Atsedenik gabe, aurrera

Realak Rayo Vallecano jasoko du gaur Espainiako Kopako final-zortzirenetan. Madrildarrek ostiralean jokatu zuten azken partida; txuri-urdinek, aldiz, astelehenean.

Take Kubo, astelehenean, Vila-reali sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
Take Kubo, astelehenean, Vila-reali sartutako gola ospatzen. JUAN HERRERO / EFE
2025eko urtarrilaren 16a
05:05
Entzun

Espainiako Kopa garrantzitsuagoa bilakatu da Realaren zaleentzat Imanol Alguacil entrenatzaile denetik. Orioko teknikariaren aginduetara Realak emaitza onak lortu ditu txapelketan, garai txarrak atzean utzita. Bi aldiz kanporatu dute final-zortzirenetan, beste bitan final-laurdenetan, behin finalerdietan eta behin txapelduna izan da, 2019-2020 denboraldian, Athletic garaitu ondoren. Aurten ere ibilbide luzea egin nahi dute txuri-urdinek Kopan. Horretarako, Rayo Vallecano garaitu beharko dute gaur, Anoetan, 19:30etik aurrera (Movistar+). Lortuz gero, final-laurdenetan izango dira. Partida bakarreko kanporaketa izango da.

Donostiarrek ez dute arnasa hartzeko denbora asko izan. Astelehen gauean jokatu zuten Vila-realen aurka Anoetan. 1-0 irabazi zioten, Take Kuboren gol eder bati esker. Rayo Vallecanok, berriz, ostiralean garaitu zuen Celta 2-1, Vallecasen. Realak adierazpen ofiziala argitaratu zuen aurreko astean ordutegi txarrei buruz kexatzeko, aurkariak baino hiru egun gutxiago izan baititu neurketa prestatzeko. Kubo ere kexatu egin zen asteleheneko partida ondorengo elkarrizketan: «Azkar egin elkarrizketa, ostegunean partida bat dugu eta».

Baina kexuak alde batera utzi, eta bere onena ematera aterako da Reala. Bi garaipenekin hasi dute urtea txuri-urdinek: Vila-realez gain, gipuzkoarrek Ponferradina ere mendean hartu zuten Espainiako Kopan. Aste honetako bigarren neurketa izango da, igandean Valentziaren aurka jokatuko dutelako Mestallan. Gainera, Rayo Vallecano garaituko balute, hurrengo hiru asteetan beste sei partida izango dituzte Imanolek zuzentzen dituen jokalariek.

Denboraldi honetan Jove Español San Vicente, Conquense eta Ponferradina kanporatu ditu Kopan Realak. Imanolek honela aztertu du gaurko neurketa: «Rayo oso gustuko dudan taldea da. Oldarkorra da defentsako lanean, eta erasoan jokalari trebeak ditu. Ez du bere jokatzeko modua sekula aldatzen, eta oraingoan ere hala izago da. Baina gu ilusioz gaude. Gainera, etxean jokatzen dugu, eta horrek indarra emango digu». Gaurko neurketari begira zalantza nagusia Zubimendi zen. Donostiako erdilariak min hartu zuen orkatilan Vila-realen aurka, baina osatu da, eta deialdian da; baita Becker ere. Kanpoan geratu dira, berriz, Odriozola, Zakharian eta Urko Gonzalez de Zarate.

Ligako aurrekaria

Rayo Vallecanok bigarren aldiz jokatuko du Anoetan denboraldi honetan. Espainiako Ligako lehen jardunaldian, madrildarrek 1-2 hartu zuten mendean Reala, Jorge De Frutosen eta Sergio Camelloren golei esker. Imanolen taldeak partida kaskarra egin zuen, eta selekzioekin ibilitako jokalariek gutxi entrenatu izana nabaritu zuen. Denboraldi berezia da aurtengoa Rayo Vallecanorentzat, beren mendeurrena ospatzen ari baitira. Iñigo Perezek hiru jokalari ditu min hartuak: Augusto Batalla, Joni Montiel eta Raul de Tomas. Azkenak, partida bakarra jokatu du denboraldi osoan, Villamurielen aurka. Rayoren golegile nagusia Jorge De Frutos da, eta asistentzia gehien egin duena Isaac Palazon Isi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.