Eduardo Gurbindo

Atzera, aurrera egiteko

Eskubaloiko Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatuko da asteburu honetan, Kolonian. Bertan ariko da Eduardo Gurbindo iruindarra, Naonedekin. Haren lana erabakigarria izan da Bretainiako taldea inoiz baino urrutiago irits dadin. Gozatzen ari da.

MADS DALEGAARD / EFE.
Julen Etxeberria.
2018ko maiatzaren 22a
00:00
Entzun
Batzuetan, pauso bat atzera eman behar izaten da, gero bi aurrera egiteko. Eta horixe egin du Eduardo Gurbindok; atzera egin, aurrera egiteko. Orain bi urte, Bartzelonak ez zion kontratua berritu, eta taldea bilatu behar izan zuen. «Kolpea izan zen. Oso gustura nengoen. Nigatik balitz, bizitza osoan jokatuko nuen han.Baina ez zen posible izan». Katalunia utzi eta Bretainiara joan zen, Naonedera (Nantes). Irabaz daitekeen guztia irabazi zuen taldea utzi, eta titulu garrantzitsu bakar bat ere ez zuen taldera joan zen.

Ia bi urte joan dira ordutik, eta tarte horretan Naonedek sekulako jauzia eman du. Muturra sartu du Frantziako Ligako onenen artean, eta Kopa bat eta Ligako Kopa bat irabazi ditu. Lorpen horiek txiki gera daitezke, baina, asteburu honetan. Txapeldunen Ligako Lauko Finala jokatuko da Kolonian (Alemania), eta han izango da Naoned. Paris Saint-Germain izango du aurkari larunbatean, lehen finalerdian. Bestea Mazedoniako Vardarrek eta Frantziako Montpellierrek jokatuko dute.

«Ihesbidea izan zen hona etortzea, baina esperientzia ederra bilakatu da. Orain galdetuko bazenit ea Bartzelonara itzuliko nintzatekeen, zalantza egingo nuke. Oso-oso gustura nago hemen. Horregatik berritu nuen 2021era arte. Ametsetan bizi naiz aspaldian».

Ametsetan Gurbindo, eta ametsetan Naoned. Inoiz ez zen horren urruti iritsi Bretainiako taldea Txapeldunen Ligan. Iaz egin zuen estreinakoa, eta final-zortzirenetara iritsi zen. Larunbateko aurkariak kanporatu zuen, Paris Saint-Germainek. Aurten, ordea, goia jo du: ligaxkan, hirugarren izan zen Vardarren eta Bartzelonaren atzetik; final-zortzirenetan, Bielorrusiako Meshkov Brest gainditu zuen; eta, final-laurdenetan, Danimarkako Skjern. Inork ez zuen espero halakorik, ezta Gurbindok berak ere. «Sasoi hasieran horren urruti iritsiko ginela esan baligute, ez genuke sinetsiko. Hala ere, merezita iritsi gara honaino. Taldeak oso lan ona egin du. Orain, errematea eman nahi diogu. Zaila da, baina irabazi izan diegu beste hiru aurkariei. Presiorik ez dugu, eta nik uste dut horrek mesede egingo digula».

Ezker alboko iruindarrak taldeak eginiko lan bikaina nabarmendu du , haren iritziz «norberaren lana bigarren lerroan baitago». Halere, estatistikei erreparatzea nahikoa da ohartzeko haren jarduna erabakigarria izan dela. Datu batek uzten du agerian zenbaterainoko garrantzia duen taldean: inork baino gehiago jokatu ditu, minutuen ia %89. «Inoiz ez nuen horrenbeste jokatu. Eskertzekoa da entrenatzaileak nigan duen konfiantza. Baina, egia esan, eskertuko nuke ere pixka bat gutxiago jokatzea. Akituta amaituko dut denboraldia. Irrikan nago ekainaren 4a irits dadin, sasoia amaitu eta etxera itzultzeko».

Asko eta ondo jokatu du: inork ez ditu hark baino gol gehiago sartu taldean: 74, partidako lau baino gehiago. Bost jokalarik bakarrik sartu dituzte lehiaketan berak baino gol gehiago. Baina, golak sartu ez ezik, eman ere egin ditu, makina bat: 109, sei partidako. Zenbakiek diote Naonedek 505 gol sartu dituela, eta Gurbindok horietatik 183tan izan duela zerikusirik. Beraz, golen %35 atera dira bere eskuetatik. Ez da harritzekoa funtsezkoa izatea Thierry Anti entrenatzailearentzat.

Gurbindok azpimarratu egin du Lauko Finalean Frantziako Ligako hiru talde egotea. «Gorakada handia izan du ligak. Diru gehiago dago, eta asmatzen ari dira produktua saltzen. Sekulako giroa dago partidetan. Gure pabiloia, adibidez, beteta dago beti. Gozamena da bertan jokatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.