ATHLETIC 3-0 GIRONA

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Gironari, Sanceten gidaritzapean

Athleticek jokorik onena berreskuratu du Gironari irabazteko. Taldearen lan bikaina Oihan Sancetek biribildu du, hiru gol sartu baititu: penaltiz bat, buruz bestea, eta kalitate handiz azkenekoa. Zuri-gorriek hamalau partida daramatzate galdu gabe.

Oihan Sancet. MIGUEL TOÑA / EFE
Oihan Sancet, hiru gol sartu dituela adierazten. MIGUEL TOÑA / EFE
jon eskudero
2025eko otsailaren 8a
19:04
Entzun

Gozatuz eta gozaraziz irabazi dio Athleticek Gironari, San Mamesen. Aspaldian jokorik onena berreskuratu ezinda ibili da Ernesto Valverderen taldea; ziurrenik, egutegiaren zamaren erruz. Bada, astebeteko atsedena ederki baliatu ondoren, erakustaldi handia eman dute zuri-gorriek, Oihan Sanceten gidaritzapean. Taldearen lan ona nafarrak biribildu du, hiru gol sartuta, eta Txapeldunen Ligako postuetan sendo jarraituko du Athleticek. Zehazki, ligan hamalau partida daramatza galdu gabe. Azkenekoz Gironaren beraren aurka galdu zuen iazko urriaren 6an, eta ordutik jokoan izandako 42 puntuetatik 30 eskuratu ditu. Zenbaki ikusgarrien gainetik, ordea, jokoz ere distiratsu dagoela erakutsi du Valverderen taldeak.  

Partidari neurria hartzea kosta egin zaio, ordea. Besteak beste, ligako talderik onena bera da aurkariaren zelaian baloia eskuratzen, baina lan horretan pattal aritu dira etxeko jokalariak lehen minutuetan. Gironak nahi erara mugitu du baloia ezker-eskuin, eta lasterka egin beste erremediorik ez dute izan zuri-gorriek. Valverden aginduek etekina izan dute: Jauregizarri eta Sanceti agindu die pauso bat emateko aurrera presioa egiteko garaian, eta pixkanaka gora egin du etxeko taldeak.

Aukerarik onenak baloi geldian izan ditu Athleticek. Lehen zatian guztira sei korner atera ditu, eta horietako batean Williamsek oso gertu izan du gola, baina Gazzanigak atepetik atera dio baloia. Lanean fin jarraitu du taldeak, eta penalti puntutik iritsi da 1-0ekoa. Jauregizarri oina nabarmen zapaldu dio Gironako atzelari batek, eta epaileak errepikapena ikusi ondoren penaltia adierazi du. Pozarekin batera beldurra ere iritsi da San Mamesera; izan ere, Gironan hiru penalti huts egin zituen Athleticek, azken hatsean galdu egin zuen. Gaur ez da halakorik gertatu, eta Sancetek maisuki sareratu du baloia penalti puntutik. Gogor eta konfiantzaz jaurti du.

Golak konfiantza ekarri dio taldeari, eta atsedenaldira bitarte bigarren golaren bila jo du sutsu. De Marcosek oso gertu izan du helburua, baina ez du asmatu, Gazzanigak sekulako gelditua egin baitio. Zehazki, Sancet izan da berriz ere protagonista. Berenguerrek jokaldi dotorea osatu du ezker hegaletik, eta haren erdiraketari erremate ona eman dio Sancetek, buruz.

Maroanen debut ona

Bigarren zatiari begira, Gironaren ardura izan da urrats bat aurrera egitea, emaitzak hala behartzen zuelako, baina horretako gaitasunik ez dute izan kataluniarrek. Athleticek itsutu gabe jokatu du, patxadaz eta burutsu. Erasora zuzen jo beharrean, atzean bi lerro sendo eraiki eta zelaian sendo egotea izan du xede. Minutu luzez ez da ezer gertatu partida. Ordea, Maroanen debutak piztu du San Mames. Klubak neguko merkatuan egindako fitxaketak irudi bikaina eman du bere zaleen aurrean, eta gola ere gertu izan du pare bat alditan.

Protagonista nagusia Sancet izan da, halere. Hirugarren gola sartu ondoren txalo artean utzi du zelaia 80. minutuan, eta pozarren agertu da mikrofonoen aurrean. «Ez dut hitzik sentitzen dudana deskribatzeko. Sasoi honetan gol dezente sartzen ari naiz, eta horixe da modurik onena taldeari laguntzeko. Azken bi partidetan bi berdinketa lortuta gentozen, eta behar genuen garaipena».

Athletic. Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Adama (Yuri, 75. min); Prados (Vesga, 75. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Canales, 83. min), Berenguer (Bujan, 83. min); eta Guruzeta (Maroan, 65. min).
Girona. Gazzaniga; Martinez, Juanpe, Krejci, Gutierrez (Blind, 46. min); Yangel Herrera, Van de Beek, Ivan Martin (Solis, 75. min); Tsygankov (Asprilla, 66. min), Bryan Gil (Misehouy, 66. min) eta Abel Ruiz (Stuani, 66. min).
Golak. 1-0: Sancetek, penaltiz (41. min). 2-0: Sancetek (47. min). 3-0: Sancetek (78. min).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.