Kenan Kodro gustura dago Athleticen. Atzerriko esperientzia ez zaio atera espero zuen moduan, baina, hala ere, Athleticek ligarik indartsuenetako batean jokatzeko aukera eman dio. Taldera egokitzen ari da, baina Gaizka Garitanok konfiantza eman dio, eta jokatzen ari da. Lekua duela erakutsi gura du.
Egokitu al zara Athleticen egunerokora?
Bai, pozik nago; ondo hartu naute. Taldekide batzuk ezagutzen nituen, eta beste batzuen kontra jokatua nintzen; jokalari guztiek lagundu naute, eta oso giro ona dago taldean. Emaitzak onak dira; beraz, ezin dut askoz gehiago eskatu.
Zerk harritu zaitu gehien?
Taldean dagoen giroak, jokalarien arteko harremana oso ona baita. Atzerrian aritu naizen taldeetan ez zegoen halakorik; batasun handia dago.
Zuretzat zer da Athleticen jokatzea?
Athleticen deia jasotzea oso berezia da jokalari batentzat, historia handiko kluba da eta. Plazer hutsa da talde honetan jokatzea; nire esku dago eskatzen didatena erakustea.
Zer eskatu dizute?
Aurrelarioi lana eta golak eskatzen dizkigute. Azkenaldion ez gara asmatzen ari; futbolean ohikoak dira boladak. Onak direnean, erraz sartzen dira golak, eta lehorte sasoietan ikaragarri kostatzen da; ahaleginduko naiz entrenatzailea eta ingurua konbentzitzen merezi dudala Athleticen jokatzea.
Zure ustez, eman dizuten aukera mugarri izan liteke zure kirol bizitzan?
Bai, sentipen onak ditut. Athleticek garairik onenean fitxatu nauela iritzi diot; ondo nago arlo fisikoan zein buru aldetik. Athleticen jokatzeko aukerak urrea balio du niretzat. Niretzat eta beste edozein jokalarirentzat; esker oneko hitzak baino ez ditut.
Kopenhagen ari zinen; deiak ezustean harrapatu zintuen?
Bai. Danimarkan maila ona erakutsi eta Espainiako Ligara itzultzeko esperantza nuen. Futbolean inoiz ez da jakiten, eta niri orain iritsi zait aukera. Denbora gutxi daramat taldean, eta tarte apur bat behar dut egokitzeko. Orain arte erakutsi dudana baino gehiago eman dezaket, baina ezin naiz kexatu. Entrenatzaileak aukerak eman dizkit.
Nor jarri zen zurekin harremanetan: Gaizka Garitano edo klubeko kirol arduradunak?
Kluba. Baina gauzak nola gertatu ziren zehatz ez dakit; Rafa Alkortari [Athleticeko kirol zuzendaria] galdetu beharko diozu. Niri ilusio handia egin zidala esan diezazuket.
Osasunatik Mainz 05era joan zinen, Alemaniara. Gero, Suitzan, aritu zinen, Grasshopperren, eta jarraian, Kopenhagen. Goi mailako futbolaren trena galdutzat eman zenuen inoiz?
Nik inoiz ez diot aterik itxi etxera bueltatzeko aukerari. Osasuna utzi nuenean, beste futbol mota bat ezagutzeko ilusioa nuen; zoritxarrez, apustua ez zen nik pentsatu bezala atera. Gauzak beti ez dira norberak gura duen moduan irteten. Herrialde ezberdinak eta kultura berriak ezagutzeko aukera izan dut, baina nire ametsa Espainiako Ligara bueltatzea izan da.
Zer ikasi duzu Alemanian, Suitzan eta Danimarkan?
Egokitzea kostatu zait. Gure ohiturek eta herrialde horietakoek ez dute antzik. Hitz bat erabili beharko banu, esango nuke herrialde hotzak ezagutu ditudala. Eguraldia bakarrik ez; jendartea ere hotza da. Esate baterako, arratsaldez kafe bat hartzeko laguna aurkitzea gaitza da. Aldaketa handia da. Baina asko ikasi dut. Dena ez da txarra izan.
Iruñea utzi zenuenean baino jokalari osoagoa zara?
Bai. Buruz, gogorragoa naiz. Gainera, lehen nituen dohainak indartu eta gabeziak hobetzen ahalegindu naiz. Finean, esango nuke asko hobetu dudala. Arlo fisikoan indartsuagoa naiz. Bestalde, Alemanian joko zuzena egiten genuen, eta jokamolde horrek eskatzen dituen ezaugarriak lantzeko balio izan dit: banakako lehiak, goiko jokoa... Horregatik diot osoagoa naizela. Hala ere, asko daukat hobetzeko. Gaztea naiz. Nire kirol ibilbideko urterik onenen aurrean nagoela uste dut.
Zer arlo landu behar duzu falta zaizun urratsa egiteko?
Erabaki zuzenak hartzen ikasi behar dut. Bestalde, Athleticek beti zuzen eta intentsitate handiarekin jokatu du, eta nik indarra eman behar diot arean taldeari. Ez nago kezkatuta. Emango dut eskatzen didatena.
Futbolari ezezaguna zara Athleticeko zale askorentzat; oso gutxi ikusi zaituzte lehiatzen. Nolako jokalaria zara?
Asko mugitzen naiz, eta jaurtiketa ona daukat bi oinekin; finean, errematatzailea naiz. Horrek ez du esan gura taldearen sorkuntza lanean lagundu ezin dezakedanik. Aurrelari peto postuan aritzen naiz erosoen, baina erasoko gainerako postuetan ere joka dezaket.
Meho Kodroren semea izatea zama handia al da?
Ez, ohitu egin naiz. Gazteagoa nintzenean gehiago eragiten zidan; harro nago gure aita maisu eta entrenatzaile izan dudalako. Besteak beste, berari esker nago gorengo mailan. Niretzat ona izan da Meho Kodroen semea izatea.
Zer jokalari izan dituzu ispilu?
David Villa oso gustuko dut. Oso mugimendu onak ditu; erreferentea izan da. Bestalde, aita ere eredu izan da; jokalari bikaina izan zen.
Athleticek golak behar ditu. 26 gol baino ez ditu sartu ligako 27 partidetan.
Gol sena duten futbolariek milioi asko balio dute. Gol gutxi sartzen ari gara, ezin da ukatu. Lehorte handia izan arren, taldea ondo ari da, eta ondo ari gara lehiatzen. Pazientzia izan behar da. Golik sartu ezin badugu, gutxienez arriskutsuak izan behar dugu aurkariaren ate aurrean. Kontrarioa estu hartzea lortu behar dugu.
Aritz Adurizek eta Raul Garciak gol sena dute. Maisu onak izan litezke zuretzat.
Zalantza barik. Begiak zabalik izan behar ditut haiekin entrenatzen dudan bakoitzean.
Osasunan ari zinenean, gola sartu zenion Realari, zure talde ohiari, eta ospatu egin zenuen. Jokalari askok nahiago izaten dute ospakizunik ez egin; errespetua erakusteko era bat da. Zer iritzi duzu?
Jokalariak ikusi behar du zer egin. Profesionalak gara, eta gol bat ospatzea ez da errespetu falta. Nik ospatzea dut gustuko; une berezia da, emozio handikoa. Barrutik ateratzen zait. Berriz egoera hori egokitzen bazait ospatu egingo dut.
Athletic sailkapenaren erdialdean dago, 11 jardunaldiren faltan. Urrun daukazue bai jaitsierako postuak bai Europa. Zuk aurrera edo atzera begiratzen duzu?
Aurrera eta atzera begiratzen dut. Lasai gaude. Hankak lurrean jarri eta aurrera egiten saiatuko gara.
Gaur Atletico Madril hartuko duzue; ez da aurkaririk aproposena aurrerapausoa emateko. Goi mailako taldea izateaz gain, Athletici neurria hartu dio.
Oso partida gaitza daukagu, baina gu ondo ari gara. Etxean jokatzen dugu, eta zaleen babesa oso garrantzitsua da guretzat. Irabazten ahaleginduko gara.
Txapeldunen Ligan hartu berri duen kolpea nabari dezake?
Ez dakit; talde hori hiru egunetik behin jokatzera ohituta dago, eta, onerako zein txarrerako, azkar ematen dio buelta egoerari.
Savic, Godin, Gimenez... Oztopo handiak gainditu beharko dituzu jokatzen baduzu.
Guk ere aurrelari onak ditugu [barrez].
Donostian jaio eta hezi zinen, baina Bosniarekin jokatzen duzu. Zergatik?
Harro nago Bosniarekin jokatzeaz. Nire familiaren selekzioa ordezkatzea gauza handia da niretzat. Oso pozik nago.
Euskal selekzioak Panamaren kontra jokatuko du maiatzean. Deituz gero, jokatuko duzu?
Aukera badut, erantzungo dizut.
Kenan Kodro. Athleticeko jokalaria
«Athleticen aritzeko aukerak urrea balio du»
Athleticen eskaintzak ezustean harrapatu zuen Meho Kodro. Iritsi berria da, eta egokitzen ari da pixkanaka-pixkanaka, baina aukera baliatzeko gertu dago. Pozik dago Bilbon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu