Osasuna 1-2 Athletic

Athleticek eten du Osasunaren bolada on eta luzea Sadarren

Nafarrek 31 partida zeramatzaten zaleen aurrean galdu gabe, baina ezin izan dute gehiago luzatu, Athletic eraginkorragoa izan baita atean, Williams eta Kodroren golekin. Zuri-gorriek etxetik kanpoko lehen garaipena dute denboraldi honetan.

Williams Athleticen lehen gola sartzen, gaur Sadarren. EFE
Aitor Manterola Garate.
2019ko azaroaren 24a
11:14
Entzun

Athleticek irabazi du Sadarreko derbia, 1-2 nagusitu baitzaio Osasunari. Gaizka Garitanoren taldeak etxetik kanpoko lehen garaipena du denboraldi honetan. Jagoba Arrasaterenek, aldiz, zaleen aurrean aspaldi izan zuten zapore garratzarekin amaitu dute, Osasuna 2018ko apirilaren 1etik baitzegoen etxean partidarik galdu gabe: 31 partida iraun du bolada on luzeak. 

Lehen zatian hobeto aritu dira zuri-gorriak. Garitanok ezustea eman du hamaikakoan, Oihan Sancet ipinita punta-erdi lanetan, eta nafar gazteak min handia egin dio Osasunaren defentsako lanari. Etxeko erdiko bi atzelarien eta bi euskarrien leku onak hartu ditu askotan, eta, hortik, aukera izan du Williamsen abiadurarekin batera egiteko kanpotarren erasoko jokoak, etxekoen atzeko lerroa aurreratuta zebilela baliatuz. 

Horrelako jokaldi batean, gola sartu du Raul Garciak, zortzigarren minutuan, baina jokoz kanpo zela ebatzi du VARak. Gailu berri horrek ez du lanik eduki handik gutxira, Athleticen lehen golean; Williamesek ondo baliatu du Sanceten pasea, 0-1ekoa sartzeko 21. minutuan. Etxeko taldea ez zebilen eroso, betiko jokoa egin ezinda. Hala ere, Athleticek ez du baliatu aldeko haizea, eta, lehen zatiaren azkenera, Unai Simonek hiru geldiketa on egin behar izan ditu emaitzari eusteko. 

Aldagelatik bueltan, Osasuna betikoa izan da, eta gailendu egin zaio kanpoko taldeari. Erosotasuna taldez aldatu da, eta Arrasaterenak nagusituz joan dira. Horri esker, aukerak sortzen hasi da, baina ez du berdinketa lortu 76. minutura arte. Chimy Avila aurrelari argentinarrak aurrea hartu dio Yuriri area barruan, eta ondo astindu du, baloia sarera botatzeko. Ematen zuen azkeneko minutuak etxekoen aldekoak izaten jarraituko zutela, baina, handik hiru minutura, zelai erditik ateratako falta batean, Kodrok ondo baliatu ditu Osasunakoen biguntasuna, zalantzak eta hutsak, eta irabazteko gola eman dio bere taldeari. 

Partida amaitu artean, Osasuna saiatu da berdinketa lortzen, baina sortutako aukera apurretan ez du asmatu, eta Athleticek, kontraerasoan, hirugarrena sartzeko aukera izan du, Williamsen bidez. 

Horrenbestez, duela hirurogei urte San Juan zelaian gertatu zen egoera bera gertatu da gaur Sadarren: orduan ere Athleticek hautsi zuen Osasunaren etxeko bolada on luzea.

 

FITXA

Osasuna  1 : S. Herrera; Lillo, David GarcIa, Roncaglia,
Estupiñan; Roberto Torres, Brasanac (iñigo Pérez, 78.min.), Merida, Ruben
Garcia (Cardona, 71. min.); Juan Villar (Adrian, 71. min.) eta Chimy Avila.

Athletic  2: Unai Simon; Capa, Yeray, Iñigo Martínez, Yuri; Unai
Lopez (San Jose, 64.min.), Dani Garcia; Raul Garcia (Kodro, 45. min.),
Sancet (Sancet, 74. min.), Cordoba; eta Williams.

Golak: 0-1: Williamsek (20. min.), 1-1: Chimy Avilak (76. min.), 1-2:
Kodrok (79. min.).

Epailea: Sánchez Martínez. Txartel horiak Osasunako Chimy Avila, Darko Brasanac, Ruben Garcia eta Lillori; eta Athleticeko Cordoba, Williams eta Yuriri.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.