FUTBOLA

Athleticek galdu egin du Bartzelonaren etxean

Etxeko taldea nagusi izan da une oro, eta 2-1 gailendu zaio Athletici. Valverderenek asteazkenean jokatuko dute hurrengo partida; Valentziaren aurka izango da, San Mamesen.

Nico Williams baloiarekin, Lamine Yamali izkin egin nahian. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Nico Williams baloiarekin, Lamine Yamali izkin egin nahian. ALEJANDRO GARCIA / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko abuztuaren 24a
21:28
Entzun

Athleticek galdu egin du Bartzelonaren aurka Montjuiceko estadio olinpikoan jokatutako partida. 2001etik ez du lortu Bizkaiko taldeak Bartzelonaren etxean irabaztea. Gaur, talde katalana nagusi izan da une oro. 24. minutuan aurreratu dira Lamine Yamalen gol bati esker. Eta, Ernesto Valverderenek penaltiz berdintzea lortu badute ere, bigarren zatian etxekoek ez diete aukerarik eman. Robert Lewandowskik sartu du Bartzelonaren bigarren gola, eta hala amaitu da partida: 2-1.

Lehen minutuetan ez dute gol aukerarik izan ez talde batek eta ez besteak. Behin lehen ordu laurdena igarota, ordea, jokaldi arriskutsuak egin ditu Hansi Flicken taldeak. Aukerarik garbiena Raphinak izan du, baina Padillak bikain geratu du. Jarraian, Athleticen kontraerasoa iritsi da. Nico Williamsek izan du Athleticen lehen gola sartzeko aukera, baina jaurtiketa desbideratu du Koundek. Harmailetatik egin dizkioten txistuak gorabehera, bete-betean jokatu du partida Williamsek. Izan ere, Bartzelonak Athleticeko jokalari fitxatzeko nahia adierazi zuen, baina, azkenean, ez dute akordiorik lortu.

Bi taldeen lehen bi aukera garbien ostean iritsi da norgehiagokako lehen gola, 24. minutuan. Pedrik falta atera du, eta Padillak geratu, baina Lamine Yamali iritsi zaio baloia, areaz kanpotik egin du jaurtiketa, baloiak Lekue jo du eta sareetara joan da. 1-0ekoaren ostean, Athletic erasora pasatu da. Jokaldi horietako batean, 42. minutuan, Berenguerri hanka zapaldu dio Cubarsik area barruan. Hasieran, epaileak ez du ezer ere adierazi, baina Athleticek penaltia eskatu du. VARa begiratu ostean, epaileek arrazoia eman diete. Oihan Sancetek jaurti du, eta baita gola sartu ere. Horrela iritsi dira atsedenaldira, berdinduta.

Bigarren zatia hastearekin batera, etxekoak beren jokoa egiten hasi dira, eta nagusi izan da Bartzelona. Aukera asko sortu dituzte, eta etengabe iritsi dira Athleticen areara. Lewandowskik aukera garbia eduki du 56. minutuan. Raphinak bikain atera du falta bat, eta ate parean buruz errematatu du aurrelari poloniarrak, baina goiko langa jo du. Pare bat minutu geroago Valverderen taldeak erantzun du, Sancetek areaz kanpotik jaurti du, eta ozta-ozta atera du baloia Ter Stegenek. Jarraian, Valverdek aldaketa bikoitza egin du: Vesga aldatu du Jauregizarrekin, eta Unai Gomez sartu da Sanceten ordez. Gaur egin duenarekin Iruñekoak, bi partidatan bi gol daramatza.

Bartzelonak agintzen jarraitu du, eta bistakoa zen Padillaren atea arriskuan zegoela. 75. minutuan iritsi da etxekoen bigarrena. Aukera garbiak eduki ostean, Lewandowskik lortu du baloia sareetara bidaltzea. Raphinak erein du gola. Pase bikaina egin dio Pedriri, honek baloia gurutzatu du, eta Athleticeko atezaina baloia kanporatzen saiatu denean, poloniarraren oinetara iritsi da. Lewandowskik ez du huts egin, eta Bartzelonak aurrea hartu dio Athletici.

Aukera gutxi Athleticek

Hortik aurrera Athleticek ez du aukera askorik sortu. Bartzelonak bere jokoa egiten jarraitu du, eta defentsa indartu dute. Azkenean, 2-1 amaitu da partida. Lamine Yamal izan da partidako jokalaririk onena. Haren golak eta Raphinak ereindako jokaldiek eman diote garaipena etxeko taldeari. Bestetik, Padilla Athleticen atean sendo aritu den arren, ez da nahikoa izan Bartzelonaren nagusitasunari aurre egiteko.

Valverderen taldeak, lehen jardunaldian, San Mamesen, bana berdindu zuten Getaferen aurka. Eta gaur, Montjuicen galdu ostean, puntu bakarrarekin jarraitzen dute ligan. Hurrengo partida asteazkenean jokatuko dute, etxean, Valentziaren aurka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.