Azken lau partidetan bi puntu bakarrik lortu ostean, Athleticek hiru puntuak batu ditu berriz ligan. 0-2 irabazi du Getaferen zelaian. Talde zuri-gorriak ez du partida ona egin, baina Iñaki Williamsen bi golek garaipena eman diote. Sufritu egin du Athleticek, bederatzi jokalarirekin amaitu baitu partida. Gil Manzanok talde zuri gorriaren bi erdiko atzelariak egotzi baititu, bi akatsen ostean: Yeray aurrena (58. min) eta Paredes 79. (79, min). Unai Simonek, gainera, penalti bat geratu du. Hura izan da zuri-gorrien jokalari onena, bata bestearen atzetik geratu baititu etxekoen erremateak. Orain, talde zuri-gorriak Atletico Madrilek egiten duenaren zain egon beharko du, Txapeldunen Ligako postuetara gerturatzeko. Espainiako taldeak Mallorcaren aurka jokatuko du gaur.
Azken lau partidetan bi puntu bakarrik lortu ostean, Ernesto Valverdek aldaketak egin ditu hamaikakoan. De Marcos, Herrera, Berenguer, eta Unai Gomez arituko dira hasieratik; eta besteak beste,Guruzeta aulkian geratu da. Athletici kostatu egin zaio partidan sartzea, eta lehen minutuetan Getafe hobeto aritu da, nahiz eta gol aukera argirik ez sortu. Bakanetakoa, Athleticen atzealdea baloia aldentzen asmatu ez duen jokaldi batean izan da.
Pixkanaka Valverdek zuzentzen duen taldeak baloiren jabetzea izatea lortu du, eta jokoa orekatzen joan da. Dena den, Athleticek ez du lortu jokoari ohikoa duen abiadura ematea, eta ez du segidarik izan jokoan. Hala, ezin izan du baloi aukera argirik sortu. Baina 27. minutuan, talde zuri-gorriak egindako lehen errematean, gola iritsi da. Iñaki Williamsek Nico anaiaren pase bat jaso du area ertzean, bizkor eman du buelta, eta haren erremate gurutzatua sareetara joan da.
Gola jaso arren, Getafek bere horretan jarraitu du, eta oso gertu izan du berdinketa. Buruz buruzko jokaldia egin du Greenwoodek, eta Yeray atzean utzi ondoren, erremate ona egin du area ertzetik. Baloiak golerako bidea hartu du, baina Unai Simonek ezker esku bikaina atera du.
Ia erreskadan Berenguerrek erantzun du. Aukerako errematea izan du, eta Djenek ondo atera du baloia. Aldaratzea iritsi zaio nafarrari, baina Nico Willimasi eman dion pasea ez da ona izan. Lehen zatiko minuturik onenak eta bizienak izan dira. Ondoren, berriro ere partidak erritmoa galdu du, eta atsedenaldira 0-1 iritsi da partida. Onena hori izan da Athleticentzat. Izan ere, partidaren erritmoa eta bilakaera aproposagoa izan da Getaferentzat.
Williamsen bigarrena
Bigarren zatiari estutuz ekin dio Getafek, eta hiruzpalau aldiz gerturatu da Unai Simonen atera. Apur bat lo atera da talde zuri-gorria. Greenwoodi beste gelditu on bat egin dio Unai Simonek. Haatik, berriro ere Williams anaiak agertu dira. Nicok bikain bideratu du eskuin hegaletik kontraeraso bat, atzean utzi du Diego Rico, eta bikain ikusi du ezker hegalean Iñaki anaia. Abiadura baliatuz, bakarrik iritsi da area txikira, eta gola egin du.
Golak min egin dio Getaferi, eta batez ere Nico Williamsek min egin du bere hegaletik. Bazirudien emaitza horrekin Athletic nagusitzen joango zela, eta ez zuela aparteko arazorik izango garaipena lortzeko. Baina ez da hala izan. Zelai erdian akats bat egin du Pradosek, eta Yeray hura konpontzen saiatu da, Baina baloia eskuarekin moztu du, Gil Manzano epaileak txartel gorria atera dio. Jokaldi horrek partida aldatu du. Athleticek atzerapauso bat eman du, atzean sartu da, eta Getafek hori baliatu du arriskua sortzeko. Berriro ere aukera ona izan du Greenwoodek, baina ondo erantzun du Unai Simonek. Haren erakustaldia hasi da orduan.
Athleticek atzetik atera behar zuen, sufritzen ari baitzen, eta 25 minutu falta baitziren amaierarako. Maksimoviceken eta Mataren beste bi aukera iritsi dira ondoren. Etxekoak oso nagusi ziren, eta Athletic ez zen gai, baloia izan eta jokaldi bat lotzeko. Defentsan ere ez zebilen fin. Getaferen nagusitasuna areagotu egin da. Akats baten ostean Gil Manzanok bigarren txartela horia atera baitio 79 minutuan Aitor Paredesi, Millari egindako sarrera baten ostean. Gainera, 85. minutuan penaltia adierazi du, erdiraketa batean baloiak eskuan jo diolako Raul Garciak. VARean begiratu behar izan du jokaldia, erabakia berresteko. Epailearen erabakiarekin haserretu egin da Valverde, eta protesta egiteagatik txartel gorria jaso du. Unai Simonek gelditu egin dio Greenwoodi. Getafek aukera gehiago izan ditu, baina Unai SImonekin egin du tope. Azkenean, 0-2ekoarekin amaitu da partida.