MALLORCA 0-0 ATHLETIC

Athletic puntu garratz batekin itzuliko da Mallorcatik

Etxeko taldea jokalari bat gutxiagorekin aritu da ordubetean baino gehiagoan, baina zuri-gorriek ez dute irtenbiderik aurkitu Mallorcaren armiarma sarean. Bi gol sartu dituzte, baina biak baliogabetu ditu epaileak

Mikel Jauregizar eta Pablo Maffeo. CATI CLADERA/EFE
Mikel Jauregizar eta Pablo Maffeo. CATI CLADERA/EFE
Beñat Mujika Telleria.
2024ko urriaren 28a
21:35
Entzun

Athleticek 0-0 berdindu du Mallorcan, Espainiako Ligako 11. jardunaldian. Jagoba Arrasateren taldeak jokalari bat gutxiagorekin jokatu du 25. minutuaz geroztik, Samu Costa egotzi baitu epaileak. Horrek partidako plana aldatzera behartu du teknikari bizkaitarra, eta defentsako lanean jarri du arreta. Fin aritu dira lan horretan, eta, Athleticek baloiaren jabetza izan duen arren, ez du lerro artean min egiterik lortu. Hala ere, bi gol sartu dituzte zuri-gorriek, baina biak baliogabetu ditu epaileak.

Neurketako lehen minutuan aukera garbia izan du etxeko taldeak markagailuan aurreratzeko. Eskuin hegaletik abiadura bizian mugitu du baloia Mallorcak, eta Pablo Maffeok erdiraketa bikaina egin du areara. Dena alde zeukala egin du errematea Vedat Muriqi aurrelariak, baina Julen Agirrezabalak geldiketa ikusgarria egin du atepean, oinarekin. Gipuzkoarrak neurketa ikusgarria jokatu zuen iragan ostegunean, eta gaur ere ondo baino hobeto egin du bere lana.

23. minutuan gertatu da neurketa baldintzatu duen jokaldia. Samu Costak bigarren txartel horia ikusi du, Iñigo Ruiz de Galarrera zapaldu ostean. Neurketa hasi berria zegoen, eta bi taldeak neurketari tamaina hartzen ari ziren oraindik. Bada, une horretatik aurrera guztiz baldintzatu du Arrasateren plana. Hamar minutu lehenago ere ia kalera joan da Costa bera. Jokaldi horretan ere Ruiz de Galarretari egin dio sarrera portugaldarrak, eta epaileak txartel horia erakutsi dio. VOR gelan dagoen epaileak, ordea, pantailatxora joan zedin aholkatu dio epaile nagusiari, txartel gorria izan zitekeelakoan. Epaileak, ordea, ez du erabakia aldatu.

Jokalari bat gehiagorekin baloiaren jabetza bereganatu du Athleticek, eta geroz eta aurrerago jokatzea lortu du pixkanaka-pixkanaka. Aurrerapausoa eman dute zuri-gorriek golaren bila, eta etxeko taldeari kosta egin zaio jokalari bat gutxiagorekin Costak utzi duen hutsunea betetzea. Gainera, atsedenaldia iritsi aurretik gola egitea lortu du Athleticek, baino baliorik gabe utzi du VAR-ak. Oso gutxigatik, baina baloia zelaitik irten da Iñaki Williamsek erdiraketa egin aurretik.

Nahi eta ezin

Bigarren zatian partidaren bila joan da Athletic, baina Arrasateren armiarma sarearekin egin dute topo zuri-gorriek. Defentsako lanean ardaztu du bere jokoa Mallorcak, eta zailtasun ugari izan ditu Valverderen taldeak. Entrenatzaileak azkar egin ditu aldaketak, eta Berenguer eta Djalo jokalari bizkorrak sartu ditu, lerro artean ondo moldatzen direnak. Abiadura handiagoarekin mugitu nahi zuen baloia teknikariak, ez baitzuten irtenbiderik topatzen etxeko taldearen defentsa zabaltzeko.e

Minutuak aurrera zihoazen, eta zuri-gorrien erdiraketek ez zuten errematatzailerik aurkitzen. Halako batean, Iñaki Williamsek gola sartzea lortu du, baina hori ere baliorik gabe utzi du marrazainak. Iñaki bera jokoz kanpo zegoen erdiraketa egin dutenean. Zortea ere ez dute alde izan bilbotarrek.

Urruneko jaurtiketekin izan du gertuen gola Athleticek. 82. minutuan langara bidali du baloia Nico Williamsek. Area ertzetik eskuadra bilatu du Williams anaietan txikienak, eta gertu izan du gola. Aldaratzea Berenguerri iritsi zaio, baina gehiegi gurutzatu du errematea. Ander Herrera ere urrunetik saiatu da azken hatsean, baina erdilariaren erremate bortitza gutxigatik joan da kanpora. Mallorcak sufritzen jakin du, eta puntu baliotsua lortu du Arrasateren taldeak. Athleticek, berriz, aho zapore garratzarekin hartu du aldagelarako bidea.

Mallorcatik urrun, Nico Williams eta Unai Simon protagonista izan dira neurketaren ordu berean. Gaur egin dute France Football aldizkariak banatzen duen urrezko baloiaren gala, eta izendatuen artean zeuden biak. Wiilliams Urrezko Baloia lortzeko hautagaien artean zegoen –hamabosgarren gelditu da saria lortzeko lehian–, eta Unai Simon, berriz, urteko atezainik onenaren sarirako zerrendan. Arabarra bigarren gelditu da Lev Yachin atezainaren izena daraman saria lortzeko lehian; Emiliano Dibu Martinezek irabazi du saria.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.