Bazkalordu lasaia eskaini die Athleticek gaur zale zuri-gorriei, Espanyoli 4-1 irabazita. Eguerdiko ordu bietan jokatu dute bizkaitarrek Espanyolen aurkako partida, baina festa giroan bazkaltzeko aukera izan dute San Mamesen bildu diren 46.713 zaleek. Partida hasi eta berehala aurreratu dira etxekoak, Dani Vivianen gol batekin, eta Iñaki WIlliamsek beste bi gol egin ditu lehen zatian. Atsedenalditik bueltan, laugarrena sartu du Alex Berenguerrek, eta Alvaro Tejerok egin du Espanyolen gol bakarra, azken minutuan. Modu ezin hobean itzuli dira zuri-gorriak iragan asteko etenalditik, eta zaleek gozatua hartu dute, ogitartekoa eskuan.
Neurketa abiatu baino lehen, omenaldia egin diete Martin Zabaleta mendizale hernaniarrari eta Pasang Temba xerpari. 1980ko maiatzaren 14an Everesteko gailurrera iritsi ziren, eta lehen aldiz zabaldu zuten ikurrina bertan. Temba Euskal Herrian dela baliatu du Athleticek Zabaletak eta biek ohorezko sakea egin zezaten. Txalo zaparrada jaso dute, eta Ikusi mendizaleak aho batez abestu dute San Mamesen.
❤️💚🤍 Txalo zaparrada 1980ko maiatzaren 14an Everesteko gailurrera iritsi ziren heroientzat.
— Athletic Club (@athletic_eus) October 19, 2024
🗻 Martin Zabaleta hernaniarrak eta Pasang Temba sherpak ohorezko sakea egin dute San Mamesen.
👏 Bejondeizuela!#AthleticEspanyol#MadeInEuskalHerriapic.twitter.com/PkKhiX9VRB
Jokoari dagokionez, ideiak argi zituztela zelairatu dira Athletic eta Espanyol San Mameseko zelaira. Zuri-gorriek baloiaren jabetza bereganatu dute hasieratik, eta pase joko azkarraren bitartez gerturatu nahi izan dute Espanyolen area ingurura. Gainera, baloia galtzerakoan oso goian egin du presioa Valverderen taldeak. Espanyol, berriz, bere zelaian defendatzera atera da. Lau jokalarirekin osatutako bi lerro elkartu ditu Manolo Gonzalezek, eta, batez ere, erdiko erraileko jokoa oztopatu nahi izan dio Athletici. Aurreneko bost minutuetan bikain egin du lan hori Kataluniako taldeak, baina bosgarren minutuan maldan behera jarri zaio neurketa etxeko taldeari. Nico Williamsek ateratako korner bat baliatu du Vivianek baloia sarera bidaltzeko. Ahal zuen moduan egin du errematea arabarrak, belaunarekin.
Golak hankaz gora jarri du bisitarien planteamendua, eta ezin izan dira soilik defentsan sendo aritzera mugatu. Trantsizioetan hegalak baliatu nahi izan ditu Kataluniako taldeak, baina Julen Agirrezabalak ez du lan askorik izan. Horrek, gainera, lerro artean zuloren bat edo beste uztera behartu ditu bisitariak, eta hori ondoen zigortzen duten taldeetako bat da Athletic. Hori da Valverderen taldearen indargunea, trantsizio azkarrak baliatzea. Eta partidaren lehen ordu erdia bete denerako, erabakita utzi du neurketa: 27. minutuan sartu du neurketako bigarrena Iñaki Williamsek. Alex Berenguerrek lerro artean jaso du baloia, eta ederki ikusi du Iñaki Williamsen mugimendua. Iñakiren kontrola ikusgarria izan da, buelta erdian, eta jaurtiketa sendo batekin gainditu du Joan Garcia atezaina.
Hori nahikoa ez, eta hurrengo jokaldian hirugarren gola egin du Iñakik berak. Nico anaiak abiatu du jokaldia ezker hegalean; oso erraz utzi du atzean Omar El Hilali atzelaria, eta Berenguer aurkitu du area ertzean. Nafarrak jaurtitzeko aukera zeukan, baina Iñakiren etorrera ikusi du eskuin hegalean. Kontrola egin, burua altxatu, eta jaurtiketa bortitz batekin gurutzatu du baloia aurrelariak, bere bigarren gola egiteko. Aurreko jokaldiko protagonista berak, eta emaitza bera. 3-0 lehen ordu erdian, eta festa piztu da San Mamesen.
Festak ez du etenik
Atsedenaldira markagailu horrekin iritsi da partida. Aldageletatik bueltan, Espanyolek hiru aldaketa egin ditu, baina gol festak jarraitu egin du. Beste behin, Berenguer izan da protagonista. Lerro artean mugitu, atzelariari izkin egin, eta, ezkerrez, sarera bidali du baloia. Nafarrak ederki baliatu du Oihan Sancet min hartuta dagoela, eta punta erdiko lanetan amesgaiztoa izan da Espanyolentzat. Gol bat sartuta eta bi asistentzia eginda amaitu du neurketa.
Markagailuan 4-0ekoa zegoela baliatu nahi izan du Valverdek minutu gehien jokatzen duten jokalariei atsedena emateko eta aukera gutxien izaten dutenak zelairatzeko. Besteak beste, Nico Serrano zelairatu du, denboraldi honetan lehenengoz. 2021-2022ko denboraldian hamazazpi partidatan hartu zuen parte, baina geroztik ez du Athleticekin jokatu. Azken urteetan utzita aritu da Herbehereetan eta Espainiako bigarren mailan.
Espanyolek ezer gutxi egin du bigarren zatian eta partida osoan, baina gol bat sartzea lortu du. Luzapenean izan da, falta jaurtiketa batean. Alvaro Tejerok ederki jo du baloia, eta, giza hesia gaindituta, sarera joan da baloia. Agirrezabala ez da mugitu ere egin. Hala amaitu da neurketa, eta pozik agertu da Iñaki Williams neurketaren ostean: «Etenalditik gentozen, eta taldeak neurketa ikaragarria jokatu du. Defentsan eskuzabal, eta erasoan eraginkor».