Atletak behintzat ez dira egongo; besteak...

TASek ez du onartu Errusiako atleten helegitea, eta Jokoetatik kanpo utzi du atletismo selekzioa. Ebazpena erabakigarria izan daiteke NOBk Errusiako delegazio osoa zigortu ala ez ebazteko

Matthieu Reeb TASeko idazkaria IAAFen aldeko epaia irakurtzen, atzo, Lausanan (Suitza), kazetarien aurrean. L.G. / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2016ko uztailaren 22a
00:00
Entzun
Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) ez du onartu Errusiako 68 atletak eta Errusiako Olinpiar Batzordeak aurkezturiko helegitea, eta bere hartan mantendu du Nazioarteko Atletismo Federazioak (IAAF) Errusiako Atletismo Federazioari ezarritako isuna. Ondorioz, Errusiako atletek ezingo dute parte hartu Rioko Olinpiar Jokoetan. Epaiaren eragin eremua, baina, askoz handiagoa izan daiteke, Nazioarteko Olinpiar Batzordeak igandean iragarriko baitu Errusiako kirolari guztiak Olinpiar Jokoetatik kanpo utziko dituen ala ez, eta, iragan asteartean zabaldutako oharrean aurreratu zuenez, kontuan izango du TASen ebazpena erabakia hartzeko garaian.

TASek, Matthieu Reeb idazkari nagusiaren ahotik, espero zen epaia eman zuen atzo, IAAFi arrazoia emanda, eta, bide batez, lurreratze pista jarri dio NOBri Errusia jokoetatik kaleratu dezan. Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) eginiko ikerketan oinarrituta hartu behar du NOBk erabakia, eta asteburura arteko epea eskatu zuen iragan asteartean. WADAk positibo kasuak sistematikoki estaltzea egotzi dio Errusiari, eta «estatu mailako dopin sistema» antolatzea.

NOBren astearteko oharra irakurrita, ondoriozta zitekeen TASen epaia erabakigarria izan zitekeela, eta bata bestearen norabidean joan daitekeela. Bai, behintzat, atleten aldekoa izatekotan. Kasua, baina, aurkakoa izan dela da, eta NOBk ez du ataka erraza, Errusia ez baita nolanahiko delegazioa, eta munduan aliatu asko dituen nazio bat da. Are gehiago, Vladimir Putin Errusiako presidenteak esana du delegazio osoa kanpoan uzten badute 1984ko Olinpiar Jokoetako antzeko boikota egon daitekeela. Los Angelesen, hamalau naziok egin zioten uko parte hartzeari.

Ikusteko dago delegazio osoa kanporatuko duten, baina jadanik jakina da ia atleta guztiak kanpoan geldituko direla. Errusiako Kirol Batzordeak esana du helegitea jarriko duela IAAFen Etika Batzordean, baina horrek ez du baliogabe uzten TASen ebazpena. IAAFek Errusiako Federazioa zigortu zuen WADAren informazioetan oinarrituta, eta positibo eman gabeko 68 atletek helegitea jarri zuten. Haien iritziz, legez kanpokoa zen inoiz positibo eman gabe zigortuak izana. TASen ustez, baina, Errusian entrenatzen diren kirolari guztiei eragiten die federazioaren jardunak. Gauzak hala, Errusiatik kanpo entrenatzen diren atletek parte hartuko dute; esaterako, Daria Klixina luzerako jauzilariak. Errusiako egungo txapelduna da, eta AEBetan entrenatzen da.

Izar zerrenda kanpoan

Klaxina, baina, salbuespena da, eta izar gehienak ez dira jokoetan egongo. Errusia, gainera, potentzia da atletismoan. 2012ko jokoetan hemezortzi domina irabazi zituen atletismoan, tartean urrezko sei. Hutsune handiena, ezagunena bai behintzat, Ielena Isinbaeva pertika jauzilariarena izango da, bi aldiz olinpiar txapelduna izandakoa eta munduko markaren jabea. Ivan Ukhov gorako jauziko olinpiar txapelduna ere ez da egongo, ezta Sergei Xubenkov 110 metroko lasterketako munduko txapelduna ere. Maria Kutxina eta Anna Txitxerova altuera jauzilarien hutsunea ere handia izango da, olinpiar eta munduko txapeldunak baitira, hurrenez hurren. Ibilketan ere maila handia du Errusiak. Hor, baina, positibo kasu ugari egon dira azken urteetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.