Athleticek kolpea jaso du Erroman. Zuri-gorriek partidako azken jokaldian galdu dute Erromaren kontra, Europa ligako final-zortzirenetako joanekoan. Hala, astebete barru San Mamesen irauli beharko dute kanporaketa, final-laurdenetan egon nahi badute. Lehia handiko lehen zatiaren ostean, Athletic aurretik jarri da, Iñaki Williamsen gol bati esker. Baina etxekoek handik gutxira berdindu dute. Athleticek izan ditu aukerak bigarrena egiteko; beste horrenbeste Erromak ere. Epaileak Yeray kaleratu du 85. minutuan, bigarren txartel horia atera baitio. Hortik aurrera Erromak estutu egin du, eta gola sartu du 93. minutuan. Shomurodovek sartu du, eta abantaila eman die kanporaketan.
Parekatua eta lehiatua izan da lehen zatia. Hori bai, bi taldeek erritmoa eman nahi izan diote jokoari, eta presio estua egin dute kontrarioak baloia ateratzen zuenean. Pixkanaka Athleticek bereganatu egin du baloiaren jabetza, eta Erromari kosta egin zaio hutsuneak topatzea eta zuzen jokatzea. Argitasun apur bat lortze aldera, lerro artean Dybala topatzen saiatu dira etxekoak, trebea baita horretan.
Lehen abagunea Erromak izan du, 21. minutuan. Pase luze bat egin eta gero, buruz buruko lehia irabazi dio Dobvykek Viviani, eta atzean utzi du. Ia aurrez aurre geratu da Agirrezabalaren aurrean, baina ez du ondo errematatu, labaindu egin baita. Jokaldi horretan min hartu du Vivianek, eta Paredesek zelairatu behar izan du haren ordez. Jabetzari etekin gehiago ateratzea falta izan zaio Athletici.
Zuri-gorriek, baina, susto ederra hartu dute atsedenaldia gertu zegoela. Yerayk huts egin eta gero, Baldanziri iritsi zaio pase luze bat. Ondo babestu du bizkarrez, eta atzera eman dio pasea Dybalari. Argentinarrak arearen balkoitik egin du errematea, eta baloia langara bidali du. Athleticek, dena den, ondo erantzun du, eta gola sartzear egon da lehen zatiko azken jokaldian. Williams anaiek jokaldi ona harilkatu dute, eta Nicoren erdiraketa punpa lasterrez errematatu du Sannadik. Baina kanpora joan da baloia.
Bigarren zatiaren hasiera eroa
Jokaldi horrek utzitako aho zapore onarekin ekin dio Athleticek bigarren zatiari, eta, Unai Gomezek emandako abisu baten ostean, gola sartu dute zuri-gorriek korner batean. Paredesek bigun errematatu du, baina bigarren zutoinean zegoen Iñaki Williamsi iritsi zaio, eta hark buruz sarera bidali du baloia (50. min.).
Gol horrekin alde jarri zaio kanporaketa Athletici. Baina sei minutu baino ez dio iraun errentak. Izan ere, bi aukera argi izan dituzte etxekoek eta, hirugarrenean, ez dute barkatu. Angeliñok aurre hartu dio Iñaki Williamsi, eta haren eskuinkada sarera joan da, zutoinean jo ostean. Eroa izan da bigarren zatiaren hasiera. Golak sartu eta gero, bi taldeek izan dituzte aukerak eta minutu onak. Berdinketak zirudien justuena. Baina 86. minutuan epaileak Yeray kaleratu du, Shomurodovi heldu eta gero. Athleticek sufritu egin du hortik aurrera, Erromak estutu egin baitu, eta azkenean etxekoek gola sartu dute, 93. minutuan. Shomurodovek bizkarrez kontrolatu du baloia, buelta eman eta bitan pentsatu gabe errematatu du. Agirrezabalak ezin izan du geratu. San Mamesek izango du azken hitza, eta, partida horretan, Valverdek bi hutsune izango ditu erdiko atzelari postuan: Vivian eta Yeray.
Erroma-Athletic
Erroma: Svilar; Rensch (Saelemaekers, 60. min.), Celic, Mancini, Ndiicka, Angeliño; Pisilli (Kone, 70. min.), Cristante; Dybala (Soule, 71. min.), Baldanzi (El Shaarawy, 60. min.) eta Dovbyk (Shomurodov, 71. min).
Athletic: Agirrezabala; De Marcos, Vivian (Paredes, 23. min.), Yeray, Yuri; Jauregizar (Prados, 63. min.), Ruiz de Galarreta, Unai Gomez (Vesga, 77. min.), Nico Williams (Berenguer, 77. min.), Iñaki Williams eta Sannadi (Guruzeta, 63. min.).
Golak: 0-1: Iñaki Williamsek (50. min.). 1-1: Angeliñok (56. min.). 2-1: Shomurodovek (93. min).