Athleticek 0-0 berdindu du Vila-realen aurka talde horren zelaian, eta hala sei punturen aldea ateratzen dio oraindik. Zuri-gorriak laugarren dira sailkapenean, 54 punturekin, eta Vila-real bosgarren, 48 punturekin. Betisek ere 48 puntu ditu orain, larunbatean Bartzelonaren futbol zelaian 1-1 berdindu ostean.
Marcelino Garcia Vila-realeko entrenatzaileak partidaren ostean esan zuen bere taldeak gehiago merezi zuela. Ez ziren golik sartzeko gai izan, ordea. Lehen zatian hobeto aritu ziren valentziarrak, baina bigarrengoan indarrak orekatu egin ziren; Athletic zuhurrago aritu zen, eta partidaren amaieran soilik egin zuen aurrera; batik bat, 82. minututik aurrera, epaileak Pape Gueye Vila-realeko jokalaria kanporatu baitzuen orduan, Maroani egindako sarrera batengatik.
Yurik min hartuta utzi zuen futbol zelaia lehen zatian. Paredes ere aldatu behar izan zuen Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzaileak, eta Glasgown jokatzerik izango duten ez dago ziur oraintxe. Ruiz de Galarretaren eta Yerairen hutsuneak ere izan ditzake Athleticek Europa Ligako final-laurdenetako partida horretan. Ostegunean jokatu da (21:00).
Hutsune horiek izanez gero, Valverdek Vivian eta Nuñez izango ditu soilik erdiko atzelari postuetan jokatzeko. Atzo 0-0ekoari eutsi zioten, eta Vivian gola sartzeko zorian izan zen partidaren amaieran. Ezker hegalerako, berriz, Boiroren eta Lekueren artean erabaki beharko du entrenatzaileak. Atzo Boirok ordezkatu zuen Yuri.
Vila-real: Luiz Junior; Kiko Femenia, Foyth, Costa (Kambwala, 77. min.), Cardona (Pedraza, 77 min.); Buchanan (Yeremy Pino, 56 min.), Parejo (Gueye, 63 min.), Comesaña, Alex Baena; Ayoze (Gerard Moreno, 56. min.) eta Barry.
Athletic: Unai Simon; Gorosabel, Vivian, Paredes (Nuñez, 73. min.), Yuri (Boiro 34. min.); Prados, Gomez (Sancet, 63. min.), Jauregizar; Iñaki Williams, Guruzeta (Maroan, 73. min.) eta Nico Williams (Berenguer, 63. min.).
Epailea: Melero Lopez. Txartel horia Athleticeko Gorosabeli, eta gorriak Ruben Uria Vila-realeko bigarren entrenatzaileari (81. min) eta Gueyeri (82. min.).