Eider Merino. Movistarreko txirrindularia

«Atzo gozatzeko eguna izan zen; gaur hasiko naiz serio entrenatzen»

Hirugarren denboraldia du Movistarren Eider Merinok. Asmo politak zituen, baina koronabirusaren krisiak airean jarri ditu. Dena den, denbora honetan ez ditu motibazioa eta ilusioa galdu.

MOVISTAR.
ainara arratibel gascon
2020ko maiatzaren 5a
00:00
Entzun

Ia bi hilabeteko konfinamenduaren ostean, atzo irten zen berriro ere errepidera Eider Merino Movistarreko txirrindularia (Balmaseda, Bizkaia, 1994). «Ez nuen etxera bueltatu nahi». Lau ordu eta erdiko saioa egin zuen.

 

[Youtube]https://youtu.be/Ve4Hw7EccBs[/Youtube]

Nola joan da lehen entrenamendua?

Igandean jada hartu nuen mendiko bizikleta Balmasedatik buelta bat egiteko. Baina ederra izan da berriro ere errepidean ibiltzeko askatasuna sentitzea. Gozatzeko eguna izan da, eta bihar [gaur] hasiko naiz taldeak bidalitako entrenamendua serio egiten. Zuzendariak eta prestatzaile fisikoak berak esan zidaten lehen eguna gozatzeko eguna zela.

Nondik nora izan da entrenamendua?

Gutxiago egiteko asmoa nuen, baina hain nengoen gustura, ezen lau ordu eta erdi inguruko saioa egin dudan, 140 bat kilometro. Ez nuen etxera itzultzeko gogorik. Normalean egin ohi dudan ibilbidea aldatu behar izan dut. Kantabria aldera joateko ohitura izaten dut, eta, debekatua dagoenez, Muskiz eta Zierbena aldera joan behar izan dut Bizkaitik ez irteteko. Hasieran, uste nuen primeran nindoala, baina gero hankek igarri dute bi hilabeteko geldialdi hau.

Arrabola albo batera uzteko irrikaz egongo zinen, ezta?

Zalantzarik gabe. Txirrindularitza aire librean egiten den kirola da, eta guri gustatzen zaiguna airea aurpegian sentitzea da. Gela batean sartuta, arrabolaren gainean pedalei eragiteak ez du zerikusirik. Ez aipatutakoagatik bakarrik, baita motibazioa bilatzea zailagoa egiten delako ere. Egun askotan sinestezina egin zait. Euri asko egin duen egunetan ere gogoa nuen ateratzeko; eta, zer esanik ez, ona egin duenean. Egun hauetan are gehiago konturatu naiz zenbat maite dudan kirol hau.

Zu pertsona bizia zara, zer moduz konfinamenduan?

Hasieran egun gutxiko kontua izango zela zirudien, baina denbora asko pasatu da. Psikologikoki gorabehera askorekin. Egun batzuetan oso pozik egon naiz, eta beste batzuetan ezertarako gogorik gabe. Izan ere, nik mugimendua behar dut. Asko kostatzen zait ezer egin gabe egotea, eta erosketak egitera bakarrik ateratzea gogorra izan da. Gainera, nahiz eta gure egutegia oso luzea ez izan, lasterketak eta egonaldiak direla, ohituta nago etxetik kanpo denbora asko egiten. Aspaldi ez nuela hemen hainbeste denbora pasatzen. Asko lagundu dit mandalak margotzeak eta kozinatzea. Horrekin deskonektatzen dut. Margotzea txikitatik gustatu izan zait; kozinatu, berriz, hozkailuan nituen osagaiak begiratu, Interneten jarri, eta egin nitzakeen plateren artean bat aukeratzen nuen. Nire terapiarik onena izan dira

Nazioarteko Txirrindularitza Batasunak gaur iragarriko du egutegi berria. Orain arte gizonezkoenaz baino ez ditu eman zertzelada batzuk. Zer pasatuko da emakumezkoenarekin?

Hor ere ikusten da gizonezkoen eta emakumezkoen txirrindularitzaren artean dagoen aldea. Orain arte ez dugu ezer jakin, eta gaur zer pasatuko den ez dakigu. Ditugun berriak bertan behera geratu diren probenak dira, eta gure egutegia maiatzaren 15a baino lehen jakingo dela. Ziurrenik gure lasterketetatik jokatzeko aukera gehien dutenak gizonezkoen proba ere badutenak dira. Azken batean azpiegitura bera erabiltzen dutelako. Pena da Donostiako Klasikoa bertan behera geratu izana, Bira ez antolatuta, hori baitzen Euskal Herrian jokatzen zen proba nagusia guretzat.

Eta egutegirik gabe, nola hasi prestaketa?

Oso zaila izango da, kirolariok helburu batekin egiten dugulako lan: hori da gure motibazioa. Baina hori niretzat ezin da aitzakia izan, denok berdin gaudelako. Datozen asteetan helburua izango da berriro ere sasoia hartzea, hanketako eta giharretako freskura hori. Izan ere, ia bi hilabeteko etena egin eta gero, abenduan bezala gaude. Bigarren denboraldi-aurre bat egitea bezala izango da, eta guretzat hori izango da gogorrena.

Zein zentzutan?

Fisikoki eta mentalki. Kontuan izan denboraldi-aurreak beti direla gogorrak; behintzat, sasoia hartu arte. Psikologikoki, berriz, denboraldi-aurreak gustura hartzen dituzu. Oporretatik zatoz, bizikleta hilabete inguru hartu gabe izanik, eta gogoz zaude berriz lanean hasteko. Kasu honetan ez da halakorik gertatu. Etxean segitu dugu entrenatzen, hain gustuko ez dugun modu batean. Denboraldi hau garaiz amaituz gero eta, ohi bezala, hurrengoa otsailean hasi, urte berean hiru denboraldi-aurre egin ditzakegu, pentsa.

Zein ziren zure asmoak denboraldi honetan?

Emakumeen txirrindularitzako egutegia berez da motza, eta nirea are gehiago. Nire ezaugarri fisikoak tarteko, igoerak dituzten lasterketak dira niretzat aproposak. Beraz, denboraldi hasierako klasikoetan ez dut normalean parte hartzen. Niretzat proba garrantzitsuena, Emakumeen Birarekin batera, Italiako Giroa izan da beti. Baina ikusiko dugu horrekin ere zer gertatzen den. Izan ere, ez da gizonezkoarekin batera jokatzen, eta, beraz, zailagoa izan daiteke antolatzea.

Eta hain proba gutxirekin nola moldatuko zarete taldeak?

Hori da izango dugun beste arazo bat. Gure lasterketetan talde bakoitzak bost edo sei txirrindulari baino ez ditu eramaten, eta, kopuru hori handitzen ez badute, arriskua dago hainbat txirrindularik lehiatzeko ia aukerarik ez izatea, eta urte galdu bat izatea. Izan ere, txirrindulari batek lehiatzen hobetzen du.

Zer aldatu da Lointek Gernikako Eider Merinotik Movistarrekora?

Izaeraz betiko pertsona naiz, eta hori da inportanteena. Kirol ikuspegitik, berriz, aldaketarik handiena izan zen ikasketak uztea eta bete-betean profesional izateko apustua egitea; orduan Lointekek nengoen oraindik. Geroztik, denboraldiz denboraldi txirrindulariago sentituz joan naiz, eta, Movistarren nagoenetik, horretan urratsak egiten segitu dut. Tropel barruan ziurrago eta konfiantza handiagoz sentitzen dut neure burua. Sasoiak aurrera doaz, eta gehiago errespetatzen naute. Hori inportantea da. Bestalde, argi dago Movistar bezalako talde batean egonda ezagunagoa naizela. Horretan, oraindik ere, zerikusia du gizonezkoen taldea ere badugula.

Espero zenuen bilakaera izan duzu?

Lehenengo urtean bai. Baina iaz, beharbada, ez nuen espero nuen bezainbesteko saltoa eman. Arantza hori neukan.

Denboraldi hau garrantzitsua zen zuretzat goi maila horretan finkatzeko?

Bai denboraldi hau inportantea zen; lehen egunetan ez nintzen ondo sentitu, eta hemendik aurrera ikusiko dugu zer pasatzen den. Arriskua da, aipatu bezala, urte hau hain proba gutxirekin urte galdu bat izatea. Baina lanean segitzea baino ez zait geratzen, eta dudan motibazioarekin urratsak egiten segitzea.

Ane Santestebanek duela gutxi zioen horretarako falta zitzaiona zela etapak irabaztea World Tourrean. Zuri ere?

Oso zaila da maila honetan irabaztea. Askotan ez da nahikoa sasoi onean egotea, zortea ere alde izan behar duzu, eta etapetan erabakiak ondo hartzen jakin. Gauza askok egin behar dute bat, eta egun berean egitea. Baina argi dago hori falta zaidala. Izan ere, lehen hamarren artean geratzea World Tourreko lasterketa edo etapa batean oso ondo dago; eta zure palmaresean hor geratuko da. Baina denbora pasatu ahala, zu baino ez zara akordatuko horrekin. Jendea lehen sailkatuarekin baino ez da gogoratzen. Dena den, bai Anek eta bai nik lortu dugu hainbat lasterketatan lehen hamarren artean geratzea, eta horri ere balioa ematen diot nik, erregulartasunaren seinale ere badelako, eta txirrindulari batentzat hori ere inportantea da.

Zer falta zaizu etapak irabazteko?

Gauza asko, baina batez ere neure buruan eta indarretan gehiago sinestea. Txirrindulari oldarkor eta bizia naiz, baina azken urrats hori egitea falta zait, edozeini irabazteko kapaza naizela argi izateko.

Zein itxura hartzen zenion denboraldiari?

Olinpiar Jokoen urtea zen, eta sasoi horiek beti izaten dira arraroak. Izan ere, txirrindularietako asko horri begira daude; beraz, sasoi hasiera lasai hartzen dute, Jokoetarako onenean iristeko. Hori gerturatu ahala joaten dira gogortuz lasterketak. Beraz, ezusteak emateko aukera gehiago dago.

Aukera ikusten duzu datorren urtean Tokion egoteko?

Jakitun naiz aukerak oso txikiak direla. Bi leku daude, eta duten maila eta errepidean erakutsi dutena kontuan hartuta, ezusterik ezean, Anek eta Mavi Garciak egon beharko lukete Tokion. Baina urte guztiak ez dira berdinak, eta gure kirolean edozer gerta daiteke. Beraz, lanean segituko dut, prest egoteko aukeraren bat egonez gero.

Nola eragingo dio krisi honek emakumeen txirrindularitzari?

Argi dago ez diola mesederik egingo. Baina ez bakarrik emakumezkoen txirrindularitzari, gizonezkoenari ere ez dio on egingo. Berriki jakin da Katuxa, agian, ez dela datorren denboraldian errepidean izango, haren bi babesle nagusiak oso egoera zailean geratu baitira krisi honen erruz. Ez da izango, gainera, egoera horretan izango den talde bakarra, ziurrenik. Hori gizonezkoen talde baten babesa duen talde bati gertatzen bazaio, pentsa soilik emakumezkoen taldea izanez gero, baliabideak gutxiago direla eta babesleak topatzea zailagoa dela kontuan hartuta.

Movistarren zein da egoera?

Une oro esan digute ez dela arazorik izango, eta buruan izan behar dugula bai fisikoki eta bai psikologikoki prest egotea.

Harrobian dauden neskei nola eragin diezaieke honek?

Argi dago ez dela ona. Baina nik uste dut alde baikorretik begiratu behar dela. Askotan ikasketak eta txirrindularitza uztartzea gogorra da, esperientziaz diot. Beraz, lasaiago ibil daitezke. Gainera, aurrekontuak estutu behar badituzte, beharbada, harrobiaren alde egin beharko dute talde askok, eta behetik jende gehiago igo daiteke.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.