Espainiako Kopa

Athleticek ez du huts egin

Nahi baino gehiago kostatu bazaio ere, 0-1 irabazi dio Sestao Riverri, Las Llanasen.

Athleticeko jokalariak garaipenaren gola ospatzen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abenduaren 20a
23:26
Entzun

Munduko Koparen ostean, ikusmina zegoen zer gorputzaldirekin iritsiko ote ziren Lehenengo Mailako taldeak Espainiako Kopako kanporaketara. Ez da izan Athleticen partidarik onena, baina, erritmo falta nabaritu bazaio ere, 0-1 irabazi dio Sestao Riverri. 2. RFEF mailan dagoen talde horrek oso partida gogorra proposatu du, eta gogotik egin behar izan du lan Athleticek Sestaoko taldea kanporatzeko. Lepo bete da Las Llanas, eta euripean izan bada ere, futbol festa ikusi dute han bildu diren 4.500 zale inguruek.

Lehen minutuetan, partida gorabeheratsua izan da. Bi taldeak eraso azkarrak egiten saiatu dira, eta aurkariaren ate ingurura hurbiltzea lortu dute. Arrisku handiegirik gabe, ordea. Hala ere, presioaren bitartez baloi ugari lapurtu ditu Sestaok Athleticen zelaian, eta lehen gola sartzeko ahaleginak egin ditu. 10. minutuan izan du lehen aukera etxeko taldeak. Kepa Uriarteren banakako jokaldia Aritz Huetek errematatu du, baina Julen Agirrezabalaren erantzuna bikaina izan da.

Sestaok gora egin du lehen aukeraren ostean, eta, zaleen bultzada aprobetxatuz, golaren bila joan da etxeko taldea. Zelai erdian konbinazio azkarrak egitea lortu dute Aitor Calleren jokalariek, baina area ingurura iristerakoan oso modu zuzenean jokatu dute, erdiraketak eta area kanpotik egindako saiakerak eginez.

Lehen hamabost minutu horietan, gehiago izan da Sestao, baina, pixkanaka ,Athleticek baloiaren jabetza eskuratu du, eta, lehen ordu laurdena igaro ostean, atzetik irten ezinda aritu da Sestao. Hegaletatik eraman du erasoa Athleticek, Nico Williamsekin eta Gorka Guruzetarekin. 31. minutuan iritsi da talde zuri-gorriaren gola. Oier Zarragak erdiraketa bikaina egin du geldikako jokaldi batean, eta, atzetik etorrita, Raul Garciak sarera bidali du baloia. Falta horretan bertan min hartu du Guruzetak, eta 40. minutuan Iñaki Williamsekin ordezkatu du Ernesto Valverdek. Bost minutu horietan, Athletic bigarrena egiten ahalegindu da, baina ez du lortu.

Bigarren zatia lehenengoa bezala hasi da. Sestao sendo zelairatu da, eta gertu izan du gola 49. minutuan: Gorka Garaik area barruan jaso du baloia, eta atzera egin du pasea. Baloi horren esperoan zegoen Leandro Martinezek, ordea, kanpora bidali du baloia, gutxigatik. Berehala iritsi da Athleticen erantzuna. Iñaki Williamsek abiadura baliatu du Sestaoko atzelariak atzean uzteko, eta jaurtiketa bortitza kornerrera bidali du Ivan Crespok.

Aldaketekin partida mugitzen ahalegindu da Sestao, eta horrek kontraerasoan ateratzea ahalbidetu dio Athletici. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko zenbait aukera, baina markagailua ez da mugitu. 0-1 amaitu da neurketa, eta Athletic datorren ostiralean Las Rozasen egingo den zozketan izango da.

Mallorca nagusi Galen
Real Unionek Mallorca hartu du etxean, Lehenengo Mailako taldea. Zuri-beltzak amesten jarraitzeko intentzioarekin zelairatu dira zaleen aurrean, baina Javier Vasco Aguirreren taldea hasi eta buka nagusitu da. Dani Rodriguezek egin du bisitarien gola. David Movillarenek ahalegina egin dute partida berdintzeko, baina ez da golik iritsi.

Bihar beste bost euskal talde arituko dira Espainiako Kopan: Reala, Osasuna, Eibar, Alaves eta Arenas.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.