Epaileak hiru penalti adierazi ditu, eta bat errepikatu ere egin behar izan da. Partida zoroa jokatu dute Gironak eta Athleticek Montilivin (2-1). Gora eta behera ibili dira bi taldeak etengabe, ausart. Hiru gol izan dira, baina gehien nabarmendu diren jokalariak bi atezainak izan dira, Gazzaniga eta Padilla. Edonork irabaz zezakeen, baina hiru puntuak etxekoentzat izan dira.
Bi taldeek Europako partidak izan dituzte aste barruan, baina gaur ez dute ezer gorde Michelek eta Valverdek. Hobeto hasi da Athletic, batez ere presioan egindako lan bikainari esker. Saria 28. minutuan heldu zaio ia. Berenguerri —lehen zatiko jokalari onenari— penaltia egin diote, nafarrak berak jaurti du, baina asmatu egin dio Gazzanigak.
Horri esker suspertu da etxeko taldea, eta 39. minutuan gola sartu du, Asprillak area kanpotik egindako erdiraketa-jaurtiketa bati esker. Bi minutu geroago erantzun dute zuri-gorriek: Berenguerrek pase zoragarria egin dio Sanceti, eta baloia sarera bidali du erdilariak. Atsedenaldiaren aurretik, bi taldeek izan dituzte gol aukera argi gehiago.
Ez bat, ez bi, hiru
Bigarren zatia bide beretik hasi da, eta berriz ere penalti bat izan du alde Athleticek. Lehen saiakera Iñaki Williamsek egin du, baina berriz ere Gazzaniga nagusi. Ateko marra baino aurrerago zegoen, ordea, atezain argentinarra. Penaltia errepikatu behar. Ander Herrerak egin du hirugarren saiakera, baina hark ere huts.
Hortik aurrera, Girona hobea izan da, eta gola lehenago egin ez badu, Padillaren bizpahiru geldiketa ikusgarriri esker ez du egin. Stuanik luzapenean jaurti dion penaltiaren norabidea ere asmatu du atezain zarauztarrak, ukitu du baloia, baina ez da nahikoa izan.
Sailkapen nagusian, behin-behinean, seigarren da Athletic, 14 puntu lortuta. Datorren astean ez da jardunaldirik izango lehen mailan.