Atzeko atetik sartuta

Gorka Guruzetak bost gol sartu ditu sasoiaren lehen zatian. Batez beste, berrogei minutuan behin ari da zulatzen aurkariaren sarea. Ezustekoa eman du Athleticeko aurrelariak.

Gorka Guruzeta, Valladolidi sartutako gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU.
haritz gallastegi
2022ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Aritz Adurizek Athleticen itzal luzea utziko zuela jakinekoa zen. Donostiako aurrelariak ibilbide oparoa egin zuen talde zuri-gorrian. Osatu zuen azken aroa paregabea izan zen. Eskarmentua pilatuz joan ahala, aurrelari on bat izatetik, golegile bikain bat izatera pasatu zen. Zale zuri-gorriek nekez ahaztuko dituzte haren burukada indartsuak, penalti jaurtiketa pentsaezinak edota area barruan eskuinez zein ezkerrez errematatzeko orduan erakusten zuen patxada. Mende eta laurdeneko historian Athleticen elastikoa jantzi duten aurrelaririk onenen artean dago. Aduriz goi mailako aurrelaria izan zen, eta, beraz, atzetik etorri direnei eragin egin die hark utzitako arrastoak. Baina ezin zaie maila bera eskatu. Ez da komeni neurria galtzea. Golak sartzea da futbolean zailena, eta kosta egiten da ate aurrean asmatzen duten futbolari onak aurkitzea. Berezkoa duten futbolariak direlako, besteak beste.

Bada, Aduriz erretiratu egin zen; eta Athletic bere lekua beteko duen ordezko baten bila dabil. Iñaki Williams oso ondo ari da, asko ematen dio taldeari. Baina ate aurrean nahi baino gehiago barkatzen du. Hasieran, Raul Garcia zen Valverderen bigarren aukera. Nafarra berea ematen ari dela esan daiteke. Ez da erdiko aurrelari bat, eta adinean ere aurrera doa. Hala ere, ate aurrean argitasuna izan du beti, eta oraindik ez du galdu. Hirugarren aukera Asier Villalibre zen, baina gernikarrak ez du oraindik eztanda egin. Kontuak kontu, sasoi hasieran laugarren eta azken aukera zena, Gorka Guruzeta, ezusteko protagonista bilakatu da.

Teknikariak eman dizkion aukera apur guztiak baliatu ditu. Jokatu dituen berrehun minutu eskasetan bost gol sartu ditu. Europako ligarik onenetan ez dago jokalaririk teknikariak eman dizkion aukerak horren ondo baliatu dituenik.

Amaitzera doan urtean hamalau gol sartu ditu —Amorebietarekin bederatzi eta Athleticekin bost—. Azken urtean sekulako aurrerapausoa eman du, eta horrelakoetan galdera bat sortzen da: aurrelariek izan ohi duten bolada on bat da, edo gorengo mailan gol asko sar ditzakeen futbolari baten aurrean gaude? Iñigo Velez de Mendizabal entrenatzaileak argi dauka: Athletici asko emango dion futbolari bat da Guruzeta. «Ez daukat dudarik gorengo mailan jokatzeko gaitasuna duela. Jokalari osoa da. Gol sena dauka. Lehen Mailan ere asmatzen ari da. Area barruan ondo moldatzen da, baina erremate eremutik kanpo ere ondo jokatzen du. Bi hegaletan joka dezake, eta erdiko aurrelariaren atzetik ere bai. Niretzat, aurrelari gisa da eraginkorren, baina taldeari gauza asko eman diezazkioke».

Kanpoan zaildu da

Velez de Mendizabalek ondo ezagutzen du Guruzeta. Amorebietan bere aginduetara izan zuen aurreko denboraldian. Gainera, teknikari lanetan hasi aurretik erdiko aurrelaria izan zen, eta horrek ere laguntzen dio goi mailako futbolean aurrelari izateak dituen zailtasunak ulertzen. Gasteiztarraren esanetan, Lezamako epeletik irteteak mesede egin dio Guruzetari. Sabadellen eta Amorebietan, behar zituen minutuak pilatzeaz gain, «gogortu» egin da. Bi taldeek maila galdu zuten; jokalariak, berriz, gora egin du. Oraindik bide luzea dauka. «Egungo futbolean 26 urte dituen jokalaria gaztea da. Futbolari bereziak oso gazte direnetik nabarmentzen dira, baina gehienek denbora behar izaten dute barruan daukatena erakusteko». Guruzeta «gora» doan futbolaria da, Velez de Mendizabalen arabera: «Hazten ari da. Nik uste sei-zortzi urtean aritu daitekeela Lehen Mailan», nabarmendu du. Eta hau erantsi du: «Kalitate handiko jokalaria da. Ezkerrez, eskuinez zein buruz sartzen ditu golak. Errematatzailea ona da. Eta, bestetik, azkarra da. Ez da Iñaki Williams, baina beste asko baino biziagoa da. Eta, gainera, konfiantza handia dauka. Aurrelari batentzat ezinbestekoa da». Inork ez daki zenbat iraungo duen Guruzeta efektuak, baina Athleticen pozarren daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.