Athleticek Vigon jokatuko du gaur, eta Realak, Valentzian

Zuri-gorriek Kopako kanporatzea ahaztu eta Txapeldunen Ligako postuetan sendotu nahi dute; txuri-urdinek, berriz, azken sailkatuaren zelaian irabazi eta urte hasiera onari segida eman.

Nico Williams baloiarekin, sasoi honetako partida batean.
Nico Williams baloiarekin, sasoi honetako partida batean.
Jone Bastida Alzuru.
2025eko urtarrilaren 19a
05:05
Entzun

Espainiako Ligako hogeigarren jardunaldian, etxetik kanpo arituko dira gaur Athletic eta Reala: zuri-gorriek Vigon jokatuko dute Celtaren kontra, 14:00etan (Dazn); txuri-urdinek, berriz, Valentzia izango dute aurrez aurre, azken sailkatua, 21:00etan (Movistar+).

Denboraldi izugarria egiten ari da Athletic. Urri hasieran galdu zuen ligako azken partida, Gironaren aurka. Orain laugarren dago Txapeldunen Ligarako sailkatzeko postuetan. Hori bai, bi lehiaketatan huts egin du berriki: Espainiako Kopan eta Superkopan. Garaipenen bidera itzultzeko gogoz dago, beraz.

Oihan Sancetek min hartuta segitzen du, baina gainerako jokalari guztiak jokatzeko moduan daude. Kopatik kanporatuak izatea kolpea izan den arren, Ernesto Valverdek ondo ikusten du taldea: «Sasoi honetan arrazoi asko ditugu borrokatzeko. Celta aurkari zaila da, eta oso indartsua etxean. Erasoan bikain ari da. Baina gu gogotsu gaude». Unai Simonek berrehungarren partida jokatuko du gaur elastiko zuri-gorriarekin.

Realak ere ez du atseden hartzeko tarterik izan. Kopan Rayo kanporatu berritan, Valentziara bidaiatu du Imanol Alguacilek zuzendutako taldeak. Jon Mikel Aramburuk ezingo du jokatu, bost txartel hori dituelako pilatuta, eta Traorek eta Zakharianek ere min hartuta segitzen dute. Deialdian dira Odriozola eta Urko Gonzalez de Zarate. Litekeena da Imanolek txandakatzeak egitea. Izan ere, Europa ligako neurketa du Realak hurrengo ostegunean, Lazioren aurka. Ligaxkako buru da Italiako taldea.

Kontrara, sailkapenaren zulo-zuloan dago Valentzia. Alguacil ez da fio, ordea: «Valentzia ez dago une on batean, baina argi daukat talde handi bat dela. Edozein unetan aldatu dezakete joera. Espero dugu gure aurka ez izatea, eta, horretarako, partida on bat egin beharko dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.