Athleticek Prainsa Zaragozaren bisita jasoko du gaur (18:00), Superligako hamazazpigarren jardunaldiko partidan. Zuri-gorriek irabaztea beharrezkoa dute sailkapeneko lehen postuan jarraitu ahal izateko. Joan den astean San Mamesen Arsenali lagunartekoa irabazi ondoren, konfiantzarekin dira jokalariak. Zaragoza bolada onarekin jarraitzeko aurkari aproposa izan daiteke; seigarren postuan dago, eta gol gehien jaso dituen hirugarren taldea da. Athleticek, aldiz, eraso onena du 51 gol sartuta. Dena den, Zaragozako taldea sasoi onean dago, ez baitu partidarik galdu azken sei jardunaldietan. Lehen itzuliko partidan, Athleticek garaipen ikusgarria lortu zuen Zaragozan (1-6).
Bestalde, Realak eta Lagunak-ek bihar jokatuko dute. Gipuzkoarrek Olivenzaren zelaira egingo dute bisita (12:00), eta azken jardunaldietako emaitza txarrak eteteko aukera izango dute. Txuri-urdinek bederatzi jardunaldi daramatzate irabazi gabe, eta jaitsiera postuak gero eta gertuago dituzte. Joaneko partidan, donostiarrek ez zuten aparteko zailtasunik izan Lezaman irabazteko (3-0). Lagunak-ek, berriz, Espanyolen etxean jokatuko du (12:00), ligako 7. sailkatuaren aurka. Nafarrek burua altxa ezinik jarraitzen dute. Denboraldia aurrera doa, eta punturik eskuratu gabe jarraitzen dute. Lehen itzulian 0-1 galdu zuen Barañaingo taldeak.
Athleticek ezin du kale egin Zaragozaren aurka, gaur, Lezaman
Realak eta Lagunak-ek bihar jokatuko dute; Realak, Olivenzaren zelaian, eta Lagunak-ek, Espanyolenean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu