Esku hutsik itzuliko da Athletic Balaidosetik. Celtak 2-1 hartu zuen mendean talde zuri-gorria, markagailua irauli ostean. Lehen zatian, Berenguerrek aurreratu du Athletic, kornerrez sartutako gol ikusgarri bati esker. Baina atsedenaldian egindako aldaketek hauspotu egin dute Celta, eta, Lehen Mailan mantentzea jokoan zutela, markagailua irauli dute. Bi minutu eskasean sartu dituzte bi golak. Williot Swedbergek lehendabizi, eta Hugo Alvarezek ondoren. Hori dela eta, Athletic ez da datorren urtean Txapeldunen Ligan izango. Europa Liga jokatuko du.
Asko zeukan jokoan Celtak. Neurketa hasi aurretik jakin dute galiziarrek Cadizek garaipena lortu duela. Hortaz, bi puntura zituzten jaitsiera postuak. Garaipena beharrezkoa zuen Claudio Giraldezen taldeak, eta zaleen harrera beroa jaso du neurketa hasi aurretik. Partida, berriz, ez da hain bizi hasi. Baloiaren jabetza bai, baina aukera garbirik sortu gabe ekin dio Celtak. Athleticek, berriz, presioa goian egin nahi izan du, ohi bezala, baina min handirik egin gabe. Lehen aukerak etxeko taldeak izan ditu. Baina Jorgen Strand Larsenek eta Carles Perezek Unai Simonekin egin dute topo. Athletic, baina, ondo kokatuta zegoen zelaian, eroso, bere aukeraren zain, eta ia nahi gabe iritsi da zuri-gorrien gola. Berenguerrek artelana egin du, korner jaurtiketa bat zuzenean sareetara bidaliz. Ivan Villar atezaina ez da fin ibili, baina ikusgarria izan da Berenguerren jaurtiketa.
Kolpe latza izan da Athleticen gola Celtarentzat eta Balaidoseko zaleentzat. Celtari kosta egin zaio kolpeari aurre egitea, eta gol aukera gutxi sortu ditu atsedenaldira bitartean. Athletici, berriz, hauspoa eman dio golak. Hegaletatik min egin du gaur Jon Aspiazuk zuzendu duen taldeak, eta Unai Gomezen bi burukadarekin gertu izan du bigarrena. Ez du halakorik lortu, ordea. 0-1ekoarekin amaitu da lehen zatia.
Aldageletatik bueltan zuhaitza astindu behar izan du galiziarren teknikariak. Azken hilabeteetan taldeko jokalari onenetarikoak direnak zelairatu ditu: Oscar Mingueza, Alvarez eta Iago Aspas. Bigarren mailaren mamua gertu zeukan Celtak, eta puntuak lortzea oso garrantzitsua zen. Bost minutu nahikoa izan dira lehen gol aukera sortzeko. Olatua hartu du orduan Celtak, eta arriskua behin eta berriro eraman du Athleticen atera. Athleticek asko sufritu du, batez ere atzelarien bizkarrean, eta galiziarrek oso gertu izan dute gola hainbat aldiz. Giraldezek partida aldatu du aldaketekin.
Golak, atezaina aldatuta
60. minutuan atezaina aldatu du Athleticek. Gol gutxien jasotzen dituen atezainari ematen zaion Zamora saria lortzear dago Unai, eta, liga bosgarren postuan amaituko duela ikusita, erabaki hori hartu dute Ernesto Valverdek eta Aspiazuk. Saria lortzeko hautagaien artean egoteko, gutxienez 28 partida jokatu behar ditu atezainak, bakoitzean gutxienez 60 minutu jokatuta. Behin 60 minutu horiek jokatuta, Julen Agirrezabala zelairatu da.
Atezaina aldatu eta zazpi minutura iritsi da Celtaren gola. Alvarezek bakarkako jokaldi ederra osatu du eskuin hegalean, eta galiziarren harrobiko jokalariaren erdiraketa Swedbergek bidali du sareetara. Oraindik olatu aparretan zeudela egin du Alvarezek galiziarren bigarrena. Hegalekoak egindako jaurtiketa bortitzak Aitor Paredesen gorputzean jo du, eta zuzenean joan da sareetara. Agirrezabalak ezin izan du ezer egin. Hala ere, Bilbon baino negar gehiago egingo zuten Cadizen.
Hortik aurrera, ezer gutxi. Bigarren golaren osteko lehen minutuetan ahaleginak egin ditu etxeko taldeak aldea handitzeko. Baina, ezinezkoa izan dela ikusita, golik ez jasotzeko hautua egin du Giraldezek. Defentsako lanetan kontzentratu, eta hiru puntuak etxean gelditzea lortu dute galiziarrek. Zuri-gorriek bigarren zati kaxkarra osatu dute, eta ezin izan dute punturik bildu.