Datorren denboraldian ere Europan barrena bidaiatuko du Athleticek. Zein lehiaketatan jardungo duen ez daki oraindik ere, baina Las Palmasen aurka hiru puntu batu ondoren, matematikoki Europan ariko direla ziurtatu dute zuri-gorriek. Hots, Txapeldunen Liga jokatzea dute helburu, eta, bide horretan, aurrerapauso garrantzitsua eman du gaur Ernesto Valverderen taldeak. Are gehiago kontuan hartuta Vila-real aurkari zuzenak galdu egin duela. Egiari zor, partida tristea jokatu du Athleticek, baina Iñaki Williamsen gol goiztiar bat aski izan du irabazteko. Hori bai, epailearen azken txistua ez da nahi ordurako iritsi, baina helburua bete dute zuri-gorriek, eta orain Europa ligako finalerdiak ongi prestatzeko moduan izango dira.
Ezer gutxi gorde du aulkian Valverdek hasierako hamaikakoari begira. Nico Williams salbu, gainerako ohiko jokalari guztiak zelairatu ditu, partidaren garrantziaren jakitun. Zuri-gorriek ez diote intentsitate izugarriz ekin lehiari, baina beharrik ere ez dute izan, ohartzerako hartu baitute aurrea. Goi mailako jokaldia osatu dute zelai erditik aurrerako jokalariek: ederki mugitu dute baloia lehenbizi, Maroanek ongi zabaldu du eskuinera baloia, Ruiz de Galarretak pase ederra eman dio sakonean Williamsi eta hark maisuki egin du 1-0ekoa. Errepikatuta hainbat aldiz ikusteko moduko gola sartu dute etxekoek. Williams anaietan zaharrena apal antzean zebilen aspaldian erasoan, baina erarik onenean itzuli da lehengora. Atzelariari izkin egin ondoren, ederki gainditu du Las Palmaseko atezaina.
Golak lasaitasuna ekarri dio Athletic. Gehitxo, ziurrenik. Bisitariak ez dira gidoitik irten, eta pixkanaka konfiantza irabaziz joan dira. Baloia eurena izan da, eta Unai Simonen ate inguruan arriskurik sortu ez badute ere, jokoan nagusi izan dira. Tristea izan da Athleticen jokoa, intentsitate eta erritmo gabea. Gainera, 20. minutuan heldu da arratseko albisterik txarrena: Sanceten lesioa, enegarrena. Jokaldi nahasi batean min hartu du eskuin hankan, eta ikusi beharko da zenbateraino luzatzen zaion. Nafarraren ordez Canales gaztea zelairatu da.
Baina gazte baten ilusioa ere ez du pizgarri izan Athleticek lehen zati osoan. Bistakoa izan da buruan beste kontu bat zutela jokalariek: datorren asteko Manchester Uniteden aurkako partida, hain zuzen. Sanceten lesioa ikusita, gainera, min hartzeko arriskuetatik urrun ibili dira zuri-gorriak. Baina suarekin jolastu dira, eta Las Palmasek izan ditu bizpahiru aukera on banakoa egiteko. Esaterako, 37. minutuan geldiketa aparta egin dio Unai Simonek McBurnieri. Atezainak berak eutsi dio emaitzari bere horretan.
Suarekin erretzear
Bestelako jarrerarekin eta nortasunarekin zelairatu da Valverderen taldea bigarren zatian. Lehen baino lehen bigarren gola egitea izan du xede, eta izan ditu horretarako aukerak. Berenguerrek buruz bidali du baloia langara korner batean. Ruiz de Galarreta eta Jauregizar zelai erdiaren jabe egin dira, eta bi haiek gidatu dute etxekoen jokoa. Hegaletatik min egin dute zuri-gorriek. Makina bat erdiraketa iritsi dira area barrura, baina Maroan ez da fin ibili erremateak egiterako garaian. Athleticera iritsi zenetik minuturik eskasenak jokatu ditu aurrelariak.
Pixkanaka apalduz joan da Athleticen aparra, eta minutuek aurrera egin ahala, berdinketa irits zitekeela sinetsi du Las Palmasek. Gero eta gehiago agertu da erasoan, eta indarrak berdindu egin dira. Nico Williams zelairatu du Valverdek, baina ia igarri ere ez da egin aldaketa. Bisitariek izan dituzte pare bat aukera eder gola egiteko. Besteak beste, Januzajek langara bidali du baloia jaurtiketa eder batean. Ordea, bere horretan eutsi diote emaitzari zuri-gorriek, eta sailkapeneko laugarren postuan sendotu dira.
ATHLETIC-LAS PALMAS
Athletic. Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Ruiz de Galarreta (Prados, 83. min.), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Canales, 20. min.), Berenguer (Nico Williams, 64. min.); eta Maroan (Guruzeta, 83. min.).
Las Palmas. Horkas; Viti, Alex Suarez (Cardona, 83. min.), McKenna, Marmol; Bajcetic (Campaña, 83. min.), Essugo, Marvin (Januzaj, 73. min.), Moleiro; Sandro (Fuster, 64. min.) eta McBurnie (Mata, 64. min.).
Golak. 1-0: Iñaki Williamsek (5. min.).
OSASUNAK SEVILLA JASOKO DU BIHAR
Osasunak denboraldi honetan ez du lortu hiru partida segidan irabaztea ligan. Bada, bihar lor dezake, Sevilla mendean hartuz gero (19:00, Movistar Plus). Gorritxoek Sadarren jokatuko dute, eta, hiru puntuak batuz gero, Europarako sailkatzeko borrokan segituko dute. Bolada txarrean dago Sevilla. Giro gaiztoa dute klubean, eta emaitza txarrak lortzen ari da. Hala, Garcia Pimienta kendu, eta Joaquin Caparros da entrenatzailea aurreko jardunalditik.
Moncayola eta Raul Garcia de Haro min hartuta daude, eta ez daude deialdian. Vicente Morenok honela aztertu du neurketa: «Sailkapena alde batera utzita, Sevillak jokalari oso onak ditu, eta ez da neurketa erraza izango. Baina azken bi garaipenek konfiantza eman digute».