Futbola

«Aukera honetaz gozatu nahi dut»

Esloveniako Celje futbol taldearen analista da Ruben Berrogi iruindarra. Aurretik, Osasunan aritu zen lan horretan, sei denboraldiz. «Asko» ikasten ari da aldi honetan.

Ruben Berrogi. IÑIGO URIZ / FOKU
Ruben Berrogi Esloveniako Celje futbol taldeko analista, Atarrabian. IÑIGO URIZ / FOKU
Iñaki Berastegi.
Atarrabia
2024ko irailaren 13a
05:10
Entzun

Azken bi hilabeteak eromen hutsa izan dira Ruben Berrogirentzat (Iruñea, 1979). Osasunako analista izandakoak eszedentzia eskatu zuen klubean, eta uztailaren 8an Bordelera (Okzitania) bidaiatu zuen Albert Riera entrenatzailearen analista izateko Frantziako Bigarren Mailako Girondins talde historikoan. Baina, denboraldiaurrean zeudela, jakinarazi zieten kluba Hirugarren Mailara jaitsi zutela zorrengatik. «Fenway Sports Group AEBetako enpresa multzoak, Liverpoolen jabeak, hitzartuta zeukan klubaren erosketa. Baina, Gironan denboraldiaurreko egonaldia egiten ari ginela, jakin genuen erosketa ez zela gauzatu. Bordelera itzuli, eta esan ziguten klubeko kontratu guztiak eten behar zirela. Azkenean, Frantziako Laugarren Mailan ari da lehiatzen taldea».

Horiek horrela, Rierak Esloveniako Celjeren, hau da, bere talde izandakoaren eskaintza jaso zuen berehala lanean hasteko. «Uztailaren 26an Girondisekin genuen kontratua eten, eta biharamunean jaso genuen Celjeren eskaintza. Handik lau egunera, Txapeldunen Ligako atariko kanporaketaren itzulerako neurketa jokatu genuen, Bratislavako Slovanen aurka».

Celje Esloveniako talderik garrantzitsuenetako bat da, baina historikoki handiagoak eta indartsuagoak izan dira Maribor eta Ljubljanako Olimpia. «Celjek bi aldiz irabazi du Liga, eta behin baino ez Kopa. Sasoi honetan, klubaren historian aurrenekoz, Konferentzia ligarako sailkatzea zen helburu nagusia. Lortu dugu, eta, orain, liga bigarrenez jarraian irabaztea da erronka. Celje Lizarraren [Nafarroa] antzeko hiri bat da, lasaia. Eslovenia ederra da, bizitzeko ona. Ligak, ordea, maila apala du, futbola ez baita herrialdeko kirol nagusia».

Selekzioen partidek behartutako etenaldia aprobetxatu du Berrogik etxera itzuli eta emaztearekin eta alabekin berriro egun batzuk egoteko. «Bordelera joatea aldaketa handia zen niretzat, baina are aldaketa handiagoa izan da bat-batean Esloveniara lekualdatzea. Uste nuen baino gehiago nabaritzen ari naiz etxekoen falta, nahiz eta aste hauetan ia astirik ez dudan izan horretan pentsatzeko».

«Jagobak ez zuela jarraituko jakinarazi zigunekoa izan zen Osasunan egindako sei denboraldi horietako momenturik gogorrena»

RUBEN BERROGICelje futbol taldeko analista

Osasunaren harrobiko taldeetako entrenatzaile izan ostean, hainbat taldetako entrenatzailea izan zen Berrogi, harik eta 2018an Osasunara itzuli zen arte. «Angel Alcaldek deitu ninduen sasoi erdian, analisi sail bat sortu nahi zuelako. Denboraldi hori amaitutakoan, Diego Martinezek Osasuna utzi zuen, eta, lehen taldeko analista berak ekarri zuenez, postu horretarako inor gabe geratu zen kluba. Beraz, Jagoba [Arrasate] etorri zenean, klubeko agintariek esan zioten ni nintzela esparru horretan klub barruan lanean ziharduen bakarra, eta Jagobak lehen taldeko analista izatea proposatu zidan».

Jagoba Arrasaterekin, «errazagoa»

Uste du «zorteko» izan dela lehen taldeko analista gisa lan egin duen sei denboraldietan: «Sei urte horietan, gauza bikainak bizi izan ditut. Jagobarekin lan egitea errazagoa da Albertekin lan egitea baino. Entrenatzeko bi modu desberdin dira, eta analistari egiten dizkioten eskaeretan ere alde handia dago. Esaterako, Jagobari ez nion bideorik ematen partidetako atsedenaldian, eta Alberti, aldiz, bai. Jagobak nahiago izaten du berak ikusi duen horri garrantzia eman». Rieraren bigarren entrenatzaileak, Pablo Ramon Arteta nafarrak, eman zion entrenatzaile kataluniarrari Berrogiren berri, duela bi uda.

Zalantza izan bazuen ere Arrasatek klubean ez jarraitzea erabaki zuenean, Berrogik pentsatu zuen aldatzeko beharra zuela. «Jagobak ez zuela jarraituko jakinarazi zuenekoa izan zen sei denboraldi horietako momenturik gogorrena, hamahiru partida irabazi gabe egin genuen garaia baino zailagoa. Hainbat hedabidek argitaratu zuten klubeko zuzendari nagusiak kaleratu egingo ninduela, baina, harekin eta kirol zuzendariarekin hitz egin ostean, esan zidaten hori ez zela horrela. Edonola, ez nengoen jarraitzeko erabat konbentzituta; beraz, eszedentzia eskatu, eta onartu egin zidaten».

Bi hilabetez eroen pare ibili eta gero, patxada handiagoz lan egiteko aukera dauka orain. «Esloveniako Liga lau itzulitara jokatzeak eta herrialdeko distantziak txikiak izateak asko errazten dit lana. Asko ikasten ari naiz, eta apirilean edo maiatzean erabakiko dut zer egin nahi dudan. Aukera honetaz gozatu nahi dut orain».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.