Athletic 0-0 Osasuna

Athleticek eta Osasunak hutsean berdindu dute

Hobeto hasi da Osasuna, baina minutuek aurrera egin ahala nagusitu egin da Athletic. Dena den, gol aukera gutxi izan dituzte zuri-gorriek, eta izan dituztenetan ez dute asmatu.

Mikel Jauregizar baloia buruz jotzen, gaur, San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Jauregizar baloia buruz jotzen, gaur, San Mamesen. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
2025eko martxoaren 30a
20:40
Entzun 00:00:0000:00:00

San Mamesi neurria hartua dio Osasunak. Gaur ez du irabazi, baina zapuztu egin ditu hirugarren postura gerturatzeko Athleticen asmoak. Partida hasieran aurretik jartzeko aukerak ere izan dituzte gorritxoek, baina bigarren zatian zuri-gorriak izan dute gola gertuen. Dena den, ez dute aukera askorik sortu, eta puntuak banatu dituzte bi taldeek (0-0).

Ikusleentzat, bederen, ez da partida gogoangarria izan. Lehen minutuetan zenbait korner izan ditu alde Osasunak, eta, horietako batean, Torrok baloia zutoinera bidali du buruz. 

Horren ostean hobera egin du etxeko taldeak, eta, Osasunak atzera egin behar izan duen arren, Athletic ez da eroso ibili. Izan dituen gol aukeretan, gainera, sendo erantzun du Aitor Fernandezek. Nico Williamsek aukera pare bat izan ditu, eta urrutitik egindako jaurtiketa bat ere bai Yurik.

Bigarren zatian are nabarmenagoa izan da Athleticen kontrola, baina alferrik. Kamuts aritu dira zuri-gorriak, eta gogotik ordaindu dute ia, azken minutuetan Ruben Peñak Osasunaren gola sartzeko aukera izan baitu.

Sailkapen nagusian laugarren da Athletic —53 puntu ditu—, eta hamalaugarren, Osasuna —34 puntu—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.