Aurrelariek itxiturak jarri dizkiote buruz burukoari, eta atzelariak sartu ezinda daude aspaldian. Hemezortzi urte pasatu dira jada atzelari batek banakako txapela irabazi zuen azkeneko alditik. Patxi Ruiz izan zen azkena, 2003an, finalean Aimar Olaizolari nagusituta. Aurreko bi txapelak ere atzelariek jantzi zituzten: 2001ekoa, Ruben Belokik, eta 2002koa, Abel Barriolak. Leitzarrak beste bi final jokatu zituen gero, 2007an eta 2008an, baina biak galdu zituen, Olaizola II.aren eta Oinatz Bengoetxearen aurka, hurrenez hurren. Ordutik, atzelari bakar bat ez da iritsi finalera. Beñat Rezusta egon da gertuen, 2017an, baina finalerdietan galdu zuen Iker Irribarriaren aurka.
Hain zuzen, Rezusta izan da azkeneko urteetan buruz burukoan gehien aritu den atzelaria. Betidanik izan du oso gustuko. Txapel bat baino gehiago irabazitakoa da afizionatuetan, baita profesionaletan ere: 2014an, debutatu eta urtebetera, Promozio Mailan nagusitu zen. Ordutik, urtero aritu da maila nagusian. Hamar partida jokatu ditu: lau irabazi ditu, eta sei galdu; azken hirurak. Izan ere, azken hiru aldietan galdu egin du lehen lehia: duela hiru urte, Olaizola II.aren aurka, final-laurdenetan; duela bi urte, Peio Etxeberriaren aurka, final-zortzirenetan; eta iaz, berriz ere pilotari beraren kontra, Asperen atarikoan. Bolada txarra eten nahi du. Horretarako, espezialista bati irabazi beharko dio final-zortzirenetan: Bengoetxea VI.ari, igandean, Bilbon.
Bergararra atzelari bakarra izan da azkeneko bi ekitaldietan, baina oraingoan, postukide bat animatu zaio: Jose Javier Zabaleta. Etxarrendarra buruz buru ariko da, azken bi urteetan banakakoa pasatzen utzi eta gero. Bosgarren aldiz hartuko du parte maila nagusian —2012an, finalerdiak jokatu zituen Promozio Mailan—. Hirutan galdu du lehen neurketan: 2013an, final-zortzirenetan, Jon Jaunarenaren aurka; 2017an, final-hamaseirenetan, Aitor Mendizabalen kontra; eta 2018an, berriro final-hamaseirenetan, Jon Ander Albisuren aurka. 2014an egin zuen lanik onena: final-laurdenetara iritsi zen, baina min hartu zuen Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatu aurretik. Sei partida jokatu ditu: bi irabazi ditu, eta lau galdu. Aspalditik duen sasoi ikusgarria du akuilu. Axier Arteagaren aurka ariko da bihar, Iruñean.
«Izugarri poztuko nintzateke Rezusta eta Zabaleta nabarmenduko balira. Atzelariren batek egin baldin badezake, haiek egin dezakete. Pilotari puskak dira: hanka arinak dituzte, eta kolpe indartsua. Baina, era berean, jada adin bat dute, eta oso zail ikusten dut txapelen bat irabaztea», dio Ruben Belokik (Burlata, Nafarroa, 1974). Lau txapel irabazi zituen hark buruz buru, eta beste bitan izan zen txapeldunorde. Hilario Azkarate soilik du aurretik atzelarien artean: sei aldiz txapeldun, eta hirutan txapeldunorde.
Gazteen beldurrak
Belokik mugarri bat jarri dio banakakoari. «Irujok irauli zuen dena, airez jokatzen hasita. Gure garaian, kolpe indartsua izatea zen funtsezkoa, eta atzelariok abantaila genuen, aurrelariek baino indartsuago ematen baikenion pilotari. Gainera, ondo mugitzen ginen, eta horrek orekatzen zituen tantoa amaitzeko genituen gabeziak. Orduko atzelari asko manomanista peto-petoak ginen».
Dioenez, gazte hasten ziren buruz buru entrenatzen. Eta, haren iritziz, horixe da egungo atzelari gehienen gabezia nagusia. «Afizionatuetatik hartzen diote beldurra buruz buru aritzeari. Eta, beldurra diotenez, ez dute lantzen, eta hankamotz geratzen dira. Pena da. Pentsa nolako pilotaria litzatekeen Zabaleta sakeari airez erantzungo balio. Baina, horretarako, gaztetatik entrenatu beharko lukete buruz buru. Ni seguru nago Arretxe, Patxi Ruiz edo Barriola sakeari airez erantzuten gaztetatik entrenatu izan balira onenekin lehiatuko liratekeela egun».
Gorpuzkerari ere erreparatu dio. «Aurrelariak gero eta garaiagoak eta indartsuagoak dira. Horrelakoa zen Irujo [1,86 metro], eta horrelakoa da Ezkurdia [1,91 metro]. Egun, aurrelariak atzelariak baino pilotari osoagoak dira».
Halere, itxaropena du jarria Rezustarengan eta Zabaletarengan:«Sustoren bat eman dezakete». Zehaztu duenez, «aldea» dago bien artean. «Rezustak Zabaletak baino eskarmentu handiagoa du buruz buru. Betidanik gustatu izan zaio, eta ondo moldatu izan da. 2017an, Victorri eta Altunari irabazi zien, eta estu hartu zuen Irribarria. Barneratua du jokamoldea. Errazago erantzun diezaioke airez sakeari, baita sake-erremateren bat egiten saiatu ere. Esku bakarrarekin jokatzea du eragozpen, baina ondo moldatzen da».
Zabaletari, berriz, eskatu dio «ez erotzeko» eta haien garaiko jokamoldeari eusteko. «Buruz buru aritzeko dohain handiak ditu: ondo sakatzen du, hanka arinak ditu, sekulako kolpea du... Airez indartsuagoa balitz, boleaz eta sotamanoz manomanista bikaina izango litzateke. Baita eskarmentu eta sen handiagoa balu ere. Baina hori gaztetatik lantzen da. Horregatik, gomendatuko nioke bere burua ez nahasteko. Horrenbesteko indarra du eskuetan, sakeari errestoan erantzun diezaioke, eta pilota aurkariaren gainetik pasatu. Ikusgarri dabil aspaldian. Agian, zur eta lur utziko gaitu».
Atzetik aurrera egin nahian
Ruben Belokiren ustez, «asko» aldatu da buruz buruko jokoa, eta atzelariek «oso zail» dute nabarmentzea. Baina argi du: «Inork lor badezake, horiek Rezusta eta Zabaleta dira».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu