Futbola

David Aznarrek kontratua berritu du Athleticekin, 2025era arte

Talaverako entrenatzaileak beste urtebetez jarraituko du Lezaman, bere estreinako urtean helburuak «aise» bete ostean. Sasoi hasieran iritsi zen Bilbora, Iraia Iturregik utzitako hutsunea betetzera.

David Aznar, Lezaman. MARISOL RAMIREZ/FOKU
David Aznar, Lezaman. MARISOL RAMIREZ/FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2024ko ekainaren 6a
11:35
Entzun

David Aznarrek eta Athleticek elkar lotzen zituen kontratua berritu dute, beste denboraldi batez. Zuri-gorrien entrenatzailea iragan udan iritsi zen Lezamara, eta helburuak «aise» bete dituela nabarmendu du klubak, zabaldutako oharrean. Gaur bertan sinatu dute kontratua bi aldeek, Ibaiganen, eta bertan izan dira Aznar bera, Jon Uriarte presidentea eta Xabier Arrieta kirol zuzendaria.

Iraia Iturregiren aulkia hutsik gelditu zenean fitxatu zuen Aznar Athleticek. Talaveran (Espainia) jaiotako entrenatzailea aukeratu zuen klubak «trantsizio urteari» aurre egiteko. Alor horretan «eragin aparta» izan duela azpimarratu nahi izan du klubak. Izan ere, espainiarrak ez du lan makala egin. Liga amaitzeko bi jardunaldi gelditzen diren honetan, seigarren postuan daude zuri-gorriak, Madril CFF bosgarren sailkatuarekin berdinduta. Gainera, etxean puntu gehien batu duten taldeen artean bigarrena da Athletic. Lezaman jokatutako hamalau partidetatik 11 irabazi ditu, eta Bartzelonak soilik hobetu du marka hori. Kopan ere ibilbide luzea egin du Athleticek. Finalerdietara iritsi zen, tartean Granada, Madril CFF eta Tenerife kanporatuta. Finalerdietan, ordea, Bartzelonak menderatu zuen.

Teknikaria «oso pozik» agertu da Ibaiganen, kontratua sinatu ostean: «Hona etorri nintzenetik klubaren harrera bikaina izan da. Zoriontsua naiz nagoen tokian, eta, egia esan, oso pozik nago beste denboraldi batez hemen jarraitzeko aukera izango dudalako». Kluba bizitzen ari den garaia, proiektuaren nondik norakoak eta bertako lankideekin daukan harremana goraipatzeko ere hartu du tartea: «Pribilegiatua sentitzen naiz kirol arloan izan dudan garairik onenetako batez gozatzen jarraitzeagatik. Asko hunkitu nau Athleticen egoteak, Lezama zer den bizitzeak eta jendearekin konektatzeak, eta ilusio handia egiten didate daukagun jokalari taldeak eta proiektuak».

Bi neurketa falta zaizkio Athletici denboraldia amaitzeko. Lehenik, Real Madrilen aurka lehiatuko da, igandean (18:30), eta, ekainaren 16an, igandea, Sevillaren bisita jasoko dute. Neurketa San Mamesen jokatuko da, eta, sasoia agurtzeaz gainera, Garazi Murua kapitaina ere agurtuko dute. Izan ere, atzelariak erretiroa hartuko du sasoia amaitzean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.