasko hiru bigarren postuak, esaterako. Irabaziz gero, asko aldatzen da egoera, baina gustura nago egindakoarekin.

Arantzaren bat geratu zaizue barruraino sartuta?

O. F.: Espainiako Erlojupeko Txapelketari begira nengoen ni; ondo ari nintzen prestatzen. Baina lepauztaiak ez zidan utzi lehiatzen. Han egon nahi nuen, baina...

A. T.: Denboraldiaren bigarren zati guztia izan da aldrebesa. Bete-betean prestatu nuen Vuelta, eta urteko lehen zatian baino gusturago nengoen altueran kontzentrazioa eginda. Datuak hobeak ziren, eta Ordizian ondo sentitu nintzen. Baina Getxon erori, eta saihets bat pitzatu zitzaidan. Minez ibili nintzen Donostiako Klasikoan, eta Vueltan ezin izan nintzen ondo aritu.

Nola iritsi ziren MTN Qhubeka eta Oricaren eskaintzak?

O. F.: Nire kasuan, ordezkariak kudeatzen ditu kontu horiek. Vueltan deitu zidaten, eta ez nuen askorik pentsatu. Bi urterako kontratua sinatu dut.

A. T.: Urtebeteko kontratua sinatu dut nik, baina euren filosofia da pertsona ezagutzea, eta gero kontratua luzatzea. Ondo ezagutzen nau Neilek, eta ez dut uste arazorik egongo denik. Denboraldiaren erdi aldera hasi ginen hizketan. Beste aukera bat ere baneukan, eta Neilek berak ere bazekien, baina erabakigarria izan zen haren dei bat. Euskaraz deitu zidan, zenbaki arraro batetik, «kaixo, zer moduz» esanez. «Neil naiz, eta hau eta beste». Bazekiela eurekin hizketan nenbilela, baina zuzenean azaldu nahi zidala euren proiektua... Konfiantza handia eman zidan, eta ez nuen izan zalantzarik.

Zer nahi dute zuek fitxatuta?

A. T.: Nire lehiatzeko modua eta maila asko gustatzen zaizkiola esan zidan Neilek, baina, batez ere, pertsona gisa nolakoa naizen. Ezagutzen nauen jende askori galdetu omen dio nolakoa naizen, eta argi omen zeukan bere proiektuan nahi ninduela. Kirol arloan orain artean bezala lehiatzen jarraitzeko eskatuko didate, nire izaerari eusteko, eta gazteei babesa emateko. Mendirako ez daukate txirrindulari askorik, eta Chaves eta Yates anaiekin itzuli handiei begira jarriko dira; eurak babestea izango da nire lana.

O. F.: World Tourrean sartu nahiz kanpoan gelditu, egitura handia osatzen ari dira. Taldea bitan banatuko dutela uste dut: esprinterrak alde batetik, eta igotzaileak bestetik. Astebeteko itzulietan sailkapen nagusiko lehian sar naitekeela uste dute. Probatu egin nahi dute desberdin entrenatuta ea gai naizen sendoago ibiltzeko. Meintjes joan egin da, eta alternatiba horren bila dabiltza. Mendian aurrean egotea eskatu didate, eta sailkapen nagusiko txirrindulari garrantzitsuetako bat izateko. Erronka polita da niretzat.

Barloworld, Euskaltel, Caja Rural... Eta, bat-batean, 33 urte betetzear zaudenean, Oricaren deia. Ezustean hartu zaitu?

A. T.: Ez... Urtero ibili naiz hizketan beste talde batzuekin, eta, neure mailari eutsita, beti izan dut aukeraren bat. Baina egia da 2-3 urte neramatzala Caja Ruralen, adinean ere aurrera nindoan... Bertan geldituko nintzela pentsatu nuen, baina aukera hau sortu zenean, eta hain eskaintza segurua egin zidatenean, ez nuen izan zalantzarik.

Ilusioa, errespetua, beldurra... Zer sentitzen duzu une honetan?

A. T.: Ilusioa. Konfiantza handia eman didate, eta lasaitu egiten nau horrek. Urte asko igaro dira, eta bi aldeok badakigu zer eman dezakedan.

Zure kasuan, Omar, exotikotik asko dauka abentura berriak.

O. F.: Harrobiarekin lan ona egiten ari dira, Hegoafrikako oinarri horri eutsi nahi diote, eta uste dut 12-13 txirrindulariri berritu dietela kontratua. Europako beste hainbat txirrindulari ere bagaude proiektuan, eta polita izango da. Ilusioz gainezka nago.

Zerbaiti beldurrik edo errespeturik badiozu?

O. F.: Ez... Gogo izugarria daukat. Hemen ez dago talde askorik, eta beti eduki izan dut gogoa atzerrira joateko; beste hizkuntza bat ikasi, beste inguru batera egokitu... Abentura zalea naiz, eta aukera ona daukat beste gauza batzuk deskubritzeko, beste kultura eta txirrindularitza bat barneratzeko.

Hasi zarete hizketan egutegien inguruan?

O. F.: Nire kasuan, ez, oraindik ez dakitelako World Tourrean egongo garen edo ez.

A. T.: Neilek pentsatuta dauka dena. Egutegiari begira hasi eta Euskal Herriko Itzulia ez zidala jarri konturatu zela esan zidan, eta hori aldatu beharra zeukala. Baina ez naiz hasi galdezka.

O. F.: World Tourrean egon edo ez, taldeak ziurtatuta dauzka Tourra eta Vuelta, eta nork daki, Tourra ezagutzeko aukera izango dut, agian; ilusio horixe izaten du txirrindulari orok. Itzuli handi batean lehiatuko naizela hitzeman didate, baina ez dakit zein.

A. T.: Gu hiru handietan lehiatuko gara, baina Giroak erakartzen nau gehien. Behin bakarrik lehiatu naiz, eta asko gustatu zitzaidan. Tourrarekin maitasun-gorroto harremana daukat; dena eman dit, baina asko kendu dit. Baina itzuli behar badut, itzuliko naiz.

Down Under itzuliarekin, Amets, zuk ezagutzen duzu Australia...

A. T.: Bai... Eta Hegoafrika ere bai [barrez]. Barloworlden ekin nion profesionaletako bideari, eta zer edo zer ezagutzen dut.

O. F.: Nik ez dut askorik ezagutzen Hegoafrika. Gabonen egon nintzen orain bi urte, Amissa Bongo proban, eta esperientzia berria izan zen. Herrialde desberdinak dira erabat, eta polita izango da Europatik pixka bat ateratzea. Oso erosoa da Europan ibiltzea, eta bertatik ateratzean asko aldatzen dira gauzak. Hegoafrikan garatuen dagoen ingurua izango da gurea, eta kontzentrazio bat egingo dugu han. Baina taldeak Italian dauka egoitza nagusia, Lucan.

A. T.: Oricak ere Italian dauka egoitza, Milan ondoan, eta Mapeiren gunea erabiltzen dute teknologia arloan probak egiteko. Australian ere badaukate egoitza bat, baina ez dakit hara joango naizen. 2007an Euskaltelekin izan nintzen, eta asko gustatu zitzaidan. Munduaren beste puntan zaudela pentsatze hutsa... Gustura joango nintzateke berriz, baina auskalo!

Argi dago abenturazaleak zaretela biok...

O. F.: Uste dut txirrindulari guztioi gustatzen zaigula bidaiatzea. Bestela ia ezinezkoa litzateke egunerokoa barneratzea. Pentsa, urtean 150-200 egun igarotzen ditugu etxetik kanpo.

A. T.: Niri beti gustatu izan zait atzerrira joatea. Ikasten ari nintzela, jada, Italiara joan nintzen Erasmus bekarekin, eta beti erakarri izan nau beste kultura batzuk eta jendea ezagutzeak, eurekin egunerokoa partekatzeak...

Pedalei bakarrik ez, ingelesari ere eragin beharko diozue...

O. F.: Ikasten hasi naiz, beharra ere badaukat eta! Sorterriko irakasle bat ari zait eskolak ematen, ahaztuta daukadan guztia berreskuratzeko. Umetatik ingelesa ondo ikasteko ilusioa eduki izan dut beti, eta ea bi urteotan lortzen dudan ondo hitz egitea. Nire ikastetxean ez zioten ematen garrantzi handirik ingelesari, eta dezenteko damua daukat orain.

A. T.: Eskolan ikasitakoa, eta tropelean egiten dena, eta... Ulertzeko lain badakigu, baina ikasi behar dudala eta ikasi behar dudala ibiltzen naiz urtero, nahiz eta inoiz ez dudan ematen pausoa. Derrigor ikasi beharko dugu orain [barrez]. Eskolekin hasita nago, taldearentzat garrantzitsua delako. Asko daukagu hobetzeko.

Euskal zaleen babes handia jaso duzue Caja Ruralen. Atzerriko bi taldetara joanda, zer espero duzue orain?

A. T.: Euskal zaleek beti babesten dute txirrindularia, bai gu eta bai atzerritarrak. Tropelean txirrindulari askok esan izan dit harrituta geratzen direla aurrean doazen txirrindulariak bakarrik ez, atzekoak ere nola animatzen dituzten ikusita. Azken taldetxoan doazen txirrindulariak animatu eta ezagutu egiten dituztela goratzen dute denek, ikusgarria dela. Gogoan daukat iaz Michael Matthews nola ibili zen Euskal Herriko Itzulian, Arraten gora, ikuskizuna emanez. Gure kasuan berdin jarraituko dutela iruditzen zait.

O. F.: Euskal zaleek txirrindulari guztiak animatzen dituzte, baina beti gogoratzen dira etxekoekin ere. Beste kolore batzuk izanda ere, berdin-berdin animatuko gaituztela uste dut. Haimar [Zubeldia], Markel [Irizar], Skykoak... Adibide asko daude. Ez da izango inolako arazorik.

Mezuren bat badaukazue zaleentzat?

O. F.: Eskerrik asko, bene-benetan.

A. T.: Eta jarrai dezatela orain artean bezala.

O. F.: Euskal Herriko Itzulian bizi izan nuena... Ez dago hitzez azaltzerik.

Zaleetatik taldeetara jauzia eginda, Euskal Herrian zein egoeratan dago txirrindularitza?

O. F.: Hondoratuta. Taldeak behar ditugu. Harrobi ikaragarria daukagu, zaleak ere badaude, baina... Txirrindulari gazte askorekin entrenatzen naiz; gaitasun handia daukate denek, eta pena ematen du horientzat irtenbiderik ez egoteak. Gero eta gutxiagok daukagu profesionaletarako aukera, baina ea Muriasek lortzen duen Kontinental Profesional mailara igotzea. Eta Kontinental mailan bada ere, jarrai dezala aurrera.

A. T.: Skyn bost euskal herritar elkartuko dira, Treken ere badaude bi... Polita da hori, baina zaila da horra iristea. Euskal Herria, bere txikitasunean, hamargarren legoke World Tourrean, taldeka. Gazteak hor daude, baina aukerarik eman ezean... Sky, Orica, MTN... Aukerak izaten ari gara gu, baina gazteek pauso hori emateko aukerarik ez badaukate, ilusioa galduko dute pixkanaka; sakrifizioa egiteko indarra galduko dute, eta asko eta asko bidean geratuko dira.

O. F.: Oso zaila da amateur mailatik puntako talde horietako batera jauzia egitea; tarteko pauso hori behar da atzerriko talderen baten interesa pizteko. Kontinental edo Kontinental Profesional mailako talderik ezean, oso zaila da aurrera egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.