Unai Simon atezainak (Murgia, Araba, 1997) puntuak irabazten ditu. Nico Williamsekin eta Ohian Sancetekin batera, goi mailako taldeen interesa pizten duen zuri-gorri bakarra da. Hala ere, Athleticekin egin gura du bidea.
Mestallan, erabakigarria izan zinen garaipena lortzeko. Zure partidarik onenen zerrendan dago?
Bote lasterrean erantzunda baietz esango nuke. Gauzak ondo atera zitzaizkidan. Nire bost partida onenen artean sartuko nuke. Bartzelonaren eta Vila-realen kontrako bi partida ere gogoan ditut.
Gaztea zara, baina azken lau denboraldietan titularra izan zara Athleticen atean. Asko aldatu zara debuta egin zenuenetik?
Helduagoa naiz, eta, beraz, argiago daukat zer gura dudan. Athleticen bigarren taldean eta Elxen aritu nintzenean ez neukan argi zer bide hartuko zuen nire kirol ibilbideak. Gaizka Garitanok Athleticen jokatzeko aukera eman zidanean aldatu nuen txipa. Ordutik, ondo lehiatzea eta atezain gisa haztea baino ez dut buruan.
Talentua duena iritsi egiten da, baina sarri ikusi dugu detaile batek alda dezakeela futbolari baten kirol ibilbidea.
Nik zorte handia izan nuen. Lehen Mailan debuta egin ahal izateko, beharrezkoa da entrenatzaile batek zugan sinestea, zure postuan ari denak min hartzea, edota zure postuan jokatzen duenak taldez aldatzea. Horrelako egoera batek norbera parean harrapatzea zortea da, baina behin aukera iristen denean, maila eman behar da.
Athleticeko atezain nagusia zara, eskarmentua daukazu, nazioartean aritzen zara… horrek guztiak pisua eman al dizu taldean?
Debuta egin nuenean baino ardura handiagoa daukat. Baina kontua ez da pisu gehiago edo gutxiago izatea: talde lana eta laguntasuna dira zutabe nagusiak. Bistan da ez dela gauza bera Ikerren [Muniain] edo igo berri baten iritzi bera izatea. Hala ere, guztien iritzia hartu behar da aintzat.
Lider sena daukazu, edo oharkabean pasatzea nahiago duzu?
Aukeran nahiago dut oharkabean pasatu. Lider sena badudala uste dut, baina ez dut zama hori hartzen. Itzalean lan eginda taldea indartzen ahalegintzen naiz. Hala ere, uneren batean taldeak nire premia daukala sentitzen badut, ez dut aurpegia emateko arazorik.
Eta kanpotik dirudiena bezain lasaia al zara?
Ez, ez! Kanpotik oso atezain lasaia naizela ematen du. Ez naiz keinuak egitekoa eta garrasika aritzekoa, baina horrek ez du esan gura lasai egoten naizenik.
Atezainek izaera berezia duzuela esan ohi da. Ados zaude?
Izaera berezia baino, erotuta gaudela esaten digute. Nik ez dut neure burua horrela ikusten. Zelaian zein kanpoan mutil normala naizela uste dut.
Etete klausularik gabe luzatu zenuen kontratua Athleticekin. Ez zenuen zalantzarik izan?
Ez. Etete klausula gabe sinatzeak bi irakurketa izan ditzake: bata da maletak egiteko gogoa izanez gero klubari indarra egiteko aukera gisa erabil genezakeela, eta bestea da klubari argi erakustea ez daukazula kanpora begiratzeko asmorik. Nire kasuan, bigarrena da. Athleticek gura duen arte jarraituko dut, eta nire gogoa zein den erakusteko modu bat izan zen etete klausularik ez jartzea.
Asko hazi zara azken kontratua sinatu zenuenetik. Hala ere, ez duzu tentaziorik izan?
Ez, iritzi bera daukat. Tentazio faltarik ez da egon. Deiak jaso ditut, baina neure buruan ez da ezer aldatu. Uste dut Athleticen baino hobeto ez naizela inon egongo. Klub zuri-gorriari nire esker ona adierazteko modu bat baino ez da.
Nola lortzen da beste taldeen interesa?
Lehen urtean deiak jasotzen hasi nintzen, eta, era berean, asko hitz egin zen nire inguruan. Horren aurrean, nire ordezkariei esan nien niri ez emateko deien berri. Ez niri, ez beste inori ez dio mesederik egiten. Nire ordezkariek deiak jaso dituztela badakit, baina ez didate esan nondik deitu duten.
Nico Williams eta Ohian Sancet zure antzeko egoeran daude. Zer gomendio emango zenieke?
Nik argi daukat non egon gura dudan. Baina ni ez naiz Ohian, ez eta Nico ere. Eurentzat onena dena egin behar dute.
Jose Angel Iribarrek 80 urte beteko ditu martxoan. Athleticen ikur nagusia da. Zuk antzeko arrastoa uztea duzu xede?
Ez dut gustuko Angelekin alderatzea. Ni ez naiz inoiz Iribarren mailara iritsiko, eta ez da nire asmoa. Nik nire bidea egin gura dut.
Julen Agirrezabala indartsu dator. Dohain handiko atezaina da. Zuen arteko lehiak atezain gisa hobetu egiten al zaituztete?
Bai. Julen goi mailako atezaina da, anbizio handikoa. Athleticentzat ona da gure arteko konpetentzia.
Madrilen hirugarren garaipena kateatu dezakezue. Baina Atletico Madrilek ez du asko behar garaipenak lortzeko.
Ez dauka aukera asko sortu beharrik irabazteko. Talde ezerosoa da.
Jan Oblak ari da talde horretan. Harekin batera, Ter Stegen eta Courtois atezainek dute ospe handiena. Zuk zein duzu gustuko?
Oblak zalea naiz. Azken bi urteotan Courtois ari da maila onena ematen, eta Ter Stegen ere esnatu da. Hala ere, Oblak erreferentetzat daukat.
Athleticek urte asko daramatza Europan egon barik. Aurten amaituko da lehortea?
Ez dakit, ez daukat kristalezko bolarik. Klubarentzat zein jokalariontzat garrantzitsua da, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu. Aukera ona daukagu.
Unai Simon. Athleticeko atezaina
«Athleticen baino hobeto ez naiz beste inon egongo»
Klub indartsuen interesa piztu duen arren, atezainak Athleticen ikusten du bere etorkizuna. Klub zuri-gorriak eman dion guztia itzultzeko gogoa dauka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu