Arrauna. Iñaki Errasti. Ondarroako entrenatzailea

«Aukera handia dugu sailkatzeko»

Kontxako Banderan 1996an aritu zen azkenekoz Ondarroa, eta iaz 2,66 segundogatik geratu zen kanpoan. Iñaki Errasti arraunlari eta entrenatzaileak konfiantza du urteko helburua beteko dutela bihar.

Aitor Manterola Garate.
<i>Aginaga</i>
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Aginagako (Gipuzkoa) pilotalekuan, ume bat ari da pilotan jokatzen. «Semea da», esan du Iñaki Errastik (Aginaga, 1979). Elkarrizketa bukatutakoan, semearekin jokatzen hasi da Ondarroako arraunlari eta entrenatzailea.

Badator osteguna eta Kontxako Banderako sailkatze estropada.

Bai, aste berezian gaude. Urteko estropada eta gure helburu garrantzitsuena da, eta uste dut sasoi onean iritsi garela, lanak ondo egin ditugulako. Gogo handiarekin gaude, eta ea ez dugun zorte txarrik izaten, sailkatzeko aukerari eusteko.

Urteko zuen helburu moduan definitu duzu biharkoa, eta horrek esan nahi du prestakuntza eta plangintza osoa Kontxan sartzeko egin duzuela?

Helburu nagusia zen iazko emaitzak eta postua hobetzea, eta trainerua iaz baino azkarrago ibiltzea. Lortuz gero, gustura egongo ginen, eta bete dugu asmoa, iaz baino hobeto ari gara-eta, batez ere uztail amaieran eta abuztuan. Azkenaldian, estropada onak egin ditugu, eta antzeman da gora egin dugula.

Azkeneko estropada onak ez dira, beraz, zerutik eroritakoak.

Ez. Denboraldi hasieran sasoi betean egoteko ez genuen ezer berezirik egin. Bagenekien estropadek emango zigutela sasoi onena. Gainera, ligan, estropadaz estropada aldaketa asko egin ditugu, zazpi edo zortzi, eta hor ikusi da gure planteamendua zein izan den. Hasieran ez zigun emaitzetan alderik eman, baina, arraunlariak estropadak jokatuz joan diren heinean, ondo heldu gara garai honetara. Plangintzarekin oso gustura gaude, eta bide ona egin dugu.

Bihar errematatu behar duzue, dena biribila izateko.

Bai. Azkenean, aurten garbi dago aukera handia dugula sailkatzeko, baina ez da erraza izango. Bihar bertan egin behar dugu lan ona, jakinik bigarren aukerarik ez dugula izango. Taldea ondo dago, eta maila ona emango du. Irabazi nahi digunak oso ondo egin beharko ditu gauzak.

Garbi samar dago zuen onena ematen baduzue barruan izango zaretela, ezta?

Berez, bai, baina igande honetan bederatzigarren izan ginen Boiron, ligako estropadan, eta, Donostiarra kontatu gabe —sailkatua baitago Kontxarako—, zortzigarren izango ginateke bihar. Arraunlariei esan nahi diet ezin dutela lo hartu, ez lasaitzeko, bestela arriskua dugu-eta kanpoan geratzeko.

Zer da arriskutsuena biharko estropadan?

Nerbioak menderatzea. Baina lasai nago alde horretatik, iazko sailkatze estropadan erakutsi zidatelako arraunlariek horretarako gai direla. Ez zuten arretarik galdu. Asko gazteak dira, baina urtebete gehiagorekin eta iazko esperientzia bizi ondoren, eginagoak daudela uste dut. Beteranoak ere badaude traineruan, eta horrek oraindik eta konfiantza handiagoa ematen digu.

Iazkoa gogorra izan zen, 2,66 segundogatik kanpoan geratu baitzineten. Arantza hori atera nahia ere izango da nahiko motibagarri, ezta?

Barru-barruan daukate, bai, nahiz eta gustura geratu ginen egindako lanarekin. Emaitza izan zen gogorra, eta ea amorru hori era onean ateratzen dugun.

Udan aldaketak egiten ibili arren, garbi duzu biharko hamalaukoa?

Garbi daukat, eta atzo esan nien arraunlariei. Oso zail jarri didate, hogei arraunlari eta bi patroi oso on baitauzkat. Denak aritu dira oso ondo, den-dena eman dute, taldean oso sartuta egon dira, eta denek erakutsi didate emaitza onak lortzeko gai izan direla. Gertatu izan zaigu egun batean kanpoan boskote bat utzi, hurrengo egunean bost horiek sartu eta urteko estropadarik onena egitea. Ona da entrenatzaileari biharko aukeraketa zail jartzea, eta normala ere bai gure buruhausteak izatea. Bihar aterako den Ondarroa ez da izango talde titularra, uda osoan ez baitugu titularrik eta ordezkorik izan. Badira estropada gehiago jokatu dituztenak, baina ez da izan besteak eskasagoak direlako, unean-unean haien beharra nuelako baizik, trainerua orekatzeko, adibidez. Postu batzuetan ezin izan ditut horregatik aldaketa guztiak egin, baina estropada asko denek jokatu dituzte. Bihar kanpoan denak aukera izan dezake igandean arraun egiteko, aldaketaren bat edo beste egingo dut-eta igande honetan, eta baita bigarrenean ere. Hala ere, esan nien atzo arraunlariei ez dudala igandeetako kontuez hitz egin nahi, ez garelako sailkatu oraindik, eta nahiko lan izango dugulako bihar.

Sailkatuz gero, ligako planteamenduarekin jarraituko duzu, orduan; hots, aldaketak egingo dituzu.

Bai. Zenbat egingo ditudan ez dakit, baina egingo ditut.

Arraunean izango zara bihar?

Bai.

Jon Iriondo istriborretik eta zu ababorretik. Edozein beldurtzeko modukoa, eta esperientzia aldetik ere laguntza ona taldearentzat.

Zerbaitetarako balio izaten du esperientziak, eta arraunlariak ziurtasun handiagoarekin joaten dira traineruan. Ahal dena emango dugu bihar ere gure partetik. Adinean aurrera goaz, baina sasoiko gaude, bestela ez baikinateke barruan egongo.

Biharko zazpi sailkatuen izenak esateko moduan zaude?

Eusko Label ligako lehen zazpiak.

Entrenatzaile moduan laugarren urtea duzu, eta Kontxan sartzea handia litzateke, ezta?

Bai. Gustatzen zaidana egiten ari naiz, eta emaitzak onak dira. Oso pozik nabil Ondarroan, talde zoragarria daukat, pertsona moduan ere sanoak dira, eta, horrela, urtea erraz joaten da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.