Athleticek badaki derbiak ere irabazten. Zuri-gorriek bi urte eta erdi zeramatzaten Realari irabazi gabe, baina gaur amaitu dute joera hori; eta nola, gainera. Hasieratik amaieraraino, hobeak izan dira Marcelinoren mutilak, eta azken minutuetan ikuskizuna emanda garaipen garrantzitsua lortu dute.
Realak neurketa gogorra jokatu zuen ostegunean Leipzigen, Europa Ligan, eta, horren jakitun, hasiera-hasieratik erritmo handia ezarri dute etxekoek. Lehen zatian aukera gutxi izan dituzte bi taldeek, baina hobea izan da Athletic. Etxeko taldea gertuago ibili da aurkariaren areatik bisitaria baino. Alemanian zelairatu zuen antzeko taldea hautatu du Imanol Alguacilek gaurko lehiarako, baina hala ere ezin izan du jokoa nahi bezala kontrolatu.
Gainera, 29. minutuan, Athleticen aldeko penaltia adierazi du Martinez Munuera epaileak. David Silva eskuan jo du baloiak area barruan. Muniainek, ordea, ez du sartu penaltia; Remirok geratu dio. San Mames isilarazi du atezain nafarrak, Athleticeko jokalari ohiak partidaren hasieratik entzun behar izan ditu bere aurkako txistuak eta oihuak, baina lehen itzulian Anoetan egin zuen hutsegitea konpondu du penaltia geratuta.
Sancet eta beste hamar
Bigarren zatiak lehenengoaren antzeko hasiera izan du, 68. minutua heldu den arte. Arrisku handirik ez zuela zirudien korner batean, Dani Vivianek sareetara bidali du baloia burukada zoragarri bati esker. Hiru izan dira, nagusiki, balantza Athleticen alde jarri duten faktoreak: Realaren nekea, geldikako jokaldiak, eta Oihan Sancet. Nafarra Realeko atzelarien amesgaizto bilakatu da zelairatu den unetik bertatik.
Hark sartu du bigarren gola 72. minutuan, beste korner batean, eta, orduan, desegin egin da Reala. Amaierara arteko minutuak nahierara jokatu dit etxeko taldeak. Williamsek eta Muniainek sartu dituzte azken bi golak, hurrenez hurren, 80. eta 89. minutuetan, Sanceten bi jokaldiren ostean.
Azkenean, 4-0, garaipen argia, eta San Mamesen bildu diren zaleen zoramena. Realzale gutxi izan da han Athleticeko zuzendaritzak hartutako neurrien ondorioz (hutsik egon da kanpoko zaleen gunea), baina esanguratsuak ziren gutxi horien aurpegiak ere.
Sailkapen nagusian zazpigarrena da Reala 38 punturekin, eta zortzigarrena Athletic 37rekin. Donostiarrek ostegunean Europa Ligako kanporaketako itzulerako neurketa jokatuko dute Anoetan, Leipzigen aurka (18:45).
Athletic: Simon; De Marcos (Petxarroman, 89 min), Vivian, Iñigo, Yuri (Balenziaga, 89 min); Dani Garcia, Vesga (Vencedor, 62 min), Berenguer, Muniain; Raul Garcia (Sancet, 62 min) eta Iñaki Williams (Villalibre, 86 min).
Reala: Remiro; Gorosabel, Zubeldia, Le Normand, Aihen; Zubimendi, Merino (Guridi, 62 min), Silva (Rafael, 62 min); Portu (Nais,
72 min), Oiartzabal eta Sorloth (Ander Martin, 72 min).