Espainiako Kopan lehian ari diren hiru euskal taldeek, Athleticek, Osasunak eta Realak, badakite noren aurka jokatuko duten hurrengo kanporaketan, final-zortzirenetakoan. Derbia egongo da, zozketak elkarren pare jarri baititu zuri-gorriak eta gorritxoak. Zozketak, halaber, mesede egin dio Bizkaiko taldeari, etxean jokatuko baitu kanporaketako partida bakarra, San Mamesen, hilaren 16an, 19:30ean.
Realak ere zortea izan du zozketan. Rayo Vallecanoren aurka jokatuko du. Ez dago kexatzeko moduan, aurkari apalagoak baitzeuden, baina baita indartsuagoak ere. Hori gutxi ez, eta abantaila izango du, bere zaleen babesean ariko baita, Anoetan, hilaren 16an, 19:30ean.
Athleticek eta Osasunak bosgarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan; lehen aldiz, neurketa bakarrera. Estatistikak zuri-gorrien aldekoak dira, hirutan sailkatu baitira: 1955-1956ko, 1960-1961eko eta 2008-2009ko denboraldietan. Hala ere, parez pare aritu ziren azkeneko aldian, duela bi urteko finalerdietan, gorritxoek egin zuten aurrera. Orduko hartan Sadarren jokatu zuten joaneko norgehiagoka, eta Osasunak 1-0 irabazi zuen, Ez Abdek sartutako golari esker. Itzulikoan, San Mamesen, Iñaki Williamsek kanporaketa berdindu zuen lehen zatian. Ez zen gol gehiagorik izan arauzko denboran, eta luzapena jokatu behar izan zuten. Eta orduan, 116. minutuan, Pablo Ibañezek gol erabakigarria sartu zuen area kanpotik. Gol horri esker sailkatu zen Jagoba Arrasatek entrenatutako taldea finalerako. Hala, talde gorritxoak Kopako finala jokatu zuen hemezortzi urteren ostean. Real Madrilen aurka galdu zuten gero, Sevillako Cartuja estadioan (Espainia): 2-1.
Espainiako Ligan, duela gutxi jokatu dute bi taldeek elkarren aurka: iazko azkeneko partida izan zen, abenduaren 21ean, Sadarren. Ernesto Valverdek entrenatutako taldeak irabazi zuen derbia: 1-2. Etxekoek oso ondo ekin zioten lehiari, Lucas Torrok sartu baitzuen lehen gola, 25. minutuan. Pozak, ordea, gutxi iraun zien, sei minutu geroago Gorka Guruzetak banakoa sartu baitzuen. 74. minutuan, berriz, Athleticen garaipenaren gola sartu zuen Alex Berenguer Osasunako jokalari izandakoak.
Arantza atera nahi du
Realak eta Rayo Vallecanok, berriz, hirugarren aldiz jokatuko dute elkarren aurka Kopan. Berdinduta daude bi taldeak: 1965-1966ko denboraldian, txuri-urdinek egin zuten aurrera, Vallecasen bana berdindu eta Atotxan 2-0 irabazita. 2009-2010eko denboraldian, ordea, Rayo Vallecanok Reala kanporatu zuen, Anoetan 0-2 nagusituta.
Madrilgo taldeak ere irabazi egin du bi taldeek elkarren kontra jokatutako azken neurketan. Denboraldi honetako ligako aurrenekoa izan zen, Anoetan. 1-2 nagusitu zen Iñigo Perezek entrenatutako taldea. Jorge de Frutosek eta Sergio Camellok sartu zituzten partidako lehen bi golak, bigarren zatian, eta Martin Zubimendik etxekoen bakarra, neurketaren hondarrean. Realak joera txarra eten nahi du, eta, bide batez, arantza atera.
Horixe egin nahi du Takefusa Kubok. «Ea ahal dugun gure zaleen aurrean irabazi eta kanporaketa gainditu. Etxean, eta partida bakarrera, zaleak hauspotu behar ditugu, Rayo Vallecano kanporatzeko».