Athleticek urrezko hiru puntu eskuratu ditu San Mamesen, Real Madrilen aurka. Zuri-gorriek lan ona egin dute atzean, eta erasoan ondo zigortu ditu madrildarren oker larriak. Alex Berenguer eta Gorka Guruzeta izan dira golegileak, eta Julen Agirrezabalak penalti bat gelditu dio Kylian Mbapperi. 2015. urtetik zeraman Athleticek Real Madrili irabazi gabe.
Gehiegizko kontrolik gabekoa izan zen lehen zatia. Biak ala biak ligako talde onenetarikoak dira trantsizioan, eta modu horretan ahalegindu dira aurkariari min egiten. Athleticen kasuan, Williams anaien mugimenduak baliatu nahi izan ditu hegaletatik abantailak sortzeko. Hala, neurketako lehen jokaldian gertu izan du gola. Berenguerrek oso goian lapurtu du baloia, eta Nico Williamsen jaurtiketa Courtoisek atera du. Iñaki anaia prest zegoen baloia sarera bidaltzeko, baina Belgikako atezainak ondo desbideratu du baloia.
Real Madrilek zailtasun gehiago izan ditu Agirrezabalaren ate aurrera arriskua sortuz iristeko. Baloi jabetza bai, baina lerroak haustea asko kostatu zaio Ancelottiren taldeari.
Aukerak urriak izan dira lehen zatian, baina bigarren zatia hasi eta berehala aurreratu da Athletic. Iñaki Williamsen erdiraketak aterako bidea hartu du, eta, Courtoisek atepetik atera duen arren, Berenguerri iritsi zaio aldaratzea, eta nafarrak 1-0ekoa ezarri du markagailuan. 52. minutua zen, eta eromena piztu da San Mamesen.
Real Madrilek banakoa egiteko aukera garbia izan du handik hamar minutura. Agirrezabalak penaltia egin dio Rudigerri, eta Mbappek hartu du jaurtiketa egiteko ardura. Agirrezabalak, ordea, nahia igarri dio Frantziako izarrari. Bost minutu lehenago ere beste aukera garbia izan du Mbappek berak, baina oso erremate kamutsa egin du ate aurrean.
75. minututik 80. minutura eromena izan da San Mamesen. 78.ean iritsi da bisitarien gola. Mbapperen jaurtiketa ez du ondo urrundu Agirrezabalak, eta Bellinghamek ez du barkatu area barruan.
Golak guztiz isilarazi du San Mames, baina berehala berpiztu dira harmailetako zaleak. Izan ere, hurrengo jokaldian aurreratu da berriro Athletic. Valverdek akats larria egin du baloia atzetik ateratzeko unean, eta Guruzeta bakar-bakarrik gelditu da Courtoisen aurrean. Azti aritu da donostiarra, eta maisuki gainditu du atezaina. Ancelottiren taldeak ahaleginak egin ditu berdinketaren gola egiteko, baina zuri-gorrien atzelariek neurketa bikaina egin dute.
ATHLETIC-REAL MADRIL
Athletic. Agirrezabala; Gorosabel (De Marcos, 79.min), Vivian, Yeray, Adama (Yuri, 84. min); Prados (Ruiz de Galarreta, 64. min), Jauregizar; Iñaki Williams, Sancet (Unai Gomez, 79. min), Nico Williams; eta Berenguer (Guruzeta, 63. min).
Real Madril. Courtois; Lucas Vazquez (Guler, 88. min), Asencio, Rudiger; Fran Garcia (Mendy, 71. min), Tchouameni (Modric, 71. min), Valverde, Ceballos (Brahim Diaz, 58. min), Bellingham; Mbappe, Rodrygo (Endrick, 88. min).
Golak. 1-0. Berenguerrek (53. min). 1-1. Bellinghamek (78. min). 2-1. Guruzetak (80. min).