Mikel San Jose. Athleticeko jokalaria

«Athleticen jokatu nahi dugunok ez dugu arazorik etete klausularik gabeko kontratua sinatzeko»

San Josek onartu du garai gogorra bizi dutela, baina argi dauka egoera irauliko dutela. Berizzoren Athleticek Zigandarenak baino «itxura hobea» duela iritzi dio. Hala ere, taldeak 11 jardunaldi daramatza irabazi barik.

SASCHA STEINBACH / EFE.
haritz gallastegi
<i>Bilbo</i>
2018ko azaroaren 24a
00:00
Entzun
Mikel San Josek ez du galderarik saihestu. Arlo pertsonalean, zuzentzen ari da txarto hasi zuen sasoia, eta taldeak ere bide bera hartzea espero du.

Athleticek 11 jardunaldi daramatza irabazi barik. Zer diozu?

Ez da normala. Dinamika txarrean gaude. Ez dugu egoera irauli, baina azken partidetan joko hobea erakutsi dugu. Oraingoz, ez dugu saririk jaso. Lasai gaude. Ondo ari gara, eta emaitzak etorriko dira.

Taldeari ahaztu egin zaio irabazten, eta hori arriskutsua da oso.

Jokalari baten futbol ibilbidean ez da ohikoa horrenbeste denboran ez irabaztea. Baina dagoena dago. Gai gara egoera iraultzeko. Aurrera egingo dugu.

Zein da taldea elkartzen denean pisu handiena duzuenok nabarmentzen duzuen mezua?

Konpromisoa eskatzen dugu. Elkartuta egon behar dugu. Onean zein txarrean, familia batek bezala funtzionatzen dugu. Horrela egiten zaie aurre egoera gaitzei.

Taldea sufritzeko prest dago?

Sufritzeko prest gaude, baina baikor naiz. Sufritu behar badugu, Europarako ez garelako sailkatuko sufrituko dugu, eta ez behera begira gaudelako. Taldea gertu dago edozein egoerari aurre egiteko.

Baikor zaude.

Bai, noski. Jokalariok sinesten ez badugu, ez du inork sinestuko. Taldea oso ondo ari da lanean. Giro ona dugu, eta bat egin dugu entrenatzailearekin. Horrela errazagoa da garai latzei aurre egitea.

Emaitzek laguntzen ez dutenean, buruak edo oinek ematen dute lan gehiago?

Buruak. Espanyolek lehen zati osoan behin jaurti eta gola sartzen dizunean edo Atletico Madrilen kontra galdu zen moduan galtzen denean buruak asko sufritzen du. Kolpe gogorrak dira. Buruan dugun korapiloa askatzeko, garaipen bat behar dugu.

Gauzak txarto doazenean, herren batek ere gola sar diezazueke.

Futbola da. Valverderen azken urtean ez genuen gure jokorik onena erakutsi, baina etxean partida ia guztiak irabazi genituen. Orduan dinamika onean geunden. Lehiakorrak ginen. Orain, aldiz, gauzak ondo eginda ere ezin dugu emaitza onik lortu. Talde ona daukagu, eta uste dut zulotik irtengo garela.

Lehiakortasuna aipatu duzu. Galdu egin al duzue irabazle sena?

Ez dut uste. Sasoi hasieran denok ikusten zenuten aurreko sasoiko taldearekin zerikusirik ez zuen taldea. Baina orain irabazi ezinik gabiltza. Hala ere, aurreko sasoiko Athleticek baino itxura hobea du denboraldi honetakoak.

Zenbateko garrantzia ematen diozu Getaferen aurkako lehiari?

Partida garrantzitsua da. Ez da finala, baina asko daukagu jokoan. Hilabete ona daukagu aurrera egiteko. Bide onera bueltatzeko aukera ona daukagu.

Jakina da zer egingo duen Getafek: atzean sartuko da, eta Athleticen okerraren zain egongo da. Aurkariak puntu asko ari dira irabazten horrela San Mamesen.

Goian dauden talde gutxi batzuk kenduta, gainerako gehienak horrela ari dira jokatzen: Vila-real, Reala eta Valentzia ere bai. Getafe oso ondo ari da moldatzen etxetik kanpo. Hortaz, argi dugu gauzak oso ondo egin beharko ditugula norgehiagoka irabazteko.

Jokalariak esan eta esan ari zarete Eduardo Berizzorekin gustura ari zaretela lanean. Baina futbolean emaitzek agintzen dute.

Nik Berizzo ez dut arriskuan ikusten. Jokalariak oso pozik gaude. Sailkapenak ez du islatzen Lezaman egiten ari garen lana. Ez daukagu kexarik. Gustura ari gara. Baina futbolean puntuek balio dute. Espero dut Berizzo inoiz ez egotea arriskuan.

Josu Urrutiak loratu egin du Berizzo, eta futbolariok ere babesa erakutsi diozue. Pazientzia izanez gero, entrenatzaile aproposa izan daiteke Athleticentzat?

Pazientzia izan behar dugu. Entrenatzaile berria da, eta ideia berriekin etorri da. Guk ez dugu zalantza egiten, eta gustatuko litzaiguke taldearen inguruak ere dudarik ez izatea.

Garai latzetan ezinbestekoa da batasuna. Asteon, zale talde bat lan saio batera joan zen zuei babesa erakustera. Hori da bidea.

Bai. Denok daukagu argi zein egoeratan gauden eta zenbat daukagun jokoan igandeko partidan. Lehengoan hori erakutsi ziguten. Jarraitzaileen gehiengoa beti egoten da taldearen ondoan. Guztion artean irabaziko dugu Getaferen kontrako lehia.

Hauteskundeak ate joka daude.Kanpainak eta kanpaina aurreko marmarrak eraginik izango al dute taldearen ibilbidean ?

Ezezkoan nago. Kluba normaltasunez kudeatzen ari dira orain ere. Horren adibiderik garbiena da Iker Muniainek berritu egin duela.

Fernando Llorente, Ibai Gomez eta Ander Herrera Athletici lotuak agertu dira. Berez dira operazio zailak, eta epe laburrean ia ezinezkoak dirudite. Hala ere, zuk uste duzu neguko merkatuan taldea indartzeko premia dagoela?

Aipatu dituzun jokalariak oso onak dira, baina nik uste dut egun taldean gauden futbolariekin nahikoa dela. Hala ere, ezin dugu aterik itxi. Baina kontu hori ez dago nire esku. Aurpegia emango dugu.

Athleticeko bazkide izateaz gain, bazkide konpromisarioa ere bazara. Gaur egun zer da hobea klubarentzat, hautagai bakar bat izatea edo proiektu bat baino gehiago egotea?

Ez dakit zer den onena. Bazkide gisa, Urrutiaren eta haren lantaldearen kudeaketa ona izan dela iritzi diot. Hurrengo zuzendaritzak lanak izango ditu kirol arloan zein ekonomikoan azken bi agintaldietako lorpenak berdintzeko.

Beraz, zuk ontzat ematen duzu Urrutiaren lana.

Bai. Bazkide gisa, neure burua ordezkatuta ikusi dut zuzendaritza horretan. Bat nator hartu dituzten erabaki askorekin.

Zer eskatuko zenioke hurrengo presidenteari?

Klubak azken urteetan lortu dituen emaitza onei jarraipena ematen ahalegin dadila. Egun, egoera txarra izan arren, erabakiak beroan ez hartzeko eskatuko nioke. Lasai hartzeko. Jokalariak oso eramangarriak gara.

Bazkide konpromisarioen batzarrean diru kontuen berri ematen da. Jokalarien soldatetarako erabiltzen da zati handi bat. Hori, emaitzek laguntzen ez dutenean, zuen kontra erabiltzen da etengabe. Mina ematen al dizue?

Mina ez, baina haizeak kontra jotzen duenean erraz hitz egiten da. Gu ez gara ordaintzen diren kopuruen errudun. Gainerako klubek egiten dituzten fitxaketen berri daukagu, eta Athleticek berea egin behar du jokalariak etxean mantentzeko. Futbolak nola funtzionatzen duen aintzat hartuta, ez gaitu harritzen gauzak gaizki doazenean diru kontuak gure kontra erabiltzeak.

Muniainek kontratua luzatu izana albiste pozgarria izan da taldekideontzat. Etete klausularik gabeko kontratua sinatu du. Zein iritzi daukazu horren inguruan?

Uste dut erabaki ona dela. Klubean egoteko daukan gogoa erakusten du egin duenak. Athleticen jokatu nahi dugunok ez genuke arazorik izango antzeko kontratu bat sinatzeko. Ziur naiz Muniain ez dela bakarra izango.

Zu ere prest egongo zinateke etete klausularik ez sinatzeko?

Bai. Eta uste dut ez naizela bakarra. Athleticen gauden jokalari askok gure ibilbideko uneren batean izan dugu beste bide bat hartzeko aukera, baina gure gogoa Athleticen jarraitzea izan da. Klubak ni Athleticen egotea nahi duen denboran ez nuke arazorik izango etete klausula gabeko kontratua sinatzeko. Eta berriz diot: asko gara Athleticen jokatu gura dugunak.

Asko aldatu da zure egoera azken jardunaldietan. Ligako lehen partidak harmailatik ikusi zenituen. Azken partidetan, aldiz, asko jokatu duzu, eta ondo aritu zara.

Gozatzen ari naiz, baina emaitzek laguntzen ez dutenean, zerbait falta. Entrenatzaileak aukera asko ditu taldean, eta edozein unetan bueltatu naiteke lehengo egoerara. Nigan konfiantza duten bitartean onena ematen ahaleginduko naiz.

Denboraldi-aurrean zein sasoi hasieran zenuen rola aintzat hartuta, denboraldi gogorra izango zela pentsatu al zenuen?

Futbolariok gauza asko pentsatzen ditugu. Hala ere, konfiantza handia daukat nigan. Aukeraren zain egon naiz. Jokatzen ez dudanean, berriz, taldekideei laguntzen ahalegintzen naiz. Horrela izan behar du.

Taldeak hobeto funtzionatzen al du indarraren eta presioaren aldeko apustua egiten duenean?

Ez dakit. Horrelako galdera bati puntuak irabazita erantzuten zaio. Oraingoz ez dugu lortu. Berizzok ez du aldatu bere jokatzeko era, baina orain zelai erdian jokatzen dugunon ezaugarriak eta lehen aritzen zirenenak ezberdinak dira.

Euskaraldiarekin bat egin duzu. Zer iritzi duzu ekinaldi horren inguruan?

Euskararen alde egiten diren ekinaldi guztiak dira positiboak. Gure hizkuntza maitatu eta babestu behar dugu. Mundu guztiaren aurrean defendatuko dut euskara. Hamar urte daramatzat Athleticen. Berangon bizi naiz [Bizkaia]. Euskaraz bizi naiz: etxean, parkean, eskolan... Bestalde, ni nafarra naiz, eta jakinekoa da Iruñean egoera zailagoa dela. Hala ere, han ere lan handia ari dira egiten. Harro gaude gure hizkuntzaz.

Athleticen pisu handia du euskarak?

Bai. Beti dago zer hobetu, baina ez da erraza izaten. Klubak lan handia egiten du euskararen alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.