Athletic 1-0 Reala

Athleticek merezita irabazi du

Athletic nagusitu da Euskal Herria Txapelako finalean, Reala mendean hartu eta gero. Vesgak sartu du gol bakarra. Bi final irabazi dizkiete zuri-gorriek txuri-urdinei

Williams, Vesga eta Vivian, partidako gol bakarra ospatzen, atzo, Barakaldon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Gola. 1-0 (Vesga, 22.min.).

Athleticek irabazi zuen, atzo, Euskal Herria Txapela, Barakaldon. Bigarrenez irabazi du txapelketa. Vesgak egin zuen neurketako gol bakarra, baina aukera asko izan zituen gehiago ere egiteko, batez ere lehenengo zatian. Lagunarteko partida bazen ere, intentsitate handiarekin aritu ziren Athletic eta Reala, eta falta asko egin zituzten bi taldeetako jokalariek. Bigarren zatian Diego Ricok bigarren txartel horia ikusi zuen, eta hamarrekin amaitu zuten neurketa txuri-urdinek.

Nagusi izan zen Athletic aurreneko zatian. Oso goian egin zuten presioa Ernesto Valverderen jokalariek, eta Realak zailtasun handiak izan zituen bertatik irteteko. Txuri-urdinek ez zioten haien jokoari uko egin, baina galdutako baloien ondorioz etorri ziren Athleticen aukera gehienak.

Falta batean iritsi zen neurketako lehenengo gola, 22. minutuan. Berenguerrek egindako erdiraketa ederki errematatu zuen Vesgak, eta Zubiaurrek ezin izan zuen gola eragotzi. Ordurako hainbat aldiz sortua zuen izua Athleticek Realaren area inguruan, eta azkenean asmatu zuten zuri-gorriek. Imanol Alguacilen jokalariak saiatu ziren Iruarrizagaren atera gerturatzen, baina hala ere, gertuago izan zuten bigarren gola zuri-gorriek.

Bigarren zatian aldaketa ugari egin zituzten bi taldeek, eta neurketaren nondik-norakoa ere aldatu egin zen. Athleticek ez zuen lortu lehenengo zatian egindako presio bera egitea, eta errazago iritsi zen Reala bizkaitarren ate ingurura. Brais Mendezek izan zuen Realaren aukera garbiena. Bigarren zatian zelairatutako Robert Navarroren pase baten ondoren, bakar-bakarrik egin zuen jaurtiketa galiziarrak, baina kanpora bota zuen dena alde zuenean. Berehala gelditu zen , ordea, hamar jokalarirekin Reala, eta bertan amaitu ziren txuri-urdinen aukerak.

Datorren astean, liga

Athleticen aurka aritu aurretik, beste neurketa bat jokatu zuen Realak, atzo. Eibarrek mendean hartu zituen txuri-urdinak, Zubietan (1-2), goizeko lagunartekoan. Hortaz, Realak amaitu ditu denboraldiaurrean jokatu beharreko neurketak, eta hurrengoa, sasoi honetako lehenengo jardunaldian. Cadizi egingo dio bisita Alguacilen taldeak.

Athleticek, berriz,beste partida bat jokatuko du gaur, Alavesen aurka. Hori izango dute azken proba Valverderen jokalariek sasoi honetako lehenengo neurketa jokatu aurretik. Mallorca hartuko dute zuri-gorriek San Mamesen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.