Athletic 0-1 Atletico Madril

Athleticek luzapenean galdu du Atletico Madrilen aurka

Athletic langile eta ausart aritu da Atletico Madrilen aurrean, baina erasoan puntu bat gehiago falta izan du gola sartzeko. Bisitariek luzapenean sartu dute garaipenaren gola. Correak sartu du.

Mikel Jauregizar Athleticeko jokalaria, eskuak buruan dituela, gaurko partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Jauregizar Athleticeko jokalaria, eskuak buruan dituela, gaurko partidan. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jon eskudero
2024ko abuztuaren 31
21:28
Entzun

Partiden luzapenetan puntu bat baino gehiago pilatu zuen Athleticek joan den denboraldian. Bada, kukuak alderantziz jo dio Bilboko taldeari, lehiaren azken hatsean nagusitu baitzitzaioAtletico Madril. Batere merezi gabe, gainera. Hasi eta buka, jokoan askoz gehiago izan da Ernesto Valverderen taldea, eta, irabazteko inork meriturik egin badu, Athleticek egin du. Inspirazioa falta izan du erasoan, ordea, eta garesti ordaindu du azkenean. Udako merkatuan diren eta ez diren dirutzak gastatu arren, futbolean ahalik eta gutxiena jokatzera mugatu da Pablo Simeoneren taldea, eta biribil atera zaio gidoia. Defentsako lanean sendo jokatu du partida osoan zehar, eta luzapenean etxekoen huts bat baliatu du hiru puntuak Madrilera eramateko. Kolpe latza hartu du San Mamesek, eta zapore garratzarekin hartu dute jarraitzaileek etxerako bidea. Izan ere, sasoi hasiera ez dute ona izan bilbotarrek: jokoan izandako hamabi puntuetatik soilik lau eskuratu dituzte.

Aurreko jardunaldiarekin alderatuta, hasierako hamaikakoan bost berritasun zelairatu ditu Ernesto Valverdek. Iragan sasoian Atletico Madrili San Mamesen emandako errepasoa gogoan, Prados eta Ander Herreraren aldeko apustua egin du zelai erdian. Erabaki horrek hasieran ez dio nahi bezalako fruiturik eman entrenatzaileari, bi taldeak errespetu handiz aritu baitira nor baino nor gehiago, nagusitu ezinik. Egoera horietan eroso sentitu ohi da Atletico Madril, eta lehen gol aukera bisitariek izan dute, Julian Alvarezen eskutik. Partidaren lehen ordu laurdena igarota, hori bai, etxeko taldea nagusitzen hasi da. Jokoaren kontrola berak izan du eta gero eta atzerago sarrarazi du Madrilgo taldea. Gako bilakatu dira Sanceten eta Guruzetaren mugimenduak, baina ez dira aski izan madrildarren defentsako lerroa hausteko.

Izan ere, atzean gogor aritu da Atletico Madril. Erdiko hiru atzelari zelairatu ditu, eta ez alferrik. Inspirazioa falta izan zaio Athletici erasoan. Jokoa kontrolpean izanagatik, apenas sortu du gol aukerarik, eta soilik Yurik areaz kanpotik egindako jaurtiketa batek sortu du arriskua. Atletico Madrilek kontraerasoan jokatzera mugatu du bere jokoa, baina kontrol lanean ezin hobeki aritu dira etxekoak. Presioan egindako lan onari esker, ezerezean utzi dituzte Griezmannen eta Julian Alvarezen mugimenduak.

Nicoren gola, jokoz kanpo

Bigarren zatiari begira, beste erritmo batean zelairatu da Athletic, eta lehen jokaldian bertan sartu zdu gola. Jokoz kanpo, ordea. Williams anaiek jokaldi ederra osatu zuten, eta bietan gazteenak, Nicok, sareetara bidali du baloia, baina jokoz kanpokoa adierazi du epaileak. Gehiago itxaron gabe eta freskotasunaren bila, 60. minutuan aulkia astintzea erabaki du Valverdek. Vesga, Jauregizar eta Djalo zelairatu ditu. Aldageletara erretiratu dira Prados, Herrera eta Guruzeta. Erasoan jo eta ke jarraitu dute etxekoek, eta partidako gol aukerarik onena izan du Sancetek, 67.ean. Haren jaurtiketari erantzun ederra eman dio Musso Atletico Madrileko atezainak.

Azken txanpari begira, ez zegoen beste aukerarik, segi eta segi. Emaitza kontrolpean zuen Athleticek, baina huts batek pikutara bidali du ordura arteko lana. Lekuek toki txarrean galduduĀ  baloia, eta Sorlothen pase batek atezainaren aurrean bakarrik utzi du Correa. Argentinarrak ez du barkatu. Maisuki gainditu du Agirrezabala, eta kolpeari erantzun ezinda geratu dira zuri-gorriak. Ausart, langile eta oldarkor jokatu dute, baina ez dute saririk jaso. Bi aste luze egingo dira Lezaman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.