Asteburu honetan Shanghain gaude, milaka kilometrora. Eta ez distantziari dagokionez bakarrik. Orain arteko sari nagusiekin alderatuta, berezia da Txinakoa. Qatarren baino giro eta kolore gehiago dago hemen, baina ez dauka zerikusirik Europako probekin. Hemen denada mega; megaestrukturak, megadistantziak, megazirkuituak...
Shanghaiko zirkuituak oso ezaugarri bereziak dauzka. Oso pista zabala da, zuzengune bat izugarri luzea, eta, diseinuari dagokionez, ezin esan daiteke zirkuitu zaila denik, baina ezta erraza denik ere. Itxura batean, pentsa liteke aurrean ibiltzeko ezinbestekoa dela moto azkarra izatea. Dena den, motoa behar bezala prestatuta, galgatze handiak baliatuta, eta arerioen ufakoekin adi egonda, abiadura falta orekatzeko modua badago.
Hala erakutsi zuen, behintzat, atzo Efren Vazquezek. Inguru erabat ezezagunera egokitzeko gaitasuna daukala erakutsi zuen, eta lasterketa ona osatzeko oinarri ona jarri zuen. Izan ere, esperientziagatik dakit inoiz korritu gabeko zirkuitura joanda, lehen sentsazioek baldintzatzen dutela asteburua. Ondo hasi gara, eta mekanikak errespetatzen bagaitu, hobeto bukatzeko aukera daukagu.
Gainontzean, Jorge Lorenzorekin zer gertatuko den zain gaude denok. Erori eta ezker hankako maleoloa ezpaldu zaio. Egoera normalean, pertsona horrek etxera joan beharko luke. Baina ez! Pilotu batez ari gara hizketan, eta jakina da pilotuak ezpal berezikoak garela. Ez nago ziur Txinan motora igotzeko gai izango ote den, baina saiatzeak berak meritu handia dauka. Esan dezadan, bide batez, Lorenzok utzitako bizkarreko babes berriarekin ari dela lanean Efren. Ea puntu mordoxka bat irabazita eskertu diezaiokegun.
Hala ere, Lorenzorekin edo gabe, Moto GP mailan ikuskizuna bermatuta dago Stoner, Rossi eta Pedrosarekin. Valentino presio handia egiten ari da, baina australiarrak oraindik ez du azken hitza esan. Borroka horretan Pedrosa atera daiteke irabazten.
ATZEKO ESERLEKUAN. Sari Nagusi berezia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu