Getaferen aurka etxean berdindu eta Bartzelonaren zelaian galdu ostean, denboraldiko lehen garaipena lortu du Athleticek. 1-0 garaitu du Valentzia, San Mamesen. Ernesto Valverderen 400. partida izan da Bizkaiko taldearen entrenatzaile gisa; opari gisa hiru puntu lortu dituzte.
Nico Williams deialdian sartu bazuen ere, Valverdek aulkian utzi du partida hasieran. Alvaro Djalok jokatu du lehen aldiz talde zuri-gorriarekin, eta, bigarren zatian, Nico Williams sartu da haren ordez. Zelaiaren beste aldean, atean, Julen Agirrezabalak jokatu du gaur. Aurreko partidetan Padilla aritu zen. Bestalde, Valentziaren atea ondo zaindu du Giorgi Mamardaxvilik. Georgiarrak Liverpoolekin sinatu berri du, baina denboraldi amaierara arte Valentzian jarraituko du, utzita.
Lehen zatiko gol aukera guztiak Athleticek sortu ditu. Valentzia gerturatu da uneren batean Agirrezabalaren atera, baina ez dute atera baloirik jaurti. Hamabigarren minutuan iritsi dira zuri-gorriak lehen aldiz Mamardaxviliren atera. Erdiraketa bat ukabilekin kanporatu du atezainak; baloia, ordea, Iñaki Williamsen oinetara iritsi da. Hark areaz kanpotik jaurti, eta goiko langa jo du; Sanceti iritsi zaio aldaratzea, baina ezin izan dio errematea jarri. Hogeigarren minutuan beste aukera bat izan dute Valverderenek. Gurutzetak jaurti du, baina Valentziako atzelari bati jo ostean, baloia Iñaki Williamsek errematatu du buruz. Pozoituta iritsi da baloia, baina Mamardaxvilik eskua atera du, eta baloia ez da sareetara sartu.
Hurrengo minutuetan Valentzia izan da erasoan aritu dena, baina ez da asko gerturatu Agirrezabalaren atera. 32.ean, berriz ere Iñaki Williamsek arrisku egoera bat sortu du. Area barruraino sartu da, eta atzean zegoen Gurutzetari egin dio pasea; horrek, ordea, atearen erdi-erdira jaurti du. Arazorik gabe geratu du atezainak.
Atsedenaldira iristear zirela, De Marcosek ezinezkoa zirudien erdiraketa bat egin du. Penalti puntutik errematatu du Beñat Pradosek, eta, zutoina ukitu ostean, Valentziaren atea zeharkatu du baloiak. Pradosek Athleticekin sartutako lehen gola izan da. Horrela iritsi dira atsedenaldira: Athletic jokoan nagusi, eta markagailuan ere bai, 1-0.
Bigarren zatiaren hasiera parekatuagoa izan bada ere, segituan itzuli da agintera etxeko taldea. Halere, Valentzia zenbaitetan iritsi da Agirrezabalaren atera. Rioja izan da jokaldirik arriskutsuenak sortu dituen jokalaria, baina ez dute lortu Agirrezabala estuasunetan jartzerik. Valverderen taldea izan da bigarren zatian ere gol aukera gehien sortu dituena.
83. minutuan area barruraino iritsi da Nico Williams, jaurtiketa ona egin du, baina are eta hobe geratu du Mamardaxvilik. Hurrengo jokaldietan ere partida errematatzeko aukera eduki du etxeko taldeak, baina ez dute lortu bigarren gola egiterik.
Azkenera arte berdintzeko aukera eduki dute Valentziakoek. 90. minutuan bertan, Dani Gomez berdinketaren gola sartzeko zorian egon da, baina jokoz kanpo zegoen. Gero, Athleticeko zaleen tentsioa areagotzeko, epaileak hiru minutu gehitu ditu. Eta, geroago, beste minutu bat. Halere, Valentziak ez du lortu zuri-gorrien nagusitasunari aurre egiterik, eta 1-0 amaitu da partida. Partidako jokalaririk onena Mamardaxvili Valentziako atezaina izendatu dute.
Larunbatean jokatuko dute hurrengo partida. Gaur bezala, San Mamesen izango da, arratsaldeko zazpietan eta Atletico Madrilen aurka.
Nuñez, utzita
Bizkaiko taldeak gaur bertan iragarri du Unai Nuñezen itzulera. Portugaleteko erdiko atzelariak azken bi denboraldiak Celtan egin ditu. Aurretik, bost urtez aritu zen Athleticen. Utzita arituko da ekainaren 30era arte, orduan, Athleticek jokalaria erosteko aukera edukiko du. 27 urteko jokalariak, besteak beste, Espainiako Superkopa irabazi zuen Athleticekin, 2021ean. Orain, berriz ere elastiko zuri-gorria jantziko du taldearen defentsa indartzeko asmoz. Bihar bertan egingo du lehen lan saioa Lezaman.
Beste fitxaketa baten berri ere eman dute. Maite Valero Athleticeko jokalaria izango da. Orain arte Osasunan aritu den 20 urteko erdi-punta nafarra David Aznarren aginduetara arituko da.