Athleticek partida bikaina jokatu du gaur San Mamesen, eta gertu izan du berdinketa, Bartzelonaren aurka. Baina, azkenean, 0-2 galdu du. Batez ere lehen zatian, zuri-gorriek estu hartu dute Bartzelona. Besteak beste, bi aldiz bidali dute baloia zutoinera. Bigarren zatian, gehiago kostatu zaie, baina sendo aritu dira defentsako lanean, eta Adriana Nanclares atezainak gelditu onak egin ditu, gainera. 90. minutuan iritsi da Bartzelonaren lehen gola: Alexiak sartu du, boleaz egindako erremate batekin. Bigarrena Vicky Lopezek sartu du, 94. minutuan. 17.698 ikusle izan dira San Mamesen.
Beste bi euskal taldeek bihar jokatuko dute. Eibarrek Real Madrili egingo dio bisita (12:00, Dazn). Eibartarrek kolpea hartu zuten joan den asteburuan, Sevillaren aurka 0-3 galdu baitzuten, eta bihar ezustea ematen saiatuko dira Valdevebasen: «Ez da partida erraza izango. Haiek, Bartzelonaren atzetik, ligako talderik indartsuena dira. Gakoa ondo lehiatzea izango da, eta defentsan sendo egotea», adierazi du Yeray Martin teknikariak. Realak, berriz, Espanyol jasoko du Zubietan (12:00, ETB1). Irabaziz gero, eta partida bat gutxiagorekin, hirugarren postuan berdinduta amaituko du lehen itzulia. Atletico Madril dago postu horretan: «Espanyol oso sasoi ona egiten ari da. Aurkariaren bila joaten da, eta hutsak bikain baliatzen ditu», adierazi zuen Jose Luis Sanchez Verak.