Athletic 4-2 Reala

Athleticek irabazi du Euskal Herria Kopa

Zuri-gorriak 2-0 aurreratu dira, Realak berdindu egin du, baina atsedenaldirako zuri-gorriak aurretik ziren berriz ere. Aurredenboraldiko azken partida izan da bi taldeentzat.

Athleticeko jokalariak garaikurrarekin, gaur, Lezaman (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
2023ko irailaren 3a
19:26
Entzun

Athleticek bederatzigarrenez irabazi du Euskal Herria Kopa. Lezaman (Bizkaia) jokatu du finala Realaren aurka, eta gogotik lan eginda lortu du garaipena (4-2). Zuri-gorriak 2-0 aurreratu dira, txuri-urdinek 2-2 berdindu dute, eta, azkenean, etxekoek sartu dituzte garaipenaren bi golak.

Dominatzen hasi da Athletic, eta 13. minutuan iritsi zaio saria. Marianak gol ikusgarria sartu du area ertzetik. Bigarrena Azkonak egin du buruz, 19. minutuan.

Realaren lehengoa 30. minutuan sartu du Nerea Eizagirrek, area barruan bere kalitatea baliatuta. 36.ean Jensenek berdindu du partida, atezainaren irteera txar bati esker. Atsedenaldira berdinduta iritsiko zirela zirudienean sartu du Athleticek hirugarrena, 48. minutuan. Paula Arana izan da golegilea, aldaratze bat baliatuta. Gol festa, beraz, lehen zatian.

Bigarren zatian ere bide beretik jo dute bi taldeek, baina gola ez da heldu 80. minutura arte. Azkonak, bere bigarrena sartu, eta garaipena ziurtatu du Athleticentzat.

Guardian (Araba) zen jokatzekoa partida, baina, eguraldi txarra tarteko, zelaia oso gaizki zegoen atzo, eta antolatzaileek lekuz aldatzea erabaki zuten. Azkenean, Lezaman (Bizkaia) jokatu da.

David Aznarren eta Natalia Arroyoren taldeentzat denboraldiaurreko azken partida izan da. Hamahirugarren aldia du txapelketak, eta garaikurra altxatzea lortu duten talde bakarrak dira. Gaurkoarekin, zuri-gorriek bederatzi aldiz irabazi dute, eta txuri-urdinek, lau. Bi taldeek denboraldiaurre txukuna egin dute, eta fitxatu berriak zein harrobitik igotako jokalariak ondo aritu dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.