Fenerbahce 0-2 Athletic

Athleticek talde handien moduan irabazi dio Fenerbahceri

Athletic Europa ligako lider kokatu da Fenerbahceren zelaian hiru puntuak batuta, eta ia egina dauka lehen zortzietan sailkatzeko bidea. Sanceten distirak eta Iñaki Williamsek lehen zatian sartutako bi golek erabaki dute lehia.

Athelticeko jokalariak Williamsek sartutako goletako bat ospatzen. TOLGA BOZOGLU / EFE
Athelticeko jokalariak Williamsek sartutako goletako bat ospatzen. TOLGA BOZOGLU / EFE
jon eskudero
2024ko abenduaren 11
19:45
Entzun

Ez dago Athletic geratuko duenik. Aspaldiko bolada onari jarraipena emanaz, talde handien moduan irabazi du gaur Fenerbahceren zelaian, eta Europa ligako lider bihurtu da behin-behinean. Hasi eta buka, dena ongi egin du Ernesto Valverderen taldeak. Besteak beste, sakrifizioa, fisikoa, ofizioa, nortasuna eta eraginkortasuna erakutsi ditu, eta guztiz merezita gailendu zaio Jose Mourinhoren taldeari. Lehen minutuetan itota jokatu arren, behetik gora egin dute nabarmen zuri-gorriek, eta Oihan Sanceten distirak eta Iñaki Williamsek bi golek erabaki dute lehia. Emaitza bikain kudeatzen asmatu du gerora taldeak, eta, Europan jokoan izandako hemezortzi puntuetatik hamasei bildu ondoren, lehen zortzietan sailkatzeko bidea ia egina dauka. Nico Williamsek eman du arratseko albiste txar bakarra, min hartuta zelaia utzi baitu.

Espero baino aldaketa gutxiago egin ditu Valverdek hamaikakoan, partidaren garrantziaz jabetuta. Irabazteak mahai gainean kolpe galanta ematea zekarren, eta ez dute huts egin jokalariek. Hori bai, sufritu dute ederki lehen minutuetan. Oso-oso bizi zelairatu da Fenerbahce, eta itota jokatu du Athleticek, kosta egin baitzaio baloia luzaroan edukitzea. Erritmo izugarria nabari zen zelaian, baina etxekoen opari batek aldatu du gidoia berehala. Izan ere, Akaydin Fenerbahceko defentsak oker larria egin du: atezainari eman nahi zion baloia motz utzi du, eta Guruzetak ez du aukera alferrik baliatu. Ate aurrean bakarrik zegoela, Williamsi eman dio baloia, eta hegalekoak egin du 0-1ekoa, 6. minutuan.

Golak lasaitasuna ekarri dio Athletici, eta sendo eta ordenatuta jokatzera mugatu da hurrengo minutuetan. Bi lerro eraiki ditu defentsako lanean, eta etxekoak nahi eta ezin ibili dira, erasoko jokaldiak josi ezinda. Jauregizarrek eta Ruiz de Galarretak zelai erdian egin duten lana aipagarria izan da, aurkarien erritmoa eten baitute, baloiak lapurtuta edota faltak eginda. Erasoan zerbait gehiago sortzea falta izan zaie zuri-gorriei, baina Guruzetak berak gertu izan du 0-2koa lehen ordu erdia bete aurretik, berriz ere etxekoen opari baten ondorioz. Eroso zegoen Athletic, baina 36. minutuan iritsi da arratseko albiste txarra, Nico Williamsek zelaia utzi baitu eskuin belaunean kolpe gogor bat hartuta. Klubak adierazi duenez, halere, ez du ezer hautsi.

Lehen zatiko azken minutuetan berriz ere biziago jokatu du Fenerbahcek, atsedenaldia baino lehen berdinketaren gola egiteko. Gogotik estutu dute, eta pare bat gol aukera ere sortu dituzte. Hots, unerik kritikoenean iritsi da Athleticen 0-2koa. Paredesek bikain eraman du metro luzez baloia atzetik aurrera, Sanceti eman dio pasea, hark Williamsi, eta bi anaietan zaharrenak gol ikusgarria sartu du, 45. minutuan. Eskuin hegaletik bortitz jo du baloia, eta mutu utzi ditu etxeko jarraitzaileak.

Fenerbahce, hamarrekin

Golak min handia egin dio Fenerbahceri, eta ez du suspertzeko zantzu handirik erakutsi bigarren zatiaren hasieran. Gakoa zen zuri-gorrientzat lehen minutu horietan emaitzari bere hartan eustea, eta bikain jardun dute jokalariek, ofizio handiz. Vivian zelairatu da defentsan Yerayren ordez, eta igarri da gaztearen presentzia. Defentsako lanean ezin hobeki aritu da Athletic. Gainera, 68. minutuan bat gutxiagorekin geratu da etxeko taldea, bigarren txartel horia ikusi baitu Muldurrek, guztiz merezita. Horrek lanak are gehiago erraztu dizkie bisitariei, eta partida amaierara bitarte eroso jokatu dute.

Horiek horrela, Athletic lehen postuan dago Europa ligan, eta, ondo bidean, lehen zortzietan sailkatuko da; zuzenean final-zortzirenetarako, alegia. Dena den, Valverdek oinak lurrean edukitzea nahi du.

Fenerbahce-Athletic

Fenerbahce: Livakovic; Osayi-Samuel, Djiku, Samet Akaydin (Caglar Soyuncu, 46. min.), Mert Muldur; Ismail Yuksek, Amrabat, Tadic (Under, 73. min.); Szymanski (Dzeko, 61. min), Saint-Maximin (Kahveci, 73 min.) eta En-Nesyri.

Athletic: Agirrezabal; Gorosabel, Yeray (Vivian, 46. min.), Paredes, Adama; Galarreta, Jauregizar (Prados, 67. min.); Iñaki Williams, Vesga, 84. min.), Sancet, Nico Williams (Berenguer, 37. min.); eta Guruzeta (Unai Gomez, 67. min.).

Golak: 0-1: Iñaki Williamsek (5.min.). 0-2: Iñaki Williamsek 44. min.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (2)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.