Iragan jardunaldian garaipena lortu eta gero, Athleticek eta Realak beste hiru puntu bildu nahi dituzte gaur, Europa ligako laugarren jardunaldian. Etxetik kanpo jokatuko dute bi taldeek. Athletic izango da lehiatzen lehena; Bulgarian arituko da, Ludogoretsen aurka (18:45, Movistar); Realak, berriz, Txekian jokatuko du, Viktoria Plzenen aurka (21:00, Movistar).
Sufrituta, baina garaipen garrantzitsua lortu zuen Athleticek Europa ligako aurreko jardunaldian, Slavia Pragaren aurka. Zaleen beroa ederki baliatu du talde zuri-gorriak orain arte, eta San Mamesen jokatu dituen bi partidak irabazi ditu. Zazpi puntu dituzte zuri-gorriek, eta, orain, etxetik kanpo talde fidagarria izan daitekeela erakutsi nahi dute, hori ere lortu behar baitu lehen zortzien artean sailkatu nahi duen talde batek. Erroman berdinketa lortu zuen Bilbotik kanpo jokatu zuen lehen partidan.
Europan talde ezaguna da Ludogorets. Bulgariako taldeak bere herrialdeko azken hamahiru ligak irabazi ditu, eta urtero lehiatu da Europako txapelketetan jokatzeko kanporaketetan. Hala ere, ez du bide luzea egiten txapelketa horietan. Aurten ere, bide berean dabilela dirudi. Izan ere, nahi bezala ari da Bulgariako ligan. Jokoan izan dituen 39 puntuetatik 37 bildu ditu gaur arte. Aise ari da; 25 gol sartu ditu hamahiru partidatan, eta gol bakarra jaso du. Europa ligan, ordea, guztiz bestelako senda hartu du: Lehen hiru jardunaldietan puntu bakarra bildu du, eta, Dinamo Kievekin batera, golik sartu ez duen talde bakarra da.
Bulgariarrei aurre egiteko, hainbat hutsune izango ditu Ernesto Valverdek. Unai Simon oraindik ez da osatu, eta Mikel Jauregizar eta Gorka Guruzeta ere ez dira iritsiko. Azken biek bizkarreko arazoak dituzte, eta Betisen aurkako ligako azken neurketa ere harmailetatik ikusi zuten. Bestalde, Oihan Sancetek min hartu zuen Betisen aurka, eta Valverdek aldatu egin behar izan zuen. Hala ere, taldekideekin batera bidaiatu du, eta ikusteko dago jokatzeko moduan egongo den edo ez.
Gora begiratu nahi du
Realak ere garaipena lortu zuen Europa ligako azken jardunaldian. Txuri-urdinek lehen garaipena eskuratu zuten Belgraden, Maccabi Tel Aviven aurka, eta, lehen zortzi postuetara hurbildu nahi badute, irabazi beharreko partida dute gaurkoa. Txekian arituko dira. Europan talde ezaguna da Viktoria Plzen ere. Orain arte lau puntu lortu ditu Realak, denak etxetik kanpora, eta hirura dauka Athletic, zortzigarren postuan baitago.
Realak ez zeukan txapelketa hasiera erraza. Lehen lau partidetatik hiru etxetik kanpo jokatzea egokitu zitzaion, eta, tartean lehen multzoko talderik ez zegoen arren, jakina zen ez zela erraza izango. Hala ere, Anoetan baino fidagarriagoa izaten ari da etxetik kanpo. Europan partida bakarra jokatu du etxean, Anderletchen aurka, eta 1-2 galdu zuen.
Arerioari dagokionez, txekiarrek hiru puntu bildu dituzte lehen hiru partidetan. Denak berdindu dituzte, Eintrach Frankfurten, Ludogoretsen eta PAOKen aurka. Jokoari dagokionez, baloi jabetzari muzin egiten dio talde txekiarrak. Jokalari indartsuak ditu, eta defentsako lanean oinarritzen da haien jokoa. Erdiko hiru atzelarirekin jokatu ohi du, eta hegalekoekin irudia aldatzen du erasoan edo defentsan. Defentsako lanean bost atzelariko lerroa osatzen dute, eta arerioaren hutsa iristen denean, ziztu bizian egiten dute aurrera, joko azkarra bilatuz. Horrekin kontu handiz aritu beharko du Realak, egoera horretan sufritzen baitu gehien: atzeraka lasterka egin behar duenean.
Deialdiari dagokionez, hainbat jokalariren hutsa izango du Orioko teknikariak. Ander Barrenetxeak eta Beñat Turrientesek ez zuten Sevillara bidaiatu, min hartuta zeudelako, eta oraindik ez dira osatu. Donostiarrak kolpe bat hartu zuen orkatilan, eta beasaindarrak, berriz, muskulu soleoan du min. Aihen Muñoz ere deialditik kanpo gelditu da, eta Arsen Zakharianek eta Hamari Traorek ere ez dute jokatzeko aukerarik izango, Zakharian min hartuta baitago denboraldiaurretik, eta Traorek belauneko lotailu gurutzatua hautsi baitzuen.
Bestalde, litekeena da txuri-urdinen hamaikakoa egutegiak baldintzatua egotea. Sevillan jokatu berria da talde gipuzkoarra, eta igandean Bartzelona hartuko du, ligako lehen sailkatua. Selekzioengatik egiten den etena ere gertu dago –Realeko hamahiru jokalari deitu zituzten haien selekzioek azken etenaldian–, eta hurrengo partida Athleticen aurkako euskal derbia da. Horregatik, pentsatzekoa da minutu gutxiago jokatzen dituzten jokalariek hasieratik jokatzeko aukera izango dutela gaur.