Sufritutako garaipena eskuratu du Athleticek San Mamesen, Slavia Pragaren aurka 1-0 irabazita. Txekiarrek behin eta berriro eraman dute arriskua zuri-gorrien atera, baina Julen Agirrezabalak aparteko partida jokatu du. Sei geldiketa egin ditu guztira, eta atea kisketaz itxi du. Nico Williamsek sartu du gol bakarra, zorte apur batekin.
Partida hasiera nekeza izan da Athleticentzat. Bisitariak esne mamitan iritsi dira azken hamazazpi partidetatik bakarra galduta, eta joko lotsagabea erakutsi dute San Mamesen. Indartsu atera da Slavia, espero bezala. Presio itogarria egin diete atzelari zuri-gorriei, eta ahalik eta lasterren jokatu dute erasoan, baloia lapurtutakoan. Haienak izan dira lehen aukerak. Julen Agirrezabalak txekiarren gola eragotzi du Michezen erremateari erantzunda, eta Dioufen burukada gutxigatik joan da kanpora. 15. minutua zen, eta sufritzen ari zen Valverderen taldea.
Hala ere, zuri-gorriak aurreratu dira markagailuan. Txekiarrak bezalaxe, Athletic ere bolada gozoan dago, eta zortea ere alde daukala dirudi. Banakako jokaldietan oinarritu da behetik gora egiteko, eta ezer gutxi eginda lortu du markagailuan aurreratzea. Baloia areatik gertu lapurtu du Athleticek, eta area ertzean iritsi zaio Nicori. Kontrol ona egin du, eta haren jaurtiketa sarera joan da atzelari baten gorputzean jo ostean. Erremateak ez zeukan arrisku handirik, baina guztiz desbideratu da baloia. Bost minutu lehenago, Iñaki Williamsi egindako penalti bat ikusi du epaileak, baina VARean ikusi ostean, baliorik gabe utzi du, Gorka Guruzetaren falta bat tarteko.
Bisitariak, ordea, ez dira kikildu, eta ez dute jokamoldea aldatu. Hegalak baliatu dituzte abiadura bizian erasotzeko, eta gertu izan du berdinketaren gola Michezek. Lehendabizi, buelta erdian egin du errematea lehen zatiaren azken minutuan, baina Agirrezabalak bikain erantzun dio. Bigarren zatia hasi eta berehala ere abagunea izan du Michezek berak, baina Agirrezabala agertu da, beste behin. Gipuzkoarra izan da zuri-gorrien jokalaririk onena, ezbairik gabe.
Aldaketekin, lasaitasuna
Slaviak berdinketaren golaren bila egin du aurrera, eta Tomas Chory bi metro luze den aurrelaria zelairatu du Jindrich Trpisovskyk. Berehala erakutsi ditu bere dohainak, eta gola sartzeko zorian izan da. Falta jaurtiketa bat errematatu du buruz, baina hankekin atera du Agirrezabalak, gaueko protagonistak.
Valverdek argi ikusi du arriskua, eta aldaketak egin ditu. Zelai erdia indarberritu du, eta baloi jabetza bereganatu dute zuri-gorriek. Oihan Sancet, zeina lesio batetik itzuli berria baita, oso garrantzitsua izan da lan horretan. Nafarra izan da iparrorratza azken minutuetan, eta haren sarrerarekin baloia gorde du Athleticek. Zaleen hauspoa lagun, ondo eutsi dio emaitzari Athleticek, eta dagoeneko zazpi puntu eskuratu ditu Europa ligako lehen hiru jardunaldietan.