Athletic entrenatzeari utziko dio Iraia Iturregik, eta Baskoniako, klubaren hirugarren taldeko, lantaldean hasiko da; Bittor Llopis izanen da entrenatzailea. Lehenbiziko aldia da emakume bat Lezamako gizonezkoen talde baten lantaldeko kide dela. Athleticeko jokalari ohiaren ibilbidean bertze pauso bat da hori; izan ere, 2021ean Angel Villacampa kargugabetu zutenean, Athleticen lehen taldea zuzendu zuen lehenbiziko emakumezkoa izan zen. «Aitzindaria izan zen klubeko lehenengo talde baten entrenatzaile gisa, eta orain ere hala izango da gizonezkoen talde baten teknikari gisa», adierazi du klubak ohar bidez.
Ikusi gehiago:Athleticek Angel Villacampa kargugabetu du
Klubak dio Iturregi «ikur zuri-gorria» dela, 402 partida jokatu dituena, eta bertze 87 zuzendu. Iturregik erabakia ilusioz hartu duela adierazi du, eta «asko motibatzen» duela erronka berriak. Nabarmendu du ez dela gauetik goizera hartutako erabakia, denbora egon dela horretan pentsatzen. «Alde batera pauso bat emateko» garaia dela nabarmendu du: «Talentu anitz dago taldean, eta horrek pozak emango dizkigu».