Futbola

Athleticek Kopako finala jokatuko du, beste behin

Espainiako Kopako finala jokatzeko sailkatu da Athletic, Atletico Madril kaleratuta. 52.061 zale bildu dira San Mameseko harmailetan, inoizko ikusle kopururik handiena.

(ID_13656228) (Marisol Ramírez/@FOKU) 2024-02-29, Bilbo. Futbola
Athleticeko zaleak San Samesen MARISOL RAMIREZ / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko otsailaren 29a
23:35
Entzun

Beste behin. Espainiako Kopako finala jokatzeko sailkatu da Athletic, azken hamasei urteetan seigarren aldiz. Gol baten aldearekin iritsi dira bilbotarrak finalerdietako itzulerako partidara, eta berehala handitu dute aldea. Williams anaiek gol bana egin dute lehen zatian, eta haien erritmoan egin dute dantzan Athleticek eta San Mamesek. Guruzetak hirugarrena sartu du, eta 3-0 amaitu da partida. Orro egin du lehoiak, eta beste urrats bat besterik ez zaio falta orain, azkena: atzaparkada egitea. Sevillan izan beharko du horrek, datorren apirilaren 6an. Zain dauka Mallorca. 

Harmailak zuri-gorriz tindatu dira egun handirako. Ez da gutxiagorako. Berrogei urte beteko dira Athleticek Espainiako Kopa azkenekoz irabazi zuenetik, eta, finalerdiak irabazita, klubak gertu dauka lorpena errepikatzeko aukera. Zaleek ez dute huts egin, eta egun handian sua piztu da San Mamesen. Sua taldeari egindako harreran, sua harmailetan, baita soropilean ere. Atletico Madril gogotsu zelairatu da, eta hegaletatik egindako erdiraketekin ahalegindu da min egiten. Horietako bizpahiru errematatu ere egin dituzte aurreneko hamar minutuetan, eta lan egitea egokitu zaio atezainari. Athletic ilunago aritu da lehen minutu horietan, baina lehen aukeran gola sartu du, zaleen zoramenerako. Nico Williamsek bakarkako jokaldia egin du ezker hegaletik, eta honen erdiraketa boleaz bidali du Iñaki anaiak sareetara. Golarekin zapuztu dute zuri-gorriek madrildarren erauntsia.

Bi golen aldea garrantzitsua zen Athleticentzat, eta albiste kaskarra bisitarientzat. Nahi baino lehenago aldatu behar izan du partidako plana Simeonek, eta aurrera egitera behartuta ikusi du bere burua, atzelarien eta atezainaren tartean metro ugari utzita. Defentsako lana ondo egitea eta kontraerasoan hutsune horiek baliatzea. Hori zen Athleticen plana, eta gertu izan du bigarren gola ordu erdia bete gabe zegoenean. Williams anaien arteko jokaldi bera, baina kontrako erara. Iñaki izan da buruz buruko jokaldia egin duena, baina erremate gurutzatua kanpora joan zaio Nicori. Ordu laurden geroago, ordea, ez du barkatu. Berriro ere jokaldi bera: Iñaki Williamsen korrikaldia hegaletik, eta anaiaren erdiraketa sareetara bidali du Nicok.

Lehen golak min egin die bisitariei, eta zer esanik ez bigarrenak. Simeoneren taldea aspalditik dago ohituta aurkariari baloia ematen, eta haien akatsak zigortzean oinarritzen zuten jokoa. Aurten, zertxobait aldatu du jokamoldea, baina iparrorratza falta izan zaie horretarako, Antoine Griezmann, eta iparra galduta aritu da Madrilgo taldea.

Festa, goitik beherakoa

Bigarren zatiak norabide bera izan du. Madrildarrak aurrera egitera behartuta zeuden, baina, bila eta bila aritu arren, ez dute zirrikiturik aurkitu. Partida itzela egin dute Athleticen atzeko lerroko jokalariek, baina bereziki nabarmendu dira Dani Vivian eta Aitor Paredes; itzal egin diete Atletico Madrileko aurrelariei. 

Bisitariek aurrera egiten zutenean zuloa uzten zuten atzealdean, eta jokaldi horietako bat zigortu du Athleticek hirugarrena sartzeko. Guruzeta izan da golegilea, Oblaken aldaratze bat baliatuta. Ordurako piztuta zegoen festa San Mamesen, baina orduantxe ikusi dute euren burua finalean zale eszeptikoenek ere.

Emaitza horrekin lasaitu egin da Athletic, eta aukera gehiago izan ditu Atletico Madrilek. Hala ere, ez du atea zulatu. Agirrezabalak meritu handiko geldiketak egin ditu, eta hutsean utzi du atea. San Mamesek ere lana eskertu nahi izan dio, eta txalo zaparrada jaso du. Dena ondo bidean, errenteriarra izango da Sevillan ariko den atezaina, eta konfiantzaz beteko du horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.