Futbola Espainiako Lehen Maila

Athleticek, Realak eta Osasunak etxean hasiko dute liga; Alavesek, kanpoan

Espainiako Lehen Mailako egutegiaren zozketa egin dute. Lehen jardunaldian, euskal taldeek partida hauek izango dituzte: Athletic-Getafe, Reala-Rayo, Osasuna-Leganes, eta Celta-Alaves.

Anoetan Realak eta Athleticek aurreko denboraldian jokatu zuten derbia. JUAN HERRERO / EFE
Anoetan Realak eta Athleticek aurreko denboraldian jokatu zuten derbia. JUAN HERRERO / EFE
pettan uralde
2024ko ekainaren 18a
14:27
Entzun

Espainiako Lehen Mailako ligako egutegiaren zozketa egin dute gaur eguerdian, eta Alavesek, Osasunak, Athleticek eta Realak euren bide orriaren berri izan dute. Denboraldia abuztuaren 18an hasiko dute, eta maiatzaren 25ean amaitu.

Denboraldiaurrea amaitu, eta berehala izango dute estreinaldia ligan euskal taldeek; abuztuaren 18ko asteburuan, hain zuzen. Athleticek Getafe jasoko du San Mamesen. Realak ere etxean emango dio hasiera ligari, Rayoren aurka, eta Osasunak Leganes igo berriaren aurka jokatuko du. Alavesek, berriz, kanpoan ekingo dio sasoi berriari. Arabarrek Celtaren aurka izango dute norgehiagoka. Azken jardunaldia, berriz, maiatzaren 25ean jokatuko dute, eta partida hauek izango dituzte: Athletic-Bartzelona, Real Madril-Reala eta Alaves-Osasuna.

Lau euskal talde izango dira berriro futboleko maila gorenean, eta, hartara, hamabi derbi jokatuko dira guztira denboraldian zehar. Horietako bat azken jardunaldian iritsiko da, eta Alaves eta Osasuna izango ditu protagonista. Lehen itzulian, aurreneko derbia hirugarren jardunaldian iritsiko da, Realaren eta Alavesen arteko partidarekin. Hurrengoa hamaikagarren jardunaldian izango da, Realak Osasuna hartuko baitu Anoetan. Hamalaugarren jardunaldian Athletic eta Reala ariko dira aurrez aurre, eta hamaseigarrenean, Osasuna eta Alaves. Lehen itzulia amaitzeko, Osasunak Athletic hartuko du Sadarren hemezortzigarren jardunaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.