Atsekabea ahazteko

Espainiako Kopako final-laurdenetarako sailkatzeko aukera dauka gaur Osasunak

Iruñea
2010eko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Giroa nahasita dago Iruñean azken emaitza bolada txarraren ondorioz. Espainiako Ligako azken hamar partidetan garaipen bakarra lortu du Jose Antonio Camachok entrenatutako taldeak, eta jaisteko postuak hiru puntura dituztela ikusita inor ez dago lasai Osasunan. Giro ezkor hori baztertu eta gorritxoek Espainiako Kopan jarri behar dute arreta orain, dena dela. Final-laurdenetarako txartela dago jokoan, eta joaneko partidan Herculesen zelaian 2-1 galdu ostean, Osasuna itzulerako partida irabaztera derrigortuta dago. 1-0koa nahikoa dute kanporaketa gainditzeko, baina gutxienez bi gol sartu nahi dituztela ziurtatu zuen atzo goizean Camachok.

Eta hobe dute bai, bi edo hiru gol sartzen ahalegintzea, Herculeseko jokalariak ez baitira hankamotzak. Bigarren mailako liderrak dira Herculesekoak, eta joanekoan agerian geratu zen alde handirik ez dagoela Osasuna eta Herculesen artean. Camachok badaki hori, eta zuhur mintzatu zen atzo: «Herculesi errespetu handia diogu, Bigarren Mailako taldea izan arren une honetan oso aurkari gogorra baita», esan zuen Osasunako entrenatzaileak. Eta gutxienez bi gol beharko dituztela nabarmendu aurretik, Herculesek edozein mementotan gol bat sar dezakela gogoratu zuen Camachok.

Riazorreko porrotaren ostean berak nahi duen irabazteko grina eta garaile mentalitatea jokalariei helarazten ez duela asmatzen onartu arren, Camachok bere hitzek eragindako polemika amaitu nahi izan zuen atzo: «Partida bati buruz ari nintzen, Deportivoren aurkako partidaz hain zuzen ere, eta jokalariei kargu hartzea beste helbururik ez zuten hitz horiek», esan zuen atzoko agerraldian Osasunako entrenatzaileak. Ligako atsekabeak ahaztu eta Kopan jarri nahi zuen arreta Camachok. Eta gaur iluntzeko norgehiagokarako helburua zein den argi dauka entrenatzaile espainiarrak: «Kanporaketa gainditzea ez da gure gaitzentzako sendagaia. Izan ere, betebeharra da hurrengo kanporaketarako sailkatzea», esan zuen.

Orain arte bezala, Ligan aukera gutxien izaten ari diren jokalariei emango die Camachok erantzukizuna Kopan, dena den. Atzeko lerroan bi aldaketa egingo ditu. Eskuin hegalean Etxaideren ordez Azpilikueta ariko den bezala, erdiko atzelari lanetan Sergio ariko baita Josetxoren ordez. Baina, gainerakoan, Alacanten joanekoan aritutakoak ariko dira berriz. Vadocz osatzen bada, bai behintzat, atzo tripako mina zeukan-eta hungariarrak. Osatzen ez baldin bada, Patxi Puñal kapitaina ariko da haren ordez, Ruperren ondoan, euskarrian.



Espainiako Kopa

ITZULIKO PARTIDAK

Atzo

Vila-real-Celta (1-1)

Gaur

Osasuna-Hercules (1-2) 20:00

Racing-Alcorcon (3-2) 20:00

Getafe-Malaga (1-2) 22:00

Sevilla-Bartzelona (2-1) 22:00

Deportivo-Valentzia (2-1) 20:00

Bihar

Mallorca-Rayo (1-2) 20:00

Atletico-Recreativo (0-3) 22:00



Portillo Iruñeraitzuliko da, taldea utzieta aste batzuetara

Herculesi dagokionez, osasunazaleen arreta Javier Garcia Portillok bereganatuko du. Aste batzuk besterik ez dira igaro Osasunako aurrelari ohiak Herculesen eskaintza onartzea erabaki zuenetik, eta azken bi denboraldi eta erdian bere etxea izandakora itzuliko da gaur aurrelari espainiarra. Iruñean ez zuen zorterik izan. Aukera dezente eman zizkioten Jose Angel Zigandak eta Camachok, baina golak sartzeko ezintasuna besterik ez zuen erakutsi Portillok. Osasunaren elastikoarekin gol bakarra sartu zuen Nafarroako Erresuman lehiaketa ofizialean: orain bi sasoi Espanyolen aurka. Ono Estadin sartu zituen Osasunarekin lortutako beste biak, bi denboralitan, gainera. Bitxia da, baina bere taldearen zelaian baino gol gehiago sartu zituen Mallorcaren zelaian Osasunan zegoenean. Rafa Jorda eta Portilloren arteko zalantza dauka gaurko Herculeseko entrenatzaile Esteban Vigok. Bietako bat izango da bisitarien aurrelari titularra. Portillorentzat partida berezia izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.