ATHLETIC 3-0 CADIZ

Athleticek nagusitasunez irabazi dio Cadizi San Mamesen

Talde zuri-gorriak arlo guztietan hartu du mendean aurkaria. Guruzetak, Sancetek eta Iñaki Williamsek sartu dituzte golak, guztiak bigarren zatian. Hamar punturekin, gora begira jarri da Athletic

Iñaki Williams, hark sartutako gola ospatzen, gaur, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
haritz gallastegi
2023ko irailaren 16a
18:26
Entzun

San Mames. Bigarren zatiko erdira iristear dago partida. Athleticek aukera garbi asko izan ditu, baina neurketa hutsean dago. Robert Navarrok eskuin hegaletik barneraketa ona egin du, eta maisutasunez jarri dio baloia Maxi Gomezi. Urduritu egin dira San Mamesko harmailetan dauden 43.000 jarraitzaileak. Aukera garbia da, baina aurrelariak txarto jo du baloia, eta indar gabe iritsi zaio Unai Simoni.

Minutu bat ez da pasatu, eta baloia beste arean dago. Oscar de Marcos ondoko marrara arte iritsi da, eta haren erdiraketa sareetara bidali du Gorka Guruzetak buruz. Pozez lehertu da San Mames. Handik bi minutura, zelaia zapaldu berri duen Asier Villalibrek baliatu egin du Cadizeko atzelari baten urruntze txarra buruz erremate gurutzatua egin, eta 2-0ekoa egiteko. Lehen goleko pozari lasaitasuna gehitu zaio Athleticeko teknikari, jokalari eta zaleen artean. Oraingoan ez da berriro gertatuko. Athleticek ez du zelai utziko ondo jokatu eta galduta. Iñaki Williamsek luzapenean sartutako hirugarren golak taldeak neurketan zehar egindako lana biribildu baino ez du egingo. 3-0. Merezita irabazi du Athleticek.

«Athletic gehiago izan da. Partida txarra jokatu dugu; ez dugu lehiatu». Sergio Gonzalez Cadizeko entrenatzaileak ahobizarrik gabe hitz egin du neurketa amaitu berritan. Ez zaio arrazoirik falta. Bere taldeak ez du gauza handirik egin, baina neurri handi batean, Athleticen meritua izan da. Zuri-gorriei kosta egin zaie neurketari neurria hartzea. Cadiz atzean sartu da eta Athletic ez da kapaz izan gustuko duen erritmo biziarekin jokatzeko. Iñigo Ruiz de Galarreta izan da erasoan argitasuna duen jokalari bakarra. Eibartarrak partida handia osatu du, eta zaleek zutik agurtu dute Ernesto Valverdek aldatu zuenean.

Zuri-gorrien jokoa ez da izan erauntsi bat, eta, hala ere, lau aukera garbi izan ditu atsedenaldira iritsi aurretik: lehena, Guruzetak. Aurrelariak atezainaren eskuetara errematatu du Galarretak ateratako falta bat. Lehen aukera huts egin arren, partida bikaina jokatu du aurrelari donostiarrak. Lehen bost jardunalditan hiru gol egin ditu, eta egonkortzen ari da gorengo mailan.

Bigarren aukera garbia Oihan Sancetek izan du. Alex Berenguerrek ezker hegaletik egindako erdiraketa langara bidali du buruz. Hirugarren abisua Berenguerrek areaz kanpotik egindako jaurtiketa indartsua izan da. Zutoin ondotik kanpora joan da nafarraren ahalegina. Eta aurreneko zatia amaitzear zela, Sancetek baliatu egin du area barruan egon zen jokaldi nahasi bat, baloia hartu, eta langara jaurtitzeko.

Bigarren zatia ere ildo beretik hasi da: Athletic erasora, eta, Cadiz, ahal duen moduan eusten. Neurketako bosgarren abagune garbia Guruzetak izan du. Area ertzetik egin duen errematea Iza Carcelenek atera du goleko marraren gainean. Sinestea ere kosta egiten zen. Hortik aurrera gertatu dena esanda dago. Cadizek huts egin du bere aukerarik onena, eta ondoren etorri dira zuri-gorrien golak.

Athleticen bigarren garaipena da jarraian etxean; hiru partida jokatu ditu bere zaleen aurrean. Hamar punturekin, sailkapenaren goiko postuetan jarri da. Denboraldia hasi baino ez da egin, baina puntuak pilatzea baino sendagai hoberik ez dago denboraldiaurreko ezkortasunari aurre egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.