Betis 3-1 Athletic

Athletici dena oker atera zaio Sevillan

Zuri-gorriek 3-1 galdu dute Betisen zelaian. Yurik gol bat sartu du bere atean; Nico Williamsi txartel gorria atera diote, protesta egiteagatik.

(ID_13643051) ESPAÑA FÚTBOL LALIGA REAL EA SPORTS
Iñaki Williams, Berenguer eta Guruzeta, gaur, Sevillan (Espainia). JULIO MUÑOZ / EFE
Paulo Ostolaza.
2024ko otsailaren 25a
20:45
Entzun

Ahazteko moduko arratsaldea izan da. Azkenaldian bikain dabil Athletic, taldearen inguruan poztasuna eta itxaropena dira nagusi, baina gaurkoa ez da zuri-gorrien eguna izan: Europan postu bat eskuratzeko lehian dabilen Betisen zelaian 3-1 galdu dute. Azken 22 partidetan galdu duten bigarrena da. Etxekoek euren aukerak baliatzen jakin dute, eta neurketa baldintzatu dute Yurik bere atean sartutako golak eta, batez ere, Nico Williamsek taldea bat gutxiagorekin utzi izanak 40. minutuan.

Ostegunean Errege Kopako finalaurrekoetako itzulerako neurketa du Ernesto Valverderen taldeak, baina gaurkoa ere partida garrantzitsua zen. Sailkapenean Atletico Madrilekin berdintzeko aukera zuten, eta Betis oso urrun uztekoa. Horren jakitun, dituen jokalari onenak zelairatu ditu prestatzaileak, baina ez da nahikoa izan. Nicoren eta Sanceten itzulerak izan dira berrikuntza nagusiak.

Ohartzerako, lehia maldan gora jarri zaio Athletici. Euskal taldeetan ibilitako bi jokalarik eman diote bide Betisen lehen golari: zelai erdian baloia jaso du Willian Josek, pase zoragarri bat egin dio Chimy Avilari, eta Osasunako aurrelari ohiak ez du barkatu. 

Ostegunera begira

Ezinean zebilen Athletic, eta Fekirrek hegaletik egindako erdiraketa batean bigarrena jaso du: Willian Josek errematatu du baloia, Unai Simonek aldendu du, baina Yuriri jo eta sareetan amaitu du. Zarauztarrak, gainera, zelaia utzi behar izan du, min hartuta. Hiru minutu geroago heldu da Nicoren txartel gorria. Protesta egiteagatik jaso du bigarren txartel horia, eta taldeari mesederik, behintzat, ez dio egin.

Atsedenaldia heltzear zela iritsi da arratsaldeko eguzki izpi bakarra, Guruzetak korner batean buruz sartu duen golean. Ez du askorako balio izan, zoritxarrez. Bigarren zatiari ez dio gaizki ekin Athleticek, Berenguerrek berdintzeko aukera bat ere izan du, baina Johnnyk 68. minutuan area kanpotik egindako gol ikusgarriak erabakita utzi du norgehiagoka. Ordutik daude zuri-gorriak osteguneko partidara begira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.