Joseba Etxeberria. Realeko eta Athleticeko jokalari ohia

«Athleticen Aduriz da giltza, eta Realean Illarra zaindu behar da»

Bi taldeak espero baino okerrago egon arren, Realaren eta Athleticen arteko biharko derbia «erritmo handikoa eta ederra» izango dela espero du Etxeberriak. Egun, Amorebieta entrenatzen ari da.

JABI ATUTXA.
haritz gallastegi
2017ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Joseba Etxeberriak (Elgoibar, 1977) pasioz bizi du futbola. Umetatik maite du. Gaztetan nabarmendu zen. Zelaian erakusten zuen pareko azkartasunaz eman zituen gorengo mailara arteko pausoak. 17 urterekin egin zuen debuta Lehen Mailan, eta handik gutxira euskal futbolean hautsak harrotu zituen erabakia hartu zuen: Reala utzi zuen, eta Athleticera joan zen. Besteak beste, Bartzelonararekin fitxatzeko aukera izan arren, Bilbon egin zuen bere ibilbide guztia. Egun, zelaian ikasitako guztia aulkitik erakustea du xede. Sasoi honetan, Amorebieta Bigarren B Mailako taldea ari da entrenatzen. Baina ez dirudi horrekin konformatuko denik.

Ez zineten ondo hasi, baina azken bederatzi jardunaldietan ez duzue galdu. Zer egin duzue egoera iraultzeko?

Oso txarto hasi ginen. Orain, berriz, bolada latzak gainditu ostean, gozatzen ari gara [11. daude sailkapenean]. Taldean aldaketa asko egon dira, eta bagenekien hasiera ez zela erraza izango. Baina, era berean, ez genuen uste horrenbeste sufrituko genuenik. Defentsan hobetu dugu, eta aurrean konfiantza hartu dute futbolariek.

Amorebietak zein helburu ditu?

Mailari eustea. Baina hamar hilabete irauten duen lehiaketa batean gauza asko gerta daitezke. Amorebieta talde apala da, eta oinak lurrean izan behar ditugu. Baina ez diogu ezeri uko egiten.

Entrenatzaile lanetan hasiberria zarela esan daiteke. Zerekin egiten duzu amets?

Ez dakit nora eramango nauen bide honek. Denbora gutxi daramat, eta gozatzen ari naiz. Lezaman gazteei erakusten ibili ostean, jokalari helduagoekin ari naiz. Esperientzia aberasgarria da.

Asko aldatzen al da entrenatzailearen lana ia profesionala den talde batean, prestakuntzara bideratuta dagoen batekin alderatuz?

Dezente. Lezaman, lehentasuna jokalariak heztea da, eta, ondoren, emaitza onak lortzea. Amorebietan, berriz, ahalik eta puntu gehien irabaztea. Horrek aldatu egiten du teknikariaren ikuspuntua. Hala ere, aste barruko dinamikak antzekoak dira.

Mezua igortzeko era ezberdina da 18-19 urteko futbolari baten eta eskarmentu dezente daukan baten aurrean?

Bai. Adina aintzat hartu behar da, baita jokalari bakoitzaren izaera ere. Mezuak talde batean zein bestean ez dira asko aldatzen, baina konturatu naiz orain askoz gutxiagotan errepikatu behar izaten ditudala gauzak. Taldean ditudan futbolarien eskarmentuak erraztu egiten ditu gauzak.

Nolako entrenatzailea zara?

Eguneroko lana da nire filosofiaren oinarria. Entrenamenduetan asko sakondu behar da. Lan saioetan erakutsi behar zaie futbolariei zer egin behar duten partida egunean. Horren harira, askok esaten didate teknikari lasaia naizela, baina egunero nirekin daudenek ez dute gauza bera pentsatzen. Detaile txikiak zaintzea gustuko dut. Horrek lana eskatzen du.

Entrenatzaileak nolakoa izan behar du jokalariekin?

Jokalariek argi izan behar dute nork agintzen duen. Niri dagokit arauak jartzea. Baina, era berean, futbolariak zaindu egin behar dira. Harreman estua izan behar da eurekin, guztion helburua taldeak maila ematea baita. Nahiko gertukoa naizela uste dut.

Jokalari gisa entrenatzaileei ulertzen ez zenien zerbait ulertzen al duzu orain?

(Kar-kar). Jokalari gisa ondo entrenatzen eta neure burua zaintzen ahalegintzen nintzen zelaian, maila ona eman ahal izateko. Entrenatzaile lana beste bat da. Gauzen zergatia aurkitzea eta taldea entrenamenduetan indartsu aritzea dira nire lehentasunak.

Eta nola lortzen da gutxi jokatzeagatik haserre dagoen jokalari batek ondo entrenatzea?

Haren gainean egonda. Gutxiago jokatzen duen futbolariari pisu handia duen taldekidearen pareko errespetua erakutsi behar zaio. Talde batean guztiak dira garrantzitsuak.

Entrenatzailea bakarrik sentitzen al da emaitzak laguntzen ez dutenean?

Duda barik. Laguntzaileak inguruan daude, baina, oheratzen zarenean, burua lanean hasten da. Entrenatzailearen lana da arazoei konponbidea aurkitzea. Alde horretatik, arazoak gainditu eta emaitzak lortzen direnean, poza handiagoa izaten da.

Zein da ezagutu duzun entrenatzailerik onena?

Ernesto [Valverde] eredu bat da. Jokalari nintzenean zuzendu ninduen, eta behin futbola utzita haren lantaldean aritu nintzen hiru urtez. Oso ona da. Asko eskatzen du, baina, era berean, badaki jokalariei konfiantza ematen.

Zuk lortu duzu Amorebietan bolada latz bati buelta ematea. Ondo ezagutzen duzun Kuko Zigandak lortuko al du Athleticen?

Bai. Azken astea oso ona izan da konfiantza hartzeko. Kukok gaitasuna dauka, eta talde on bat bere ardurapean. Aurrera egingo dute. Athleticen jokalari garrantzitsuak falta dira: Yeray, Beñat eta Muniain min hartuta daude, eta De Marcos orain hasi da jokatzen. Jokalari garrantzitsuak dira. Ea taldeak indarra hartzen duen emaitza hobeak lortzeko.

Jokalari horien ekarpenarekin egoera beste bat izango zen?

Hori ezin daiteke ziurta, baina argi dago Athleticen jokalari garrantzitsuak falta direla. Jokalari horiek oso maila ona eman zuten aurreko sasoian, eta horiek barik Athleticek indarra galdu du. Hala ere, gauzak zuzendu eta denboraldi ona egiteko tartea badago.

Taldeak txarto ohitu ditu jarraitzaileak, eta zama hori al daramaegun?

Taldeak lan bikaina egin du, eta lortu duen guztia lortu badu gaitasuna daukalako izan da. Hala ere, horrek ez du esan gura erraza denik. Lehen Maila gogorra da. Taldea gai ikusten dut azken urteotako helburu bertsuen lehian egoteko.

San Mames berria estadio ederra da, baina giroa hoztu egin da. Zerbait galdu dela dirudi.

Hotzagoa da, bai. Baina partidak berotu direnean, eta taldeak intentsitatez jokatu duenean, berotu da giroa. Partida berezietan ez da nabaritzen, baina bestelako lehietan, akaso, bai.

Kepa Arrizabalagaren etorkizuna da kale eta tabernetako gai nagusia. Zuk zer diozu?

Kepak jarraitzea nahiko zaila izango dela dirudi. Kanpotik irudipen hori daukat. Baina denbora dago. Atezainak kontratua berritzea espero dut, eta azken egunotako albisteak okerrak izatea.

Kepak Athletic lagatzea kolpe latza izango litzateke?

Argi dago. Goi mailako atezaina da, harrobikoa, ondarroarra… kolpe mingarria litzateke. Bestalde, jokalariak kontratua luzatzea erabakiko balu, sekulako poza eragingo luke familia zuri-gorrian. Ea horrela den.

Athleticen filosofiarekin gorengo mailan mantentzea gero eta gaitzagoa da.

Beti izan da gaitza. Guk aukeratu dugun bidea da, eta badakigu oztopoak daudela. Hala ere, maila oso oneko euskal jokalariak daude gorengo mailan eta harrobian. Gazte horiek Athleticen jokatzea nahi izatea lortu behar dugu. Athletic eredu gisa hartzea lortu behar dugu.

Harrobiko izarrak konbentzitzeko eta kanpoko goi mailako jokalariak erakartzeko gaitasun falta kritikatu diote Josu Urrutiari. Zuk zein nota jarriko zenioke zuzendaritzaren lanari?

Zuzendaritzak ardura dauka, baina baita jokalariek ere. Bakoitza bere etorkizunaren jabe da. Athleticek erreferente izatea lortu behar du, baina ez da erraza.

Bestalde, bihar euskal derbia jokatuko da San Mamesen. Zer espero duzu?

Erritmo handiko partida izango dela iritzi diot, ederra. Ez dabiltza fin, baina bi taldeetan daude goi mailako jokalariak. Neurria ematen badute, partida irekia eta ederra izango da.

Zein jokalarik izango dute derbiko giltza?

Athleticen, Aduriz da giltza. Errematean asmatzen ari da. Realak, duen jokamoldeagatik, Illarramendi izan daiteke futbolaririk garrantzitsuena. Dena dela, bi taldeek dituzte jokalari oso onak, eta edozeinek erabaki dezake lehia.

Derbiez oroitzapen onak dituzu? Makina bat jokatutakoak zara.

Egun politak dira, baina joko aldetik ez dira oso ikusgarriak.

Realaren kontrakoa edo Real Madrilen aurkakoa da jarraitzaileentzat partidarik bereziena?

Biak dira bereziak eta garrantzitsuak.

Athleticen aulkian ikusiko bazintugu, inor ez zen harrituko. Reala entrenatuko zenuke?

Ezin da jakin. Lehenik eta behin, beste batzuek eman beharko lukete pausoa. Hala ere, feeling aldetik ez dut erraz ikusten.

17 urterekin hartu zenuen erabakiaz damutu al zara inoiz?

Ez, inolaz ere ez! Oso erabaki ona hartu nuen. Athleticen egin nituen hamabost urteak ederrak izan ziren. Sekula ez naiz damutu.

Eman emaitza bat derbirako.

1-0. Aritz Adurizek sartuko du garaipenaren gola.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.